Arautegia
Inprimatu231/2011 DEKRETUA, azaroaren 8koa, ikus-entzunezko komunikazioari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 222
- Hurrenkera-zk.: 5689
- Xedapen-zk.: 231
- Xedapen-data: 2011/11/08
- Argitaratze-data: 2011/11/23
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorrak arau-testu bakar batean jaso zuen ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko oinarrizko araubidea.
Legeak ekarritako berrikuntzen artean, izaera komertziala eta komunitarioa duten ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen liberalizazioa nabarmentzen da eta, horrenbestez, interes orokorreko zerbitzutzat jotzen dira. Edozelan ere, interes orokorreko zerbitzu horiek operadore publikoek ematen duten ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoarekin batera daude.
Aipatutako legearen arabera, izaera komertziala eta komunitarioa duten ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak emateko, aldez aurreko jakinarazpena beharrezkoa izango da. Zerbitzu horiek lurreko uhin hertziarren bitartez ematen direnean, aldez aurretik lehiaketa bidezko lizentzia beharko dute. Lehiaketa hori araudi sektorialaren arabera egin beharko da eta, osagarri moduan, ondareari buruzko araudiaren arabera, jada ez baita aplikagarri kontratazioarena.
Konfigurazio berri horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren ordenamendu juridikoan jasotako funtsezko alderdiak baztertzea dakar. Ondorioz, beharrezkoa da irrati eta telebistari buruzko araubidea arau-testu bakar batean eguneratzea, bai eta Euskadiko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren sektoreak dituen behar bereziei egokitzea ere, Autonomia Estatutuaren 19. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari gizarte hedabideen alorrean ematen dizkion eskumenak aintzat hartuta.
Horiek horrela, Dekretuak bere xedea eta aplikazio-eremua zehazten ditu; araubide espezifiko bat jasotzen du zerbitzuaren kategoria bakoitzeko komertziala, komunitarioa eta publikoa; ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu-emaileen Erregistroa sortu, eta antolamendu eta funtzionamendu-arauak ezartzen ditu; eta, azkenik, zehatzeko ahala egikaritzeko beharrezko arauak jasotzen ditu.
Ondorioz, behin nahitaezko txostenak emanez gero eta Kulturako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko azaroaren 8koa bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honen helburua da ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko araubide juridikoa ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegokoari dagozkion eskumenen esparruan.
Dekretu hau aplikatzeko, martxoaren 31ko Ikus-entzunezko komunikazioaren 7/2010 Lege Orokorraren 2. artikuluan jasotako definizioak hartuko dira kontuan.
Dekretu honen aplikazio-eremuan sartzen dira Euskadiko Autonomia Erkidegoaren lurraldeaz gaindiko estaldura ez duten ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu komertzialak, komunitarioak eta publikoak, seinaleak modu naturalean lurralde hori gainditzearen kalterik gabe.
Dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira:
Ikus-entzunezko komunikazioaren seinalea garraiatzeko eta hedatzeko erabilitako komunikazio elektronikoen sareak eta zerbitzuak, horiei lotutako baliabideak eta ikus-entzunezko komunikazioa jasotzeko beharrezkoak diren ekipo teknikoak.
Ikus-entzunezko programazioaren erantzukizun editoriala beste batzuena izanik ere, programa horien seinalea soilik hedatzen edo garraiatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak.
Izaera ekonomikorik ez duten ikus-entzunezko komunikazioak, salbu eta dekretu honetan aipatutako irabazi asmorik gabeko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu komunitarioak, bai eta masa-hedabideak ez direnak ere, hau da, hartzaile kopuru handi bati zuzenduta ez dauden eta hartzaile horiengan eragin argia ez dutenak, eta, oro har, audientzia berari begira lehiatzen ez den beste edozein jarduera.
Titulartasun pribatuko webguneak eta erabiltzaile pribatuek sortutako ikus-entzunezko edukia dutenak.
Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa, berariazko araudiaren mende dagoena.
Zerbitzua emateko, jarduera hasi aurretik ikus-entzunezko komunikazioaren arloko organo eskudunari jakinarazi beharko zaio modu frogagarrian.
Zerbitzu horiek lurreko uhin hertziarren bitartez ematen direnean, aldez aurretik lehiaketa bidezko lizentzia beharko dute.
