Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

138/1994 DEKRETUA, martxoaren 22koa, Euskal Autonomi Elkarteko Udal Erakundeei frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunde zerbitzu publikorako baimena emateko modua arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 65
  • Hurrenkera-zk.: 1221
  • Xedapen-zk.: 138
  • Xedapen-data: 1994/03/22
  • Argitaratze-data: 1994/04/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Telekomunikazio Antolaketarako Legearen abiaburuetan, Zabalkunde Zerbitzuei dagokienez zera ezartzen da, dagokion Administrazioak emandako baimenaren bidez zeharkako esplotazioa posible dela, udalbatzei frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunderako zerbitzua eskaintzeko bidea emanez. Euskal Autonomi Elkarteak, Autonomia Estatutuaren 19. atalaren arabera, komunikabideen arloan legez garatzeko eskumena du eta, beraz, Euskal Autonomia Elkartearen Administrazioaren esku dago Euskadiko Udalek titulu juridikoa izan dezaten bideak jartzea, Legearen mugen barruan eta Dekretu honetan ezarritakoari jarraituta, Udalek beren esparruan frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunderako zerbitzua eskaini ahal izateko. Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1994ko martxoaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe.XEDATU DUT: 1. atala.- Xedea. Dekretu honen bitartez, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioak bertako Udal Erakundeei frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunde zerbitzu publikorako baimena emateko modua arautzen da. 2. atala.- Ezaugarriak. Udal Erakundeen esku dauden emisoreek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte: 2.1.- Beren iharduerari dagokionez, apirilaren 8ko 11/1991 Legearen 2. atalak dioenari jarraituko diote eta, era berean, Euskal Herriko izaera kulturala eta linguistikoa zabaldu eta babesteko baliagarri izan daitezkeen elementu guztiak erabiliko dira, baita tokian tokiko ezaugarri eta berezitasunak babesteko balio dutenak ere. Irrati baimena dutenek aipatutako interes publikoa errespeta dezaten, beharrezkoa izango da beti euskara agertzea. Euskarak gutxienez izan beharko duen agerraldia zehazteko EUSTAT Erakundeak urtero argitaratzen duen Euskal Estatistika Urtekariaren azken alean udalez udal jakinarazten diren datuak erabiliko dira, bertan azaldutako multzo euskaradun jakin guztien portzentaien batuketaren araberakoa izanik euskararen gutxieneko erabilera portzentaia. Portzentaia horren arabera eskainiko diren euskarazko irrati emanaldietan, jendea alfabetatu eta euskalduntzeko irratsaio eta iharduerak ere tartekatu beharko dira, ahal dela eta horretarako aukerarik izanez gero, tokian tokiko udal euskaltegi homologatuaren bitartez eta, bestela, euskara irakaskuntza homologatuan diharduten Erakundeekin hitzarmenak edo akordioak eginez. Arestian aipatutako euskararen gutxienezko presentziaz gain, gazteenei zuzendutako irratsaioetan, euskararen presentzia EUSTATen datuetan ageri den adin talde horren euskara ezagutza mailaren parekoa izan beharko du gutxienez. 2.2.- Ezaugarri teknikoak. Arlo honetan indarrean dagoen arautegian eta, bereziki, urriaren 23ko 1273/1992 Errege Dekretuan eta Frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunderako Plan Teknikoan ezarritakoak hartuko dira kontuan eta, horien arabera: a) Ageriko potentzia erradiatuari dagokionez, hiru emisore mota bereiz daitezke, A, B, C, deritzenak eta, hurrenez hurren, 500 W, 150 W eta 50 Weko potentziadunak. Hiru mota hauen arteko aukeraketa udaleko erroldan dagoen biztanle kopuruaren araberakoa izango da: A motakoa, 50.000 biztanletik gorako udaletarako; B motako emisorea, 10.000tik 50.000ra bitarteko biztanle kopurua izanez gero; eta C motakoa, berriz, 10.000 biztanletik beherako udaletan. b) Aipatutako ageriko potentzia erradiatua, ageriko potentzia irradiatu osoa izango da, hau da, polarizazio plano bakoitzean erradiatutako potentzia guztien gehiketa izango da. Beraz, polarizazio zirkularra erabiliz gero, polarizazio plano bakoitzean erradiatutako potentzia erdiaren erradiazioa izango da. c) Irrati emanaldietarako egoitza, ahal den neurrian, zerbitzua eskaintzen duen herrian bertan egongo da, beti ere, irratizabalkunderako beste zerbitzu batzuei interferentziarik eragin gabe. d) Antenaren benetako altuera 37,5 metrokoa izango da gehienez jota, orain arte zehaztutako mota guztietarako. e) Emisore hauen frekuentzia 107,0-tik 107,9 MHzra arteko esparruan egongo da, aireporturen bat hurbil egoteagatik edo beste irrati zerbitzu batzuei interferentziak sortaraztearren, frekuentzia esparru horretan aritzeko eragozpen teknikorik ez badago behintzat. f) Plangintza egiterakoan emisore kopurua ahalik eta handiena izan dadin, bakoitzak 28 dezibelioko babes esparrua hartuko du kanal berean. Egoera berezietan eta horretarako arrazoirik izanez gero, arlo honetan eskumenik duen erakundeak a) eta d) irizpideak aldatu ahal izango ditu muga batzuen barruan, modu horretara irrati emankizuna herrian ahalik eta modurik egokienean zabal dadin. 3. atala.- Baimena emateko prozedurari ekitea. Tokian tokiko udalak eskatu beharko du administrazio baimena, horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuari eskabidea eginez eta eskabidearekin batera ondoren aipatuko diren dokumentu hauek aurketuz: a) Udalbatzako Alkateak sinatutako eskabidea. Honen bitartez, bi gauza eskatuko dira: frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunde zerbitzurako baimena eta horretarako frekuentzia lortu ahal izateko administrazio espedienteari hasiera ematea. b) Irratizabalkunde zerbitzurako baimen administratiboa eskatzeko Udalbatzaren Osoko Bilkuran hartutako Erabakiaren Ziurtagiria, bertan, Udalbatzako Alkateari horretarako agiri guztiak sinatzeko baimena emanez. c) Udalean egindako azken Erroldan jasotako biztanlegoaren berri ematen duen Egiaztagiria. d) Emisiozentrua zein tokitan egongo den erakusten duen planoa, bere kota eta koordenatu geografikoak zehaztuz. e) Txostena, honako hauek azalduz: irrati zerbitzurako instalazioen eta tresneriaren ezaugarri teknikoak, zabalkunde eremua, programaketa proiektua, emanaldien gutxi gorabeherako ordutegia eta, gestio zuzenaz tokian tokiko arautegiari jarraituz, zerbitzurako aukeratutako kudeaketa modua. Azken gai honi dagokionez, zerbitzua eskaintzeko beharko den langilegoa zehaztuko da, baita langileok udalerakundearekin duten lanharremana eta kanpotik akuratu beharreko zerbitzuak ere. Txosten honetan, era berean, diru-sarrera gisa lor daitezkeen kopuruak ere aipatuko dira, ustez gutxienez eta gehienez jaso daitekeenaz iritzia emanez. Aipatutako dokumentazioaz gainera, interesatuek ongi iritzitako nahi beste dokumentazio aurkez dezakete gehigarri gisa. 4. atala.- Frekuentzia erreserba. 1.- Eskabidea jaso eta eskatutako dokumentazioa aurkeztu dela ikusita, Kultura Sailetik frekuentzia erreserba egiteari ekingo zaio eta, horretaz erabakia hartu ondoren, dagokion udal erakundeari jakinaraziko zaio hogeita hamar asteguneko epean, erabakia hartu dela jakiten den egunetik hasita. 2.- Udalbatzak, frekuentzia erreserbatua dagoela jakinarazten zaionetik hasita hiru hilabeteko epean, Proiektu Teknikoa bidaliko dio berriz Kultura Sailari, honek onar dezan eskatuz. Aipatutako Proiektua, beti ere, Dekretu honen 2. lerroaldiko 2. atalean ezarritako irizpideei egokitu beharko zaie eta, horrez gainera, legez ezarritako gainerako jarraibide teknikoak ere errespetatuko ditu, emisorezentrua eta egoitzak non daude zehaztuaz, hauek zerbitzua eskaini behar deneko Udalaren herrigunean egotea hobesten delarik. 3.- Proiektu Teknikoa ez onartzea erabakitzekotan, ebatzi horren berri emango zaio dagokion Udalari. Udalak hilabeteko epea izango du, baita epe hori hamabost egunez luzatzeko aukera ere, beste Proiektu Tekniko bat aurkezteko eta, horrelakorik egiten ez bada, frekuentzia erreserba baliorik gabe geratuko dela ohartarazten da. 5. atala.- Zerbitzurako baimena. 1.- Proiektu Teknikoa onartutakoan, Kultura Sailak berehala emango dio dagokion Udalbatzari horren berri, zehaztutako jarraibideak aintzat hartuz emisorea jartzen has dadin. 2.- Kultura Sailak Udalbatzari frekuentzia izendapena eta proiektu teknikoa onartuak izan direla jakinaraziz gero hiru hilabetetik beherako epe batean, Kultura sailburuak Agindua emango du zerbitzurako baimena onetsiz edo ezetsiz. Admistrazio titulu hau hobetu egingo da gero Udalbatzaren ordezkariak eta Kultura sailburuak zerbitzuaren jarraibideak eta ezaugarriak Zehatz-mehatz biltzen dituen administrazio agiria sinatzean. Kultura sailburuak zerbitzurako baimena emanez berariazko erabakirik hartu ezean, ezetsitzat joko da eskabidea. 