Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

219. Plaza Berria eta Arkupeen multzoa (Gazteiz)

5. ETAPA: SALVATIERRA-AGURAIN • VITORIA-GASTEIZ

Vitoria-Gasteizko Aro Modernoko lehen zabalgunea

XVIII. mendean, hiriak eraikuntza- eta hedapen-loraldi bat izan zuen. Erdi Aroko hirigunea harresien barruan zurrun zegoen eta ez zuen hiriaren hedapen gehiago onartzen. Bada, garai horretatik aurrera hiria harresietatik kanpo hedatzen hasi zen, errebal alderantz. Hiribilduko harresietatik kanpora eraiki zen lehen elementua Plaza Berria izan zen. Udalaren sustapena izan zen eta Justo Antonio Olagibel arkitekto gasteiztarrari eman zioten proiektua aurrera eramateko ardura. Olagibel garaiko arkitekturan erreferente bat zen, eta lurraldeko estilo neoklasikoaren bultzatzaile nagusia. Lanak 1781an hasi eta 1791an bukatu ziren.

Plaza Berria eremu lau batean kokatu zuten, Erdi Aroko hiribildua kokatzen deneko muinoaren oinetan, hain zuzen ere azoka egiten zen lekuan. Plazaren eraikuntzari esker hiriaren espazio hori ordenaturik geratu zen, eta ondorioz hegoalderanzko zabalgune modernoa erraztu zuen. Hala ere, oztopo urbanistiko bat konpondu beharrean aurkitu ziren: Erdi Aroko hirigunea muino baten gainean zegoenez eta Plaza Berria eremu lau batean, bien artean altuera desberdintasun handia geratzen zen. Arazo horren konponbidea Arkupeak izan ziren. Eraikin mailakatuak dira, hiru mailatan eraikiak. Lehen plataforman Aihotz plaza dago, eta beste bietan arkupedun eraikuntzak, erdi-puntuko arkuak dituztenak. 1787 eta 1802 urteen artean eraiki ziren, eta Justo Antonio Olagibel eta Nicolás Díez de Güemesen proiektua izan zen.

Plaza Berria eta Arkupeak

Multzo honek hiriaren zabaltze modernoa ahalbidetu zuen, eta aldi berean nolabaiteko “ate” bihurtu zen: hiri zaharra atzean utzi eta hiri berrira irekitzen zen.

Hiriko arkitektura neoklasikoaren adibiderik onena da. Oinplano karratua du, iparraldean udaletxea, eta gainerako hiru aldeetan etxebizitzak eta saltokiak. Itxura orekatu eta homogeneoa du, non udaletxea gailentzen den. Udaletxearen frontoian hiriko armarria nabarmentzen da. Plaza inguratzen duten eraikinek hiru solairu dituzte: behekoan, koloma eta erdi-puntuko arkuz osatutako arkupea dago, eta beste bietan burdinazko barandadun balkoitxoak irekitzen dira. Gaur egun plaza espazio irekia da, erdian eskultura edota bestelako eraikuntzarik ez duena, eta galtzada-harrizko zoladura du. Europako plaza nagusien artean nabarmenenetakoa da.

Arkupeak deritzon eraikuntzak bi atal ditu: bata San Frantzisko aldaparen gainean, bestea San Migel elizaren azpiko aldean. Pasealeku bat osatzen du, etxebizitza partikularren ondotik doana, eta balkoiz eta arkupez egina dago; arkupeak erdi-puntuko arkuz osaturik daude, eta estalki laua dute, aldez alde habez zeharkatua. Arkupeen bi atalen sarrera-irteeran arkuak daude halaber, eta fatxadakoen ezaugarri berdinak dituzte.

Partekatu

unesco