Segurtasun Saila

Ertzaintzako Txakur Unitateak eta Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeak lan-bilera egin dute Berroziko Polizia Zentroan

Argitalpen-data: 

  • Bi taldeek pertsonak erreskatatzearen eta bilatzearen esparruko informazioa eta esperientziak partekatu dituzte.
  • Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeak duela gutxi izenpetu du beste lankidetza-hitzarmen bat Eusko Jaurlaritzarekin larrialdien eta babes zibilaren arloan.

  • Ertzaintzako Txakur Unitatearen eta Euskadiko Laguntza Txakurren Taldearen (ELTT) arduradunek lan-bilera egin dute Berroziko Polizia Zentroan, eta pertsonen erreskatearekin eta bilaketarekin zerikusia duten esperientziak eta informazioa partekatu dituzte. Alde horretatik, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeak duela gutxi izenpetu zuen beste lankidetza-hitzarmen bat Eusko Jaurlaritzarekin, taldearen eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren arteko koordinazioa sakontzeko.

    ERTZAINTZAKO TXAKUR UNITATEA “ERTZAINOR”

    Ertzaintzako Txakur Unitatea 1989an sortu zen eta urteko 365 egunetan egoten da aktibo. Unitatea hogeita hamahiru agentek osatzen dute, eta bost lan-espezialitatetan banatuta daude, horietako lau txakur-gidariak dira eta bat instruktorea, eta laguntzako lanak eta operatiboak ere egiten ditu. Txakur bana dute, eta erreskate-atalean sartzen dira.

    Alde batetik, pertsonak bilatzeko lanetan aritzen dira, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak eskatuta, mendian, landa-ingurunean eta hiri inguruetan, barneko uretan (urtegi eta erreketan), kostaldean eta kolapsatutako egituretan. Bestetik, eta Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko unitateek eskatuta, gorpuzkiak eta hondar biologikoak bilatzen ere aritzen dira lesioak eragin dituen eraso bat gertatu den edozein lekutan edo eraso egiteko erabilitako tresnetan.

    Aurten, 2021ean, orain arte, desagertutako 11 pertsona bilatzen, industria-nabe baten hondoratzean eta gorpuzkiak bilatzeko ikerketan laguntzeko 8 jardueratan parte hartu du Ertzaintzako Txakur Unitateak.

    LAGUNTZA TXAKURREN TALDEA

    Bestalde, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeak Elorrion (Bizkaia) du egoitza. Ofizialki 1983an sortu zen, eta urteko 365 egunetan eta 24 orduetan operatibo egoten den sistema batean borondatez parte hartzen duten 13 pertsonak osatzen dute. Batez ere ezbeharrekin eta hondamen publikoekin zerikusia duten ekintzetan laguntzen du.

    Taldea Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako kide da, eta SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko eta Babes Zibileko Zentroak egindako deiei erantzuten die mendi-eremuetan galdutako pertsonak edo hondakinen artean, lur-jausietan edo elur-jausietan harrapatuta geratu diren pertsonak bilatzeko eta aurkitzeko laguntza eskatzen dionean.

    2020ko otsailaren 15ean Eusko Jaurlaritzak hil osteko larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren bereizgarri gorriko domina eman zien 1987an Asturiasen, adingabe baten bila ari zenean, istripua izan zuen Ertzaintzaren helikopteroan zihoazen 7 pertsonei. Zazpi hildako horietako lau Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeko kideak ziren.

    2021ean pertsonak bilatzeko zortzi operatibotan parte hartu du taldeak. Aste honetan bertan bi taldeak elkarrekin aritu dira gizon baten bila Usurbilen, Gipuzkoan.