1. ATALA
ALDEZ AURREKO JAKINARAZPENAK
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko aldez aurreko jakinarazpen frogagarria bakarrik behar denean, jakinarazpen hori ikus-entzunezko komunikazioaren arloko organo eskudunari igorri beharko zaio.
Jakinarazpena idatziz egingo da eta, horrekin batera, dekretu honen V. kapituluan aipatutako Euskadiko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu-emaileen Erregistroan agertu behar duten datuei buruzko dokumentazio egiaztatzailea aurkeztuko da, dokumentazio hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren esku badago izan ezik.
Era berean, indarreko legediak ikus-entzunezko ordena publikoaren arrazoiengatik ezartzen dituen mugetako bat ere ezarri ez dela dioen erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko da.
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua hilabeteko epea igarota eman ahal izango da, aldez aurreko jakinarazpena aurkezten denetik zenbatzen hasita, baldin eta ikus-entzunezko komunikazioaren arloko organo eskudunak modu arrazoituan ados ez dagoela jakinarazten ez badu.
Aurreko idatz zatian ezarritako epean, organo eskudunak zuzentzeko moduko akatsak edo hutsak ikusten baditu, aldez aurreko jakinarazpena egin duenari eskakizuna egingo dio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo dio, horrela egiten ez badu, aldez aurreko jakinarazpen horrek ez duela ondoriorik izango.
Aurreko idatzi-zatian aipatutako eskakizunaren jakinarazpenak 1. idatzi-zatian adierazitako hilabeteko epea etengo du, interesdunari eskakizuna jakinarazten zaionetik agindutakoa bete arte, edo, bestela, emandako epea amaitu arte.
2. ATALA
LIZENTZIAK
Lurreko uhin hertziarren bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko lizentziak lehiaketa publiko bidez esleituko dira, eta, horretarako, estatuko oinarrizko araudia aintzat hartuko da, bai eta dekretu hau eta, osagarri modura, Euskal Autonomia Erkidegoaren ondareari buruzko legedia ere.
Jaurlaritzaren Kontseiluari dagokio lehiaketaren oinarriak onestea.
Lehiaketaren oinarriek, gutxienez, honako elementu hauek izango dituzte:
Eman behar diren lizentziak, zerbitzu-eremua eta ezaugarri teknikoak;
Zerbitzua emateko baldintzak, oinarrizkotzat jotzen direnak zehaztuz;
Hala dagokionean, euskara hutsean emititzeko erreserbatutako lizentzien kopurua;
Baldintzak eta gaitasun juridikoa egiaztatzeko agiriak;
Balorazio-irizpideak eta horien haztapena; bai eta, hala badagokio, ezartzen diren gutxieneko mugak ere;
Hala dagokionean, jarri beharreko bermeak; eta
Balorazio-mahaiaren osaera.
Oinarriak onetsi eta hilabeteko epearen barruan lizentziak emateko lehiaketaren deialdia egingo da, Kulturako sailburuaren agindu bidez. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Lehiaketaren deialdia Plan Tekniko Nazionaletan Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako frekuentzia edo multiplex digital erabilgarri guztiei dagozkien lizentziak emateko egingo da, baldin eta irrati edo telebista difusiorako zerbitzu publikora atxiki ez badira.
Deialdi horrek aditzera emango du lehiaketaren oinarriak zein bitarteko elektronikotan eta administrazio-bulegotan egongo diren eskuragarri.
Telebista-komunikazio zerbitzuaren lizentziak esleitzeko lehiaketetan, gutxienez lizentzia bat erreserbatuko da euskara hutsean emititzeko zerbitzu-eremu bakoitzean, betiere esleitu beharreko lizentzien kopurua hiru baino handiagoa bada.
Irrati-komunikazio zerbitzuaren lizentziak esleitzeko lehiaketetan, gutxienez lizentzien heren bat erreserbatuko da euskara hutsean emititzeko estaldura-eremu bakoitzean, zerbitzu-eremuko populazioa 100.000 biztanletik gorakoa denean, baldin eta esleitu beharreko lizentzien kopurua bi baino handiagoa bada.
