Segurtasun Saila

Konpartitu

Boto elektronikoa. Elektronikoki Kudeatutako Mahaia

Elektronikoki Kudeatutako Mahaia

Espainiako Gobernuak emandako informazioaren arabera, Elektronikoki Kudeatutako Mahai sistema berria Hauteskunde-mahaietako zereginak elektronikoki kudeatzeko prozedura erraza da. Apurka-apurka, Espainiako Estatuaren eskumeneko hauteskunde prozesuetan ezarri nahi da.

 

Helburuak

Elektronikoki Administraturiko Hauteslekuak helburu hauek ditu:

  • Hauteskundeetako Aktak eta gainerako dokumentuak idaztean egin ohi diren akatsak gutxitzea.
  • Behin-behineko kontaketaren ziurtasuna eta fidagarritasuna handitzea, boto-txartel baliogabetuak eta aurka egindakoak kenduta, behin betikoarekin bat etor dadin.
  • Hauteskunde-mahaietako kideek egin beharreko zereginak azkartu, bizkortu eta fidagarriago egitea.
  • Baliabide informatikoak erabiliz, Mahaitik zuzenean, Gobernuaren Informazioa Jasotzeko Zentrora igortzea parte-hartze datuak eta behin-behineko kontaketa; horrela, eskuz idazteak dakartzan errakuntzak saihesten dira.
  • Boto-txartelik faltako balitz, erantzun azkarra eman ahal izatea Hauteslekuan bertan inprimatuta.
  • Kostuetan aurreztea paper-kontsumoa murriztuz; alde batetik, boto-txartel gutxiago behar delako eta, bestetik, hauteskundeetako dokumentazio gutxiago argitaratu eta banatu behar delako.
  • Behar den esperientzia hartzea, hauteskunde prozesuetan aldaketa juridikoak eta teknikoak proposatu ahal izateko, betiere seguruagoak eta fidagarriagoak izan daitezen.

Tresneria

Hauteskunde-mahaiek tresna informatikoak izango dituzte, bertan egin beharreko zereginak sinplifikatu eta errazteko. Hona hemen tresneria informatikoa:

  • PC bat, e-NAN irakurgailua duena; GPRS modema eta dagokion aplikazio informatikoa.
  • TFT pantaila osagarria.
  • Laser inprimagailua, elikatzeko erretilu bi dituena.
  • Barra-kodeen irakurgailua.
  • Sagua.
  • Pendrive bat, Hautesle Erroldako Bulegoak Mahai bakoitzari emandakoa; errolda hori zifratuta dago eta ezin daiteke deszifratu errolda horri dagokion Mahaiko PCn instalatuta dagoen aplikazio informatikoa erabiltzen ez bada.

Funtzionamendua

Modu eskematikoan adierazita, hauek izango lirateke Informatika bidez lagundutako Hauteskunde-mahaietako kideen zereginak:

  • Mahaia eratzen den unean, Presidenteak pendrivea sartzen du PCren USB konexioan. Hautesle Erroldako Bulegoak emandako pendrive horretan, mahai horri dagokion erroldari buruzko informazioa dago, behar bezala zifratuta, eta hauteskunde-prozesuko aplikazioa abiarazteko balio du.
  • Mahaiko Hautesle Errolda PCn instalatu ondoren, Mahaikideek beren datu pertsonalak sartuko dituzte behin bakarrik; gero, datu horiek automatikoki agertuko dira PCko inprimagailuan inprimatzen diren hauteskundeetako dokumentazio guztian; hau da, eraketa Aktan, boto-emaileen zerrenda zenbakituan, zenbaketa Aktan eta bilkura Aktan, baita boto-emaileek eskatzen dituzten bozketa-ziurtagirietan ere.
  • Bozketa prozesuan, boto-emailea bere NANaren bidez identifikatzen denean, mahaikide batek PCn instalatutako aplikazioan bilatuko du, izen-abizenen arabera edo NAN zenbakiaren bidez, eta botoa eman duela idatziko du Presidenteak boto-txartela hautestontzian sartzen duenean. Boto-emaileak e-NANa baldin badauka, irakurgailuan sartu dezake agiri hori erroldan identifikatzeko.
  • Edozein arrazoirengatik, hauteskunde prozesuan hautagai-zerrenda baten boto-txartelak agortuko balira, txartel gehiago inprimatu daitezke PCn instalatutako aplikazioaren bidez.
  • Bozketa prozesuan, PCtik zuzenean bidaliko dira, Informazioa Biltzeko Gobernuaren Zentrora, Mahaia eratzeari eta parte-hartzeari buruzko datuak; zer parte-hartze izan den 14:00etan, 18:00etan eta 20:00etan; horrela, Administrazioko Ordezkariak ez du ibili behar datuei buruz galdezka, eskuz idazten, eta gero, telefonoz edo PDAz bidaltzen.
  • Bozketa amaitu eta gero, ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 95.4 artikuluaren arabera, honela egin behar da zenbaketa: "Presidenteak banan-banan aterako ditu dagokion hautestontziko boto-txartelak eta ozen irakurriko du hautagaitzaren izena edo botoa jaso duen hautagaiarena"; aldi berean, boto-txartelen barra-kodeak irakurriko ditu; horrela, PCn idatzita gelditzen da hautagaitza bakoitzari dagokion datua.
  • Behin-behineko zenbaketa amaitzen denean, Aktak egingo dira; inprimagailuan inprimatu, eskuz izenpetu eta legeak ezarritako bidetik igorriko zaizkie eskumena duten hauteskunde Batzordeei.
  • Hautagaitza bakoitzak lortu duen boto kopuruari buruzko datuak Informazioa Biltzeko Gobernuaren Zentrora bidaltzen dira; horrela, Administrazioaren Ordezkariak ez du ibili behar datuei buruz galdezka, idazten eta Zentro horretara telefonoz edo PDAz bidaltzen, datuak eskuz idatzi beharrak akatsak egiteko arriskua baitauka.

