Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

150. Errenteriako hirigune historikoko multzoa (Errenteria)

1. ETAPA: IRUN • HERNANI

Errenteria, merkataritza bokazioa zuen hiribildua

Errenteriako herriak izan zuen kokalekua funtsezkoa da bere sorreraren helburua ulertzeko. Oiartzun ibaiaren bokalean dago eta Pasaiako badiarako sarbide zuzena du. 1320an, bailarako biztanleek Orereta izeneko tokia populatzen uzteko eskatu zioten Alfontso XI.a Gaztelako erregeari, harresiz inguratu eta euren burua defendatu ahal izateko. Garai hartan, burdina ekoizten zuen eskualdea zen, burdin mineral kantitate handia baitzuen, eta haren esportazioa oso jarduera oparoa zen. Minerala burdinoletatik Pasaiako portura eramaten zen merkaturatzeko, baina aurretik Errenteria hiribildutik igarotzen zen, non erregearen bilketa-bulegoak zeuden. Bulego horietan inguruko burdinolen ekoizpenaren esportazioari zegozkion errentak kobratzen ziren, erregearentzako zirenak. Hortik dator Errenteria izena, burdinaren gaineko zergak edo errentak kobratzen diren tokia. Hiribildua, ordea, ez zen izen horrekin sortu, Alfontso XI.ak Villanueva de Oiarso izena eman baitzion, baina oso goiz Errenteria erabiltzen hasi ziren, eta azkenean foruko izena ordezkatu zuen.

Hiribildu gisa sortu zenetik, Oiartzungo bailarako gainerako herriekin hainbat auzi izan zituen, ez baitzuten bere menpe egon nahi. Gatazka horiek 1453an bailara hiribildu bilakatu arte iraun zuten, nahiz lurzoruaren eta lurren banaketaren inguruko liskarrak denboran zehar mantendu ziren.

Hirigune historikoaren multzoa

Herriko merkataritza-jarduera handiak arrastoa utzi du bere ondarean, izan ere, hirigune historiko osoak egikera aberatseko eraikin eta elementuen adibide bikainak eskaintzen ditu, hiriak historian zehar izan duen aberastasun eta estatusa erakusten digutenak.

Gaur egungo hirigune historikoak Erdi Aroko egiturari eusten dio, eta kaleen antolamenduan eta etxadien partzelazioan nabarmentzen da. Hala ere, bi zati bereizten dira: jatorrizko hiribilduari dagokiona eta XV. mendeko zabalgunearena. Jatorrizko hiribildua lau kale paralelok osatzen zuten: gaur egungo Goiko kalea, Eliz kalea (parrokia-elizaren aurretik igarotzen dena), Erdiko kalea eta Beheko kalea. Demografia-gorakadaren ondorioz, hiribildua handitu behar izan zuten, eta zabalgune bat eraiki zen, Kapitanenea, Andra Mari eta Santsoenea kaleek osatua, triangelu moduko bat eratzen zuena. Bi zatiak Erdi Aroko hirigintza-bilbearen erdigunea den Maddalen kalearen bidez lotuta daude. Gaur egun, kale hori zabaldu egiten da erdialdean, Herriko Plaza osatuz, eta bertan elkartzen dira Erdi Aroko zazpi kaleetatik bost. Gainera, udaletxearen eta parrokia-elizaren eraikinak ere bertan daude, botere zibil eta erlijiosoaren ordezkariak.

Bi zatiak babesteko, jatorrizko gunea eta zabalgunea, harresia zegoen, eta XV. mendean handitu egin behar izan zuten. Gaur egun, ordea, ez da ia harresi haien arrastorik geratzen, eta aztarna bakarrak Torrekoa eta Morrontxo dorretxeak dira: Goiko kalean kokatuak, harresiaren zati ziren eta Nafarroako ateko sarrera babesten zuten. Horregatik, gotorleku itxura dute: hareharriz eta kareharriz eraikiak, eta bao txikiak dituztela.

Eraikinen tipologiari dagokionez, hiru edo lau solairuko horma mehelindunak dira nagusi. Teilatu-hegal irten eta apainduak dituzte, eta familia nabarmenenek, armarriak ere bai.

Eraikin aipagarrienak udaletxearen eraikina, XVII. mendekoa, euskal udaletxe motari dagokiona, eta Andre Mariaren Jasokundea eliza dira. Eraikin hori XVI. mendean egindako berreraikuntza bati dagokio, eta euskal gotikoaren ezaugarriak ditu. Barruan interes handiko bi erretaula ditu: Andre Mariaren Koroatzea, XV. mende amaierako eta XVI. mende hasierako obra flandestarra, eta 1784ko erretaula nagusi neoklasikoa, Ventura Rodriguezek egina. Aipagarriak dira, halaber, zenbait oinetxe armarridun eta XVII. eta XVIII. mendeetako barroko estiloko jauregiak, hala nola Zubiaurre, eta Arranbide eta Kapitanenea etxeak.

Partekatu

unesco