Irrati-komunikazio zerbitzuaren lizentziak esleitzeko lehiaketetan gutxienez lizentzia bat erreserbatuko da euskara hutsean emititzeko estaldura-eremu bakoitzean, zerbitzu-eremuko populazioa 100.000 biztanletik beherakoa denean, baldin eta esleitu beharreko lizentzien kopurua bi edo handiagoa bada.
Artikulu honetako 2. eta 3. idatzi-zatietan jasotako formulak aplikatzearen ondorioz lizentzien kopurua zenbaki hamartar bat ateratzen bada, zenbaki horretatik gertuen dagoen zenbaki osoa izango da euskara hutsean emititzeko irrati-komunikazio zerbitzuaren lizentzien gutxieneko kopurua.
Aurreko idatzi-zatietan aipatutako erreserbek ez dute inolako ondoriorik izango euskara hutsezko emisioa emango duen eskaintzarik aurkezten ez bada edo, euskara hutsezko emisioak bermatuta ere, zerbitzuaren beharrizanak ez badituzte asetzen, oinarriek ezarritako mugen arabera.
Lizentziak esleitzeko, honako irizpide hauek baloratuko dira, lehiaketaren oinarrietan ezarritako ponderazioaren arabera:
Programazio-proposamena.
Proposamen ekonomikoa eta egiturazkoa.
Proposamen teknologikoa.
Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu-emaileen eskaintzaren aniztasunari egiten dion ekarpena.
Enplegua sustatzea.
Euskarazko programazioa emititzeko konpromisoa.
Martxoaren 31ko Ikus-entzunezko komunikazioaren 7/2010 Lege Orokorraren 28.3 artikuluan aurreikusitako kasuan, deialdiaren oinarrietan lehiakideen esperientzia eta kaudimena jasoko dira, bai eta lizentzia ustiatzeko dituzten baliabideak ere, esleitzeko irizpideen artean.
Interesdunek lehiaketaren oinarrietan finkatutako epearen barruan aurkeztuko dute bere eskaintza, eta epe hori ez da egutegiko 30 egunetik beherakoa izango deialdia argitaratzen denetik.
Eskaintzak banakatuta aurkeztuko dira, aukeratzen diren lizentzien arabera. Lizentzia bat baino gehiago eskatzen direnean, aski izango da lehiaketan parte hartzeko betekizunak eta gaitasun juridikoa egiaztatzen dituen dokumentazioa behin bakarrik aurkeztea. Horretarako, espresuki adierazi behar da aukera horretaz baliatzen dela beste eskaintza guztietan, bai eta horietariko zeinetan sartu den dokumentazio hori ere.
Interesdunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute, ordena publikoaren arrazoiengatik eta ikus-entzunezko merkatuaren aniztasunari eusteko arrazoiengatik oinarrizko arautegiak ezarritako mugen barruan ez daudela egiaztatzen duen dokumentazioaren ordez, lehiaketaren oinarrietan ezartzen den moduan.
Balorazio-mahaia Jaurlaritzaren Kontseiluak izendatutako bost kidek osatuko dute. Horietako bi Kontrol Ekonomikoko Bulegoko kontu-hartzaile bat eta Informatika eta Telekomunikazioetako Zuzendaritzako teknikari bat izango dira, dagokien sailek proposatuta. Gainontzeko kideak Kultura Sailak proposatuko ditu.
Balorazio-mahaiak kanpoko aholkulariak bileretara bertaratzea eska dezake prozesuaren edozein unetan, hitz egiteko bai baina botoa emateko aukerarik gabe.
Balorazio-mahaiak egoki iritzitako txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu.
Balorazio-mahaiak eskaera aztertuko du, bai eta betekizunak eta gaitasun juridikoa egiaztatzen duten agiriak ere, eta zuzentzeko moduko akatsak edo hutsak ikusten baditu, interesdunari eskakizuna egingo dio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo dio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.
Eskaerak aurkezteko epea eta, hala dagokionean, zuzenketak egitekoa, igaroz gero, Balorazio-mahaiak erabaki bidez zehaztuko du zein lizitatzaile geratu diren lehiaketatik baztertuta, ikus-entzunezko komunikazioaren lizentzien titular izateko beharrezko gaitasun-baldintzak egiaztatu ez izanagatik.
Balorazio-mahaiari dagokio ezarritako irizpideen araberako eskaintzen balorazioa egitea, bai eta esleitu beharreko lizentzia bakoitza emateko proposamena egitea ere.
