Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

215. Arkaiako multzoa (Arkaia, Gasteiz)

5. ETAPA: SALVATIERRA-AGURAIN • VITORIA-GASTEIZ

Bide ertzeko hirigunea antzinatea ezkero

Arkaia Vitoria-Gasteizko udalerriko kontzeju txiki bat da gaur egun, eta bere historia antzinateraino luzatzen da. Lekukotasun arkeologikoek diote erromatarren garaian populatze-gune bat zela jada, eta geroztik mendeetan zehar okupatuta jarraitu du gaur egun arte.

Antzinatetik, Arkaia komunikabide garrantzitsuen ondoan kokatuta egon da. Erromatar garaian bizi izan zuen beharbada unerik goiena, Ab Asturica Burdigalam galtzada goren zegoenean, Arabako Lautadatik igarotzean Arkaia ondotik igarotzen baitzen. Iter XXXIV ere zeritzon bideak Astorga eta Bordele lotzen zituen, egungo Palentzia, Burgos, Araba eta Nafarroa probintzietako lurraldeak zeharkatuz, eta Frantziako muga Ibañetako portutik pasatzen zuen Akitaniara iristeko. Erromatarrek Penintsularen ipar-mendebaldea konkistatu nahi zutenez, galtzada eraikitzea lehentasuna izan zen, tropak lurraldean azkar mugitzeko aukera ematen baitzuen. Bide hau, gainera, eremua erromatartzeko tresna boteretsua izan zen, bere bitartez erromatar kulturako ideia eta ondasunak hedatu eta zabaltzen baitziren, bide ertzean finkatutako jendeak pixkanaka jaso, eta bere egunerokotasunera gehitu zituzten.

Arkaiako erromatarren aztarnategi arkeologikoaren neurriak, populatze-gune handi bati erreferentzia egiten diotenak, eta aurkitutako material kopurua aintzat hartuta, Arkaia antzinateko Suessatio erromatar hiria izan zela uste da. Suessatio Antonino Ibilbidean aipatua agertzen da, non bidaiariek geldialdi bat egin ahal izateko, bideetako hornidura-gune nagusiak jasotzen ziren.

Beranduago, Erdi Aroan merkataritza-bide garrantzitsua izateaz gain, antzinako Iter XXXIV.aren zati batzuk Donejakue bideko erromesen pasabide bilakatu ziren. Horrez gain, San Adriango pasabidean barrena Gaztela eta Frantzia lotzen zituen bidea, oso ezaguna zena Erdi Arotik, Arkaia ingurutik pasatzen zen. Bide hori, ondoren, Postako Errege Bidea bilakatu zen, XV. mendetik XVII. mendera Frantziara zihoan posta eramateko baliatzen zena.

Iraganeko aztarnak Arkaian

Arkaiak hainbat garaitako ondare-elementuak gordetzen ditu, denboran zehar izan duen etengabeko historiaren erakusgarri. Alde batetik, erromatar Suessatio hiriko aztarna arkeologikoak nabarmentzen dira. K.a. I. mendean eraikitako hiriko termen horma eta gelen hondakinak ikus daitezke. 50 urtez erabili ziren (ez dakigu zergatik utzi zituzten). Termen zirkuituaren zati bat eta hainbat gela ikus daitezke, hala nola: frigidarium, tepidarium eta caldarium, aire zabaleko ariketa egiteko patio bat, aldagelak, komunak eta labeak. Zoruan berokuntza-sistema osatzen zuten elementuak bereizten dira. Erromatar hiri honek zer nolako kategoria izan zuen erakusten dute termek.

Andre Mariaren Natibitatearen eliza ere ondare-elementu nabarmena da Arkaian, eta Erdi Aroko garaira garamatza. Egungo eraikina XVI. mendeko handitze-lanei dagokie, baina baditu Erdi Aroko eliza erromanikoaren elementuak, hala nola iparraldeko horman kokatutako hagaburutxo-lerroa eta portada erromanikoaren zati bat, soilik dorrera daraman eskaileratik ikus daitekeena. Hala ere, elementurik esanguratsuena tenpluaren barruan dago eta Erdi Aroko bataiarria da; koparen inguruan apaingarri geometrikoak eta izartsuak ditu.

XVI. mendean tenplua handitu egin zuten: absidean izar - gangak dituen burualde poligonala gehitu zen, eta presbiterioan dauden bi kaperak. XVIII. mendean egindako beste birmoldaketa batek tenplura beste aldaketa batzuk ekarri zituen: nabeko ganga gotiko-errenazentistei ertz-ganga barrokoak gehitu zitzaizkien oinaldeko ataletan, eta egungo korua, eliz ataria eta dorrea eraiki ziren; gainera, Justo Antonio Olagibel arkitektoak birmoldaketak egin zituen eraikinaren taulamenduan. Horrez gain, Ama Birjinaren Natibitateari eskainitako erretaula nagusi rococoa ere nabarmentzen da.

Partekatu

unesco