3.- Nolanahi ere, irratiemisorearen instalazioak begiratu eta ikuskatu ondoren, martxan jartzeko berariaz emandako baimena izan beharko du Udal-batzak zerbitzua eskaintzen hasi ahal izateko. Era berean, martxan hasteko baimen honek txosten bat ere izan beharko du berarekin batera eta, bertan, Euskal Autonomia Elkartearen Administrazioan arlo horretan ahalmena duten zerbitzu teknikoek, osagai teknikoetan emakida-agirian ezarritako nondik-norakoak erabat errespetatzen direla egiaztatu beharko dute. 6. atala.- Emakidaren Iraupena. 1.- Dekretu honen bitartez emandako baimenen iraupena hamar urtekoa izango da, baimena ematea erabakitzen duen Agindua argitaratzen den egunetik hasita. Udal erakundeak duen emakidaldia bukatu baino lau hilabete lehenagotik, baimena beste horrenbesteko denbora baterako luzatzeko eskabidea egin dezake, xedapen honen 3. atalak ezarritakoari jarraituz eta, beti ere, irratizabalkunde zerbitzurako baimena eta frekuentzia erreserba luzatzeko prozeduraz ari garela jakinik. 2.- Jarraitu beharreko prozedurari dagokionez, Dekretu honetan ezarritakoari jarraituko zaio eta, luzapena eskatzeko orduan, bai ofizioz bai interesatuarengandik, emakidaren jarraibide tekniko eta orokorrak zein modutan bete diren erakusteko, egoki iritzitako behar beste egiaztagiri eta Erabakia hartu behar duen erakundeari lagungarri gerta dakizkiokeen gainerako dokumentu guztiak aurkeztuko dira. 7. atala.- Finantziaketa. TokiOgasunei buruzko arautegiari jarraituz tokian tokiko Udal Erakundeetan ezarri daitekeenaz gainera, udalemisoreek beren merkatal diru-sarrerak ere izan ditzakete. 8. atala.- Betekizunak. 1.- Udalbatzak, Irrati-Zabalkundera-ko baimena lortuz gero, arlo horretan indarrean dagoen araudi guztia eta, bereziki, irratizabalkundeari buruzkoa bete beharko ditu. 2.- Udalbatzak, gestiorako aukeratu duen sistema edozein dela ere, ondoren zehaztutako betekizunak izango ditu: a) Frekuentzia izendapenaren berri izan ondoren zerbitzua eskaintzen hasi beharko da hamazortzi hilabeteko epe baten barruan. Epe hori errespetatu ezean bertan behera geratuko da irratirako baimena, Zuzentza Batzordeak erabaki hori hartu ondoren interesatuari horren berri emango zaiolarik. b) Eusko Jaurlaritzak edo arauz zehaztuko diren beste aginte erakunde batzuk igorritako komunikatu eta ohar ofizialak zabaldu beharko ditu oso-osorik eta dohainik. c) Irratizabalkunderako udal emisoreetako hauteskunde publizitateaz ezarritako arautegia betearazi beharko du zehatzmehatz. d) Baimena ematerakoan jarritako baldintzak aintzat hartu eta zerbitzua egunero eskaintzeko konpromezua errespetatuko du, emakidadunak gutxienez sei orduko emanaldia eskaini beharko duelarik egunero. e) Baimena ematerakoan zehaztutako oinarrizko osagaietakoren bat aldatzeko asmorik izatekotan edo ordura arte erabilitako zuzeneko kudeaketa modua aldatu nahi izatekotan, ezer egin aurretik Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari horren berri emango dio. f) Legez ezarri daitekeen beste edozein arau ere errespetatzea. 9. atala.- Zigor arauak. 1.- Frekuentzia modulatudun irratizabalkunderako zerbitzuan egindako arauhausteen sailkapena eta zigorrakjartzeko modua, telekomunikazio antolaketari buruzko arautegiari jarraituta zehaztuko dira. 2.- Kultura sailburuak izango du arauhauste horiengatik zigorrak jartzeko ahalmena eta baimena kentzea ere ekar dezakete oso Arau-hauste larriak izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartuko du erabakia. GEHIGARRIZKO XEDAPENA Lehena.- Eusko Jaurlaritzaren Dekretu honen bidez, frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunde zerbitzua eskuratzeko udalbatzei emandako baimenei dagokielarik bertan zehaztu gabe geratu diren gaietarako, Telekomunikazio Antolaketarako arautegi orokorra eta irratizabalkunderako udal emisoreak antolatu eta kontrolatzeko oinarrizko erabakiak hartuko dira aintzakotzat. AZKEN XEDAPENAK Lehena.- Kultura sailburuari, honako Dekretu hau bideratu eta betearazi ahal izateko, behar den beste erabaki hartu eta behar adina akordio onartzeko ahalmena ematen zaio. Bigarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Vitoria-Gasteizen, 1994ko martxoak 22. Lehendakaria, JOSE ANTONIO ARDANZA GARRO. Kultura sailburua, JOSEBA ARREGI ARANBURU.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.