Jasotako eskaintza teknikoek zerbitzuaren beharrizanak asetzea bermatzen ez badute Balorazio-mahaiak eman gabe utziko ditu kausan kasuko lizentziak. Alde horretatik, eskaintza tekniko batek zerbitzuaren beharrizanak asetzea bermatzen ez duela ulertuko da baldin eta oinarrietan ezarritako gutxieneko puntuazio mugarria lortzen ez badu.
Lizentziak emateko proposamena egin ostean, Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztu aurretik, Balorazio-mahaiak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko agiriak aurkezteko eskatuko du, bai eta lehiaketaren oinarrietan zehaztutako beste edozein agiri ere. Era berean, Balorazio-mahaiak eskatuko du bai ikus-entzunezko ordena publikoaren arrazoiengatik, bai ikus-entzunezko merkatuaren aniztasunari eusteko arrazoiengatik, indarrean dauden mugetako bat ere ezarri ez dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko, aurretik aipatutako epean.
Epe horretan lizentziaren titular izateko betekizunak egiaztatu ez badira, lizentzia hurrengo lizitatzaileari ematea proposatuko da, betiere hori posible denean eta lizitatzaile berriak ados dagoela adierazi badu. Kasu horretan, azken lizitatzaile horri aurreko idatz -zatian aipatutakoa betetzeko hamabost eguneko epea emango zaio.
Jaurlaritzaren Kontseiluak, Kulturako sailburuak proposatuta eta Balorazio-mahaiak egindako proposamena ikusita, lizentziak ematea erabakiko du.
Lehiaketa ebazten duen egintza interesdunei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, lizentziei dagozkien parametro teknikoak zehaztuta.
Lehiaketaren ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da. Epe hori ebazpena jakinarazi gabe igarota, interesdunek ezetsitzat jo ditzakete haien eskaerak.
Behin lizentzia eman dela jakinaraziz gero, hilabeteko epean bidezko administrazio-agiria sinatuko da. Agiri horri lizitatzaileak eskaintza teknikoan hartutako konpromisoak gehituko zaizkio, eta zerbitzu-emailearentzat nahitaez bete beharrekoak izango dira.
Lizentziak emisioaren zerbitzu-eremua zehaztu beharko du, bai eta esleitutako ezaugarri teknikoak ere.
Lizentzia ematearekin batera doa jabari publiko irrati-elektrikoaren erabilera pribatiboa ere, Estatuak ezarritako planifikazioaren arabera. Egiten diren hobekuntza teknologikoen ondorioz ikus-entzunezko komunikaziorako jabari publikoaren aprobetxamendua areagotzen bada, horrek ez du biderik emango lizentzian ezarritako baldintzak gainditzeko.
Irrati-difusioaren jabari publikoa erabili aurretik, beharrezkoa izango da instalazioak ikuskatzea edo aztertzea, aldez aurretik baimendutako baldintzetara egokitzen direla egiaztatzeko.
Ikus-entzunezko komunikazioaren gaineko lizentziak xedetzat duten negozio juridikoek ikus-entzunezko komunikazio arloko organo eskudunaren aldez aurreko baimena beharko dute, eta negozio horietarako legez ezarritako tasa ordaindu beharko da.
Baimen-eskaerarekin batera agiri pribatu bat aurkeztu beharko da, non aldeek negozio juridikoa burutzeko borondatea adieraziko duten, bai eta betearazteko modua, epea eta baldintzak ere; edo, bestela, agiri publiko bat aurkez daiteke, berariaz adieraziko duena ikus-entzunezko komunikazioan eskuduna den organoaren baimenaren mende dagoela. Era berean, espedientearen instrukziorako edo ebazpenerako beharrezkoa den beste edozein argibide edo agiri eskatu ahal izango da.
Baimen hori bakarrik ukatu ahal izango da eskatzaileak legeak ezarritako baldintza guztiak betetzen ez baditu edo aurreko titularraren betebehar guztietan subrogatzen ez bada.
Eskualdatze eta errentamenduetarako, gainera, oinarrizko legedian ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Ikus-entzunezko lizentziak hamabost urterako emango dira.
Lizentziak gerora modu automatikoan berrituko dira, hasieran ezarritako epe berdinerako eta legez ezarritako baldintzen arabera.
