- Ekitaldia larunbat honetan egingo da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, 112ren Europako Eguna dela-eta
- Era berean, zerbitzua ematen 10 eta 25 urte bete dituzten babes zibileko boluntarioen lana ere aitortuko da
Gaur ospatuko den 112ren Europako Eguna dela-eta, Eusko Jaurlaritzak larunbat honetan, otsailaren 14an, egingo du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduen dominak banatzeko urteko ekitaldia.
Aurten, 43 domina banatuko zaizkie urtean zehar babes zibilaren arloan merezimendu bereziko jarduketak egin dituzten 41 pertsonari. Zehazki, bereizgarri berdedun 42 domina eta bereizgarri gorridun bat banatuko dituzte. Gainera, zerbitzuan 10 eta 25 urte bete dituztela egiaztatzen duten 41 diploma emango dizkiete babes zibileko udal-boluntarioei.
Nabarmendu behar da Donostiako bi udaltzainek bina domina jasoko dituztela, merezimenduzko bi esku-hartzeren protagonista izan direlako.
BEREIZGARRI GORRIDUN 1 DOMINA
Bereizgarri gorridun dominak pertsonak edo ondasunak arrisku larrian daudenean ezohiko karra, ausardia eta elkartasuna erakusten duten aparteko ekintzak edo jarduerak aitortzen ditu.
Edizio honetan, bereizgarri gorridun domina Edwin Geovanny Castillo Lainezi emango diote, 2025eko martxoaren 17an erabakigarritasunez esku hartu baitzuen Bilboko eraikin batean izandako sutean. Castillok adineko bizilagun bat erreskatatzea lortu zuen obrako eskailera bat erabiliz, eta emazteari laguntzen ere saiatu zen, baina, zoritxarrez, beste gela batean zegoen eta ezin izan zuten salbatu, mugikortasun-arazoak baitzituen.
BEREIZGARRI BERDEDUN 42 DOMINA
Bereizgarri berdedun dominak merituzko ekintzen bidez, egoera larrian dauden pertsonak eta ondasunak babesten eta zaintzen modu erabakigarrian laguntzen duten ekintzak aitortzen ditu. Aurten, Eusko Jaurlaritzak aitortu ditu suteetako eta trafiko-istripuetako erreskateak, bihotz-biriketako geldialdietako esku-hartzeak, itotzeko arrisku-egoeretan emandako laguntza, