Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

161. Urnietako herrigune historikoaren multzoa (Urnieta)

2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA

Urnietako hiribilduaren eraketa

Urnieta, tradizionalki, landa-herrigune bat zen, laborantzatik (garia, artoa eta sagarra) eta Urumeako Zilegi Mendien aprobetxamendutik bizi izan zena; mendi horietan larre eta zuhaitz onak izateaz gain, burdinolen industriarako interes handikoak ziren. Urumea haraneko Zilegi Mendiak Adarra, Aballarri eta Onddi arteko mendiak ziren eta haien aprobetxamendua, tradizionalki, Donostia eta Hernani hiribilduek egiten zuten (bien arteko adostasun-akordio baten bidez), bai eta Urnietak ere hiribildu bihurtu ondoren.

Dokumentazio idatziaren arabera, XIV. mendearen amaieran Urnieta Batzar Nagusietan ordezkaritza zuen kolazio bat zen, hala erakusten du Getarian 1397an egindako Batzar Nagusien akta batek. Datu horrek erakusten digu gunearen osaera data hori baino lehenagokoa izan zela.

Urnieta Adarra mendiaren azpian dago, Urumea eta Oria ibaien artean, eta komunikabide garrantzitsuak igarotzen ziren leku batean garatu zen, hala nola Gaztelara zeraman eta Frantziarekin komunikatzen zuen Errege Bidea, edo Irundik zetorren Donejakue erromes-bidea. Ondoren, hirigunean bertan desadostasunak egon zirelako edo bandoen arteko gatazkek ekarri zuten ezegonkortasun-egoeraren aurrean babes handiagoa bilatzeko, Urnieta sakabanatu egin zen: parrokia eta 25 etxe Donostiako jurisdikzioan sartu ziren, beste 15 etxe Hernanikoan eta 6 etxe Aiztondoko Alkatetza Nagusian. Hala ere, 1614an, eta Filipe III.aren errege baimena lortu ondoren, hiru barrutiak berriz elkartu eta bakarra osatu zuten: Urnieta hiribildua.

Urnietako hirigune historikoa

Urnietako herrigunea parrokia-elizaren eta Santa Leokadia ermitaren inguruan eratu, eta pixkanaka handituz joan zen. Lehen Karlistaldiaren (1833-1839) ondorioz Urnietak eraso handia jasan zuen. Liberalek 1837ko irailean egindako erasoaldietan eskualdeko zenbait herri erre zituzten, Urnieta eta Andoain, besteak beste. Urnietan bost etxe bakarrik salbatu ziren sutetik; udaletxea eta parrokia-eliza ere erre egin ziren.

San Migel parrokia-eliza herriguneko elementurik aipagarrienetako bat izanik, gerraren ondoren birgaitu egin zen. Harlanduz egina, nabe bakarra du, hiru ataletan banatua, eta abside oktogonala. Gaur egungo eraikina XVII. mendekoa da, barroko estilokoa, nahiz eta gero erantsitako elementu batzuk ere badituen, berezitasuna ematen diotenak, kanpandorrea kasu. Tenpluko elementurik zaharrena portada gotikoa da. Barruan, erretaula eklektikoa nabarmentzen da, non San Migelen tailu barrokoa dagoen. Erretaularen alboetan estilo bereko beste bi txikiago ditu, non Ama Birjina, Haurra eta San Frantziskoren irudiak dauden.

Santa Leokadia ermita gune historikoko erlijio-arkitekturako beste elementu nabarmen bat da. Antzina San Joan Ebanjelariaren eliza izan zen, 1597koa. 1837ko sutearen ondoren berreraikia, neoklasiko estiloa du. Ermitak nabe bakarra, burualde zuzena eta bi isurkiko estalkia ditu. Fatxada nagusian, eliz atarira sarrera ematen duten erdi-puntuko hiru arku irekitzen dira, eta erremate gisa kanpai txiki bat duen kanpai-horma ageri da.

Parrokia-elizaren inguruan dagoen udaletxeak jauregi barroko estiloa du, eta herrietan nolabaiteko jauregi-itxura zuten udaletxeak eraikitzeko joera egon zen garaian egina da. Harlanduzkoa da eta bi altuera ditu. Beheko solairuan, erdi-puntuko bost arkuk arkupera ematen dute, eta, lehen solairuan, Urnietako armarri handia nabarmentzen da, alboetan balkoi luzedun leihoak dituela.

XX. mendeko herri-kiroletako aisialdirako arkitektura-elementuek osatzen dute multzoa, hala nola probalekua, bolatokia eta frontoia. Herrigunearen erdian daude guztiak, parrokia-elizaren atzean, eta Urnietako komunitatearen kohesio-elementu garrantzitsuak dira; izan ere, herritarrak euskal lurraldean tradizio eta errotze handia zuten kirol-ekitaldien inguruan biltzen ziren.

Partekatu

unesco