Legez irabazi-asmorik gabeko izaera duten erakunde pribatuek irabazi asmorik gabeko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu komunitarioak eman ditzakete, komunitateen eta gizarte taldeen beharrizan sozial, kultural eta komunikatibo espezifikoei erantzuteko, bai eta herritarren partaidetza eta elkarteen egitura-sarea sustatzeko ere.
Zerbitzu hori emateko, aldez aurretik Jaurlaritzaren Kontseiluaren lizentzia beharko da, aurreko kapituluan xedatutakoarekin bat etorriz egindako lehiaketa publiko bidez esleituko dena, Estatuko Administrazio Orokorrak erabilgarritzat jotako jabari publiko erradioelektrikoaren arabera.
Jabari publiko irrati-elektrikoa erabili aurretik, instalazioak ikuskatzea edo aztertzea beharrezkoa izango da, aldez aurretik baimendutako baldintzei egokituta daudela egiaztatzeko.
Lizentziak beti eutsiko dio irabazi-asmorik gabeko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu komunitarioaren jatorrizko izaerari, eta ezin izango da eskualdatu edo errentan eman.
Zerbitzu horiek ematen dituzten erakundeek haien diru-funtsak nondik datozen justifikatu beharko dute, bai eta, halakorik egonez gero, gastu eta diru-sarreren xehekapena ere, bidezko memoria ekonomikoa aurkeztuta.
Ikus-entzunezko komunikazioaren arloko organo eskudunak zerbitzua ematen duten erakundeen finantza-kudeaketa ebaluatzeko txostena emango du.
Euskal Autonomia Erkidegoko toki erakundeek ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa ematea erabaki dezakete.
Kultura Sailari dagokio ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa emateko gaikuntza-titulua esleitzea.
Irrati-difusioaren jabari publikoa erabili aurretik, beharrezkoa izango da instalazioak ikuskatzea edo aztertzea, aldez aurretik baimendutako baldintzetara egokitzen direla egiaztatzeko.
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren emaileei dagokie Euskal Autonomia Erkidegoko berezitasun kultural eta linguistikoaren babesa sustatzea, tolerantzia bultzatzea eta bizikidetza baketsua indartzea, gizon-emakumeen arteko berdintasuna sustatzea eta indarkeria sexista errotik kentzen laguntzea, bai eta ezagutza, artea eta zientziak hedatzeari arreta berezia jartzea ere.
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren emaileek zerbitzu-eremuko euskaldunen indizearekin bat datorren euskararen presentzia bermatuko dute gutxienez, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako mapa soziolinguistikoan jasotako azken datuen arabera.
Toki erakundeen gobernu-organoei dagokie zerbitzu publikoaren edukiak identifikatzea, bai zerbitzu publikoaren kudeaketa eta eginkizuna kontrolatzea ere.
Euskadiko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu-emaileen Erregistroa eratzen da, ikus-entzunezko komunikazioaren arloan eskuduna den organoari atxikita.
Euskadiko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu-emaileen Erregistroak izaera publikoa du, bakarra da autonomia lurraldearen eremuan, eta haren inskripzioak adierazpen hutsezkoak dira.
Erregistroak euskarri informatikoa izango du eta, egoki eta zuzen funtzionatzeko, komenigarriak diren liburu osagarriak edo artxiboak sortuko dira.
Beharrezkoa ikusten bada, dokumentazioaren paperezko euskarriaren ordez prozedura optiko edo informatikoak erabili ahal izango dira, betiere ezinbesteko bermeak betetzen badira.
Euskadiko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu-emaileen Erregistroan dekretu honen mende dauden ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu-emaileak inskribatuko dira.
Era berean, martxoaren 31ko Ikus-entzunezko komunikazioaren 7/2010 Lege Orokorraren 33. artikuluko 2. idatz zatiaren arabera, ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu-emaileetan partaidetza esanguratsuen titularrak ere inskribatu beharko dira, eta kapitalean duten portzentajea adieraziko da.
Erregistroa honela dago egituratuta:
Lurreko uhinen bidezko irrati-komunikazioaren zerbitzu-emaileen inskripzio-liburua.
Lurreko uhinen bidezko telebista-komunikazioaren zerbitzu-emaileen inskripzio-liburua.
