Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

200. Aistrako San Julian eta Santa Basilisa ermita (Zalduondo)

4. ETAPA: ZEGAMA • SALVATIERRA-AGURAIN

Aistra, Arabako eremu zaharrenetako bat

Eremuak goi Erdi Aroko herrixka txikiak dira, garai batetik aurrera hustu egin zirenak ia erabat desagertzeraino. Arabako Lautadari dagokionez, populatze-mota sakabanatua du, elkarrengandik hurbil dauden populaketa-gune txikiz osatua. Gaur egun Arabako lurraldean juridikoki kontzeju diren 336 entitate daude: herrixka horiek goi Erdi Aroan dute jatorria, eta haien ezaugarria baseliza zen. XII. mende aldera, lurraldean egitura aldaketa gertatu zen, izan ere, Nafarroako erregeak lehenik eta Gaztelakoak ondoren, hiribilduak sortzen hasi ziren. Hiribilduek zenbait pribilejio zituzten eta inguruko herrixketako biztanleentzat erakargarriak ziren. Hango jarduera ekonomikoez baliatu nahirik, herrixketako biztanleak hiribilduetara bizitzera joan ziren, eta hala, herrixkak husten joan ziren, asko eta asko, desagertu arte: baselizak baino ez ziren geratu, gaur egun ermita bihurtuak.

Aistrako eremua Araban aurkitutako eremu zaharrenetakoa da. Gipuzkoa eta Araba arteko muga naturala den Aizkorri mendilerroaren oinetan kokaturik zegoen, eta kokaleku estrategikoa zen, izan ere, San Adriango pasabidean barrena Frantziarekin lotzen zuen komunikabide eta erromes-bideko puntu garrantzitsua zen.

Aistraren lehen aipamen dokumentala XI. mendekoa da, Donemiliaga Kukulako goldea deritzon zerga-dokumentuan, hain zuzen. Hala ere, arkeologiak erakutsi du Aistraren jatorria askoz lehenagokoa dela, Antzinate berantiarrekoa (K.o. VI-VII mendeak). Garai hori gutxi ezagutzen dugu, orain arteko dokumentu eta arkeologia-ebidentzia gabeziagatik, beraz, Aistran egindako aurkikuntzek garrantzia dute, biztanleen bizimoduari eta goi Erdi Aroko gizarte- eta ekonomia-antolaketari buruzko datuak ematen baitizkigute.

2004 eta 2009 arteko arkeologia-indusketetan VI. mendeko herrixka baten aztarnak aurkitu zituzten. Halaber, ikusi zuten VI. eta VII. mendeen artean hainbat terraza eta etxebizitza irregular (zati batzuetan haitzean zulatuak) eraikiak izan zirela, eta VII. mendetik aurrera tokia goitik behera eraldatua izan zela. Garai horretan aipagarriak dira elizari lotutako nekropoli handi baten aztarnak eta haitzean zulotutako etxebizitzak. Horiez gain, nabarmentzekoa da 12 m baino gehiagoko egitura luze baten aurkikuntza, VIII-IX mendeetakoa, ustez goi Erdi Aroko aristokrata bati zegokiona.

Biztanleak herrixkatik joatea eta hustea XIV. mendean gertatu zela uste da, eta gainbeheraren ondoren, desagertu egin zen.

Aistrako San Julian eta Santa Basilisa ermita, Aistrako herrixkaren lekuko bakarra

Aistrako San Julian eta Santa Basilisa ermita, Aistrako herrixka zaharreko baseliza, X. mendekoa da, eta goi Erdi Aroan Aistran izan zen herrixkaren azken aztarna. Euskadiko tenplu erromaniko zaharrenetarikoa da, eta elementu prerromaniko berrerabiliak ditu, adibidez: gezileiho eta ferra-arkudun leihoa.

Tenpluak oinplano angeluzuzena eta nabe bakarra ditu, eta abside karratua. Hareharrizko harlandu zainduz egina dago eta estalkiari eusteko pertsonaia antropomorfoen irudiak dituzten harburu apainduak ditu, Erromanikoaren bereizgarri. Ezaugarri horiek maisu espezializatuen lanaren emaitza dira.

Partekatu

unesco