Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

170. Amasako landa-multzoa (Amasa-Villabona)

2. ETAPA: HERNANI • TOLOSA

Goi Erdi Aroko herrixkatik hiribildura

Amasa, Villabonako udalerriko egungo auzoa, Oria ibaiaren eskuineko ertzean dago, Urdelar mendiaren hegaleko gune garai batean, udalerriaren herrigune nagusitik kilometro batera. Hala ere, Amasako guneak antzinatasun handia du, Goi Erdi Aroko herrixka bat izan baitzen ziur asko.

Erdi Aroko erdialdeko mendeetan (1000-1100 inguruan), Amasa nortasun politiko propioa zuen erakunde bat izango zen, inguruko beste herrixka batzuk bezala. Hala ere, Behe Erdi Aroan lotura estua izan zuen Villabonako herrigunearekin, elkarren mugan egoteaz gain hainbat elementu partekatzen baitzituzten: kontzejuko mendien jabetza eta gozamena, Larbarraingo burdinola, Arroa eta Orokaiztegiko errotak eta Amasako San Martin parrokia-eliza (Villabonako herritarrek Amasara igo behar zuten erlijio-zerbitzuak jasotzeko). Lotura hori gorabehera, 1385. urtean Amasa Tolosa hiribilduko auzora batu zen, bere mugak mugarrituta eta bere ekonomiaren administrazioa mantenduz. Villabonak eskubide osoko hiribildu bihurtu nahi izan zuenean, gatazka ugari eragin zituen egoera sortu zen. Koroak 1480. urtean emandako aginduak, probintziako bere ordezkariei Villabonako kontzejua eta kontzeju-karguak izateko eskubideak errespetatzeko agintzen zienak, erakusten du ordurako bazuela hiribildu antolaketa bat. Hala ere, Tolosako herri indartsuarekin borrokatu behar izan zuen XVI. mendera arte, jurisdikzio-arrazoiengatik, bi herrietako alkateek beretzat eskatzen baitzituzten Amasak eta Villabonak partekatzen zituzten lurren jurisdikzioa eta erabilera eta aprobetxamenduak.

1614an Amasak Tolosatik desanexionatzea eta hiribildu izateko pribilegioa lortu zituen. Urte batzuk geroago, 1619an, Amasako eta Villabonako hiribilduek adostasun-eskritura bat sinatu zuten, biek udal bakarra izango zutela adosteko. Horrela, amaitutzat jo ziren udalerrien arteko etengabeko gatazkek eragin zituzten etsaitasun- eta liskar-garaiak.

Amasako landa-multzoa

Amasa, historikoki, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerekin eta basoaren ustiapenarekin oso lotuta egon den herrigunea da, bai eta burdinaren ustiapenarekin ere (burdinola bat zegoen bere lurretan). Landa-eremua da, eta auzo-bideen bitartez elkarrekin komunikatuta dauden zenbait baserri-gunek osatzen dute. Baserri horien artean Andretegikoa nabarmentzen da, parrokia-elizaren ondoan dagoena. Tamaina handiko baserria da eta gotiko estiloko elementuak ditu. Deigarriena, zalantzarik gabe, fatxada nagusia da, nabarmentzeko moduko elementu interesgarriak dituena. Harlangaitzez egina dago, eta ertzetako kateak, eta leihoen eta ateen markoak harlanduzkoak dira. Hiru altuera ditu eta sarreran ojiba-arku dobelatua; halaber, erdi-puntuko arkua duen bao txiki bat, eta beheko solairuan, arku konopiala duen leiho bat aurkitzen dira. Goiko solairuetan ateburudun leihoak daude, eta gorengo solairukoak txikiak dira. Eraikina zuriz luzituta dago eta bi isuriko estalkia du.

Amasako baserri - multzoaren elementu azpimarragarrienetako bat, haren inguruko mitoa dela eta, Gurutze Deunaren ermita da. Elezaharrak dioenez, ermita hau Gipuzkoako lehen tenplu kristaua izan zen, eta antzinaroko tenplu zahar baten hondarren gainean eraiki zen VII. eta VIII. mendeen artean. Hala ere, ez dago baieztapen horiek frogatzen dituen ebidentzia arkeologikorik, beraz, gaur gaurkoz, aho-tradizioko mito bat besterik ez da. Eraikinari buruzko lehen aipamen dokumentala XVI. mendekoa da, eta ermitaren egungo eraikina kronologia horren barruan kokatzen da. Bost pilastraz eta egurrezko gurutze handi batez eutsitako eliz atari zabal batetik sartzen da barrura.

Hirigunearen erdian, Amasako Tourseko San Martin parrokia-eliza dago. Gaur egungo eraikuntza XVI. eta XVII. mendeetan egindako lanen emaitza da. Kanpoaldetik gotorleku-itxura du: harlanduzko hormak ditu eta oso bao txikiak. Atxikita, kanpandorrearen dorre oktogonala ageri da, leiho txikiak dituena. Abside oktogonala du, eta bertan, trazeria gotikoko bi leiho. Elizak areto-oinplanoa eta gurutze-gangak ditu, eta Jose Ignacio de Lavik 1767an egindako erretaula nagusi barrokoa nabarmentzen da.

Partekatu

unesco