Aldez aurreko jakinarazpena egin behar duten ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu-emaileen inskripzio-liburua.
Inskripzio liburuak hiru ataletan banatzen dira: zerbitzu-emaile komertzialei buruzkoa, zerbitzu-emaile komunitarioei buruzkoa eta zerbitzu-emaile publikoei buruzkoa.
Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu-emaileei dagokienez, gutxienez, honako datu hauek erregistratuko dira:
Izen-abizenak edo, pertsona fisikoa izan ezean, izena edo izen soziala, eta nazionalitatea.
Identifikazio fiskalaren zenbakia.
Jakinarazpenetarako helbidea.
Legezko ordezkariaren identifikazioa eta egiaztatzea, hala dagokionean.
Zerbitzu-emailearen izen komertziala eta helbidea.
Dagokion erregistroan egindako inskripzioari buruzko datuak, legez beharrezkoa bada.
Zuzendariaren izen-abizenak.
Kapital sozialean partaidetza kopuru esanguratsua duten titularren izen-abizenak edo, hala dagokionean, izena edo izen soziala, eta identifikazio fiskalaren zenbakia. Gainera, titular bakoitzak zuzenean edo zeharka duen portzentajea adieraziko da.
Ikus-entzunezko komunikazioaren beste zerbitzu-emaile batzuekiko dituzten loturak.
Irabazi asmorik gabeko erakunde eta erakunde publiko zerbitzu-emaileen kasuan, erakundeon izaera juridikoaren arabera bidezkoak diren datuak jaso beharko dira. Adierazitako datuez gain, irabazi asmorik gabeko zerbitzu-emaile komunitarioei dagozkien ataletan, zerbitzu-emaile horien memoria ekonomikoak gordailutuko dira.
Lurreko uhinen bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuari dagokionez, honako datu hauek jasoko dira:
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren ezaugarri teknikoak.
Programazioaren ezaugarriak.
Gaikuntza-titulua ematea.
Gaikuntza-titulua berritzea.
Gaikuntza-titulua azkentzea.
Aldez aurreko jakinarazpena behar duen ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuari dagokionez, honako datu hauek jasoko dira:
Hedapenerako erabilitako teknologia.
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua hedatzen duen zerbitzu-emailearen identifikazioa, baldin eta aldez aurreko jakinarazpena ematen duen zerbitzu-emaileaz beste pertsona bat bada.
Programazioaren ezaugarriak.
Idazpenak egiteko prozedura interesdunaren eskariz edo ofizioz hasiko da, ondorengo idatzi-zatietan adierazitakoari jarraiki.
Behin lizentzia emanez gero, edo behin 5. artikuluaren arabera aldez aurreko jakinarazpenak ondorioak izanez gero, ofizioz egingo da lehen inskripzioa Erregistroan, hala zerbitzu-emaileari nola ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuari dagokiena.
Lehen inskripzioa egin ondoren, Erregistroan jaso beharreko egintza edo egitateen inguruko gorabeheraren bat aldatuz gero, dagokion idazpena egiteko prozedurari ekingo zaio, zeina interesdunaren eskariz hasi beharko baita. Eskari hori hilabeteko epean egin beharko da, aldaketa gertatu den egunetik kontatzen hasita, eta horrekin batera bidezko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
Aurrekoa gorabehera, aldaketaren zioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak berak emandako egintza denean, administrazioak bere kabuz automatikoki egingo du idazpena.
Halaber, zerbitzu-emaileak prozedura hasteko eskatzen ez badu, alegia dekretu honetan xedatutakoa urratuz, idazpena bere kabuz egingo du administrazioak.
Behin idazpena egiteko prozedura ofizioz edo interesdunaren eskariz hasiz gero, baldin eta aurkeztutako datuak aski ez badira edo oker badaude, datuok hamar eguneko epean osatzeko edo zuzentzeko eskatuko zaio zerbitzu-emaileari, eta bitartean ebazpena emateko epea geldiarazi egingo da.
Euskadiko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu-emaileen Erregistrora jotzeko eskubidea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan xedatutako arauei jarraiki gauzatuko da, betiere bertako datu pertsonalen babesa bermatuta, Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta hori garatzen duen araudiak ezartzen duten eran.