Egindako esperientziak

2008KO DIPUTATU ETA SENATARIEN HAUTAKETA

2008an, Diputatuak eta Senatariak hautatzeko egin ziren hauteskundeetan, Hauteskunde Batzorde Zentralak baimena eman zuen, 2008ko urtarrilaren 24an, "Elektronikoki Administraturiko Hautesleku" proiektuaren esperientzia pilotua egiteko Alcobendas, Toledo eta Valladolideko hiru hauteskunde Mahaitan.

2009KO EUROPAKO HAUTESKUNDEAK

Lleida, Pontevedra eta Salamancako hiriburuetan, Mahaiaren zereginak elektronikoki administratzeko prozedura berria erabili zen. Sistema berriak barra-kode bat dauka txertatuta boto-txarteletan, azken zenbaketa automatizatzeko; gainera, NAN elektroniko berriarekin eman zitekeen botoa. Horregatik, PC bana jarri zen Mahai bakoitzean, inprimagailuz eta barra-kodeak irakurtzeko gailu batez hornituta. Metodo horrek Mahaiaren errolda USB memoria batean instalatzeko aukera ematen zuen; horrela, errazago identifikatu ahal ziren boto-emaileak, boto-txartelak agortuz gero berriak inprimatu edo Mahaiaren inprimakiak behar bezala beteta eta akatsik gabe atera, eta automatikoki bidali behin-behineko emaitzak.

Lleidan 43 hauteslekutako 146 mahaitan ezarri zen sistema hori; Pontevedran 43 hauteslekutako 105 mahaitan; eta Salamancan, 68 hauteslekutako 210 mahaitan. Hauteskunde-mahai bakoitzak Administrazioko arduradun bat eta hauteskunde-prozeduraz arduratzen zen enpresako (INDRA) teknikari baten laguntza izan zuen, sistema elektronikoak behar bezala funtzionatu zezan.

Salamancan, zenbait erakundetako kidez osaturiko nazioarteko ordezkari-talde batek (NBE, ELGA, eta Herrialde Islamiarren Elkartea) jarraipena egin zion sistema elektronikoari. Horien esanetan, EAH-ren "erabilgarritasuna eta gardentasuna" azpimarratu behar da, bai eta tresna horrek hauteskunde-prozesuen kalitatea hobetzeko duen gaitasuna ere. Kontsulta egin zaien komunikabideen esanetan, EAH sistemak ondo funtzionatu zuen, arazo aipagarririk gabe. Salamancan Mahai bakar bat geratu zen Elektronikoki Administraturiko Hauteslekua erabili gabe, eta eskuz egin zen bozketa; beste Mahai batean, ezin izan ziren datuak automatikoki bidali, eta telefonoz bidali behar izan ziren.

Pontevedran, Mahaietako presidenteen %96k arazorik gabe bete zituzten euren zereginak eta lau gertakari izan ziren: kasu bitan, bozketa prozesua normaltasunez egin zuten aplikazio informatikoa erabiliz, baina ezin izan zituzten datuak bidali Informazioa Biltzeko Gobernuaren Zentrora estaldurarik ez zegoelako; beste bitan, datu-basea hondatu zen eta Mahaiak prozesua eskuz egitea erabaki zuen. Lleidan, 146 mahaitan erabili zen EAH sistema. Horien guztien artetik mahai bakar batean egon zen arazo informatikoa. Ezin izan zuten konpondu, eta azkenean ohiko bozketa-sisteman erabili zuten.

2010EKO KATALUNIAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Elektronikoki Administratutako Botoa (CAE) zazpi udalerritan ezarri zen: El Prat de Llobregat, Vic, La Bisbal d'Empordà, Lleida, La Seu d'Urgell, Montblanc, Tortosa. Kudeaketa elektronikoa 101 hauteskunde-kolegiotan eta 339 mahaitan erabili zen, eta 1.356 pertsonaren parte-hartzea eskatu zuen (4 pertsona mahai bakoitzean). Denak ondo ibili ziren, Lleidan ezarritakoa izan ezik, EINen errolda-txartelarekin izandako arazo baten ondorioz, bozkatzeko ohiko sistema erabili behar izan baitzen bertan.

Azken aldaketako data: