Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

207. Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Alaitza, Iruraitz-Gauna)

5. ETAPA: SALVATIERRA-AGURAIN • VITORIA-GASTEIZ

Erdi Aroko horma-pinturak

Tenplu kristauen hormak estaltzen zituzten horma-pinturek funtzio didaktikoa zuten ezaugarri, irudi horien eta eskulturen bidez kristau fedearen dogmak erakutsi nahi baitzizkieten garai hartako eliztarrei (gehienak analfabetoak). Margo horien ezaugarria da adierazpen-hizkuntza bat dutela, sinbolismo handiz betea; herriak ulertzen zuen lengoaia bat zen, eta haren bidez horma-pinturek erakutsi nahi zuten mezua ulertzen zuten.

Arabako elizetan kontserbatu diren horma-pinturaren adibide zaharrenak erromanikoak dira, XII. mendean Araban indartsu sartu zen estiloa, hain zuzen ere. Elizetako tenpluak fresko teknikako pinturez estaltzen ziren, eta gehienetan gai erlijiosoa zuten. Itun Zahar eta Berriko, santuen bizitzako, Azken Judizioko edo heriotzaren ondorengo bizitzako eszenak antzezten ziren. Irudikapenak eskematikoak ziren, irudiak bata bestearen gainean jartzen zituzten, euren artean nahasten ez ziren kolore sorta zabal bat baliatzen zuten, eta pinturak abside edo gangetako forma biribilduetara egokitzen ziren.

Erdi Aroaren amaierako horma-pinturen egileak ez ziren ezagunak izaten, artisautzat hartzen baitziren, ez artistatzat. Hala ere, margolari bakoitzak bere estiloa zuenez, gaur egun egileak bereiz ditzakegu batzuetan, eta, konparazioz, tenplu ezberdinetako margolanak lotu daitezke, eta, hala, batzuetan bere ibilbidea argitu.

Alaizako misterioa

Alaiza landa-herriguneko tenplu erromaniko xumeak (XIII. mendea), bisitariak eta komunitate zientifikoa harritzen dituen horma-pinturak ditu barruan. Bitxikeria bat dira, ez baitute ohiko erromaniko estiloarekin zerikusirik (ondoan dagoen Gazeo kontzejuko Tourseko San Martin elizako erromanikoarekin, adibidez). Izan ere, Alaizako pinturen interpretazioa ezezaguna da, lantzen dituen gaien originaltasunagatik eta gauzatzeko moduagatik. Harrigarria da tenplua bezalako leku sakratu batean Erdi Aroko bizitzako eszena anekdotikoak irudikatuta agertzea, itxuraz ordenarik gabe.

Sarrerako atalasea zeharkatzean, ikusmin handia sortzen dute absideko eta presbiterioko gangan zehar zabaltzen diren pinturek. Pintura-multzo monokromo bat da, okre kolorekoa, landua ez den teknikaz egina, eta hondo argi baten gainean jarria. Irudiak beren eskematismoagatik nabarmentzen dira, eta batasunik gabeko multzo bat osatzen dute, gainjartzen diren etapa piktoriko ezberdinak bereizten baitira. Garai ezberdinetakoak diren bi pintura-multzo ikusten dira: zaharrenak absidearen inguruan daude, inposta lerrotik gorantz. Eszenak narratiboagoak dira eta nabarmenenak dira. Deigarria da pertsonaien begiak irudikatzeko modu bitxia, almendra-itxura baitute, arroak hutsik dituztela. Inposta-lerroaren azpian dauden margoak geroagokoak dira, XV. mendekoak, eta kolore gorriko motibo arkitektonikoak dituzte (harlandu faltsuak, adreiluak, baoak, etab.).

Multzoaren originaltasuna bere gaiagatik ere nabarmentzen da, ez baitator bat tradizioz erromanikoan irudikatzen denarekin. Alaizako margolanen gaia bikoitza da: alde batetik, Erdi Aroko eguneroko bizitzako eszenak agertzen dira, hileta-segizio bat edota eskaintzak daramatzaten emakumeak protagonista dituen erritu sozial bat nabarmentzen direla; eta, bestetik, gerra-gertaerak, hala nola Erdi Aroko armak daramatzaten pertsonaiak (lantzak, ezkutuak eta baleztak) eta armaduradun zaldunak elkarren kontra borrokan (haien artean koroadun bat, hau da, errege bat).

Presbiterioko irudiak zerrendatan antolatzen dira. Iparraldeko horman, buruko zapia duen emakume bat bereizten da, eta emakume ezkondua dela dirudi, ontzi baten gainean jarrita baitago. Horma berean, gizon batek ohean etzanda dagoen beste bati eraso egiten dio, eta ezpata handi bat daraman hirugarren gizon batek geldiarazten du. Hegoaldeko horman, etxe-abereen, hiru erromesen eta adar bat daraman gizon baten irudiak ageri dira.

Hainbat teoria sortu dira pintura-multzoa interpretatzeko asmoz, baina ez dute esanahia eta kronologia argitzerik lortu. Batzuen ustez, Alaizako pinturak Erdi Aroko gizarteko gizon-emakumeen rolen irudikapena dira; beste batzuen ustez, berriz, XIV. mendearen bigarren erdian Arabako Lautadan bizitako gertakarien ondorio izan daitezke, hala nola Nájerako gudua, 1367an gertatua. Edonola ere den, pintura-multzoak ez du inor axolagabe uzten, eta horregatik, tenplu erromaniko hau Euskal Herriko eliza harrigarrienetako bat da.

Partekatu

unesco