Zehapen-ahala honako arau hauetan xedatutakoaren arabera egikarituko da: martxoaren 31ko Ikus-entzunezko komunikazioaren 7/2010 Lege Orokorraren VI atala, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zehapen Ahala arautzen duen otsailaren 20ko 2/1998 Legea, eta dekretu hau.
Administrazio-erantzukizuna argitzeko, zerbitzu-emaileek emititu dituzten programa guztiak artxibatu beharko dituzte sei hilabeteko epean zehar, lehenengo emisioa egiten denetik zenbatzen hasita, komunikazio komertzialak barnean direla. Era berean, programa horiei buruzko datuak erregistratu beharko dituzte.
Arau-hauste oso larriengatik emakidaren ezeztatzea edo aldez aurreko jakinarazpenaren ondorioen azkentzea dakarten zehapenak Jaurlaritzaren Kontseiluak ezarriko ditu, Kulturako sailburuaren proposamenez.
Arau-hauste oso larriengatiko gainerako zehapenak Kulturako sailburuak ezarriko ditu.
Arau-hauste larri edo arinengatiko zehapenak ikus-entzunezko komunikazioaren arloan eskumena duen zuzendariak ezarriko ditu.
Emisioak egiten badira zerbitzua emateko gaitzen duen nahitaezko titulu juridikorik gabe, aldi baterako neurri gisa, zerbitzuaren jarduera eten ahal izango da. Ikus-entzunezko komunikazioaren arloan eskumena duen sailburua arduratuko da horrelako erabakiak hartzeaz.
Ikus-entzunezko komunikazioaren arloan eskumena duen zuzendariak, espektro erradiolektrikoaren erabilera desegokia eragozteko, beste administrazio publiko batzuekin lankidetzan eta elkarlanean jarduteko akordioak sustatuko ditu.
Ezabatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Irrati-difusio Enpresen Erregistroa.
Dekretu hau indarrean sartzeko unean gaikuntza-tituluak indarrean dituzten ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu-emaileak eta kable bidezko irrati eta telebista-difusioaren zerbitzu-emaileak ofizioz inskribatuko dira Euskadiko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu-emaileen Erregistroan, dagozkien liburuan eta sekzioan, hiru hilabeteko epean.
Ikus-entzunezko komunikazioaren arloko organo eskudunak inskribatzekoak diren datuei buruz bidezkoa den dokumentazioa berariaz ezartzen den epean aurkezteko eskatuko die aurreko idatzi-zatian aipatutako zerbitzu-emaileei.
Indarrik gabe geratzen da dekretu honen aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak eta, bereziki, honako hauek:
Azaroaren 11ko 240/1986 Dekretua, frekuentzia-modulazioko uhin metrikoetako irrati-difusiorako emisoreentzako baimena emateko prozedura ezartzen duena.
Martxoaren 22ko 138/1994 Dekretua, Euskal Autonomi Elkarteko Udal Erakundeei frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irrati-zabalkunde zerbitzu publikorako baimena emateko modua arautzen duena.
Urriaren 3ko 190/2006 Dekretua, Lurreko uhinen bidezko tokiko telebista-zerbitzua arautzen duena.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko azaroaren 8an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (6)
- Ikus: AGINDUA, 2025eko otsailaren 26koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Ataungo Udalari gaikuntza-titulua emateko maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irratiko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa.
- Ikus: 38/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 11ko Erabakia ofizioz berraztertzeko prozedurari hasiera e
- Indargabetzen du: 190/2006 DEKRETUA, urriaren 3koa, Lurreko uhinen bidezko tokiko telebista-zerbitzua arautzen duena.
- Ikus: 16/2019 EBAZPENA, otsailaren 19koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko Gobernu Kontseiluak hartutako Erabakia, zeina Kulturako sailburuaren 2012ko otsailaren 29ko Aginduak onartutako lehiaketa publikorako deialdiaren ondoriozkoa baita.
- Lotutako: 43/2012 EBAZPENA, irailaren 11koa, Erabakia, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako honako erabakia argitara emateko dena: Euskal Autonomia Erkidegoan maiztasun modulatuko
- Indargabetzen du: 138/1994 DEKRETUA, martxoaren 22koa, Euskal Autonomi Elkarteko Udal Erakundeei frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunde zerbitzu publikorako baimena emateko modua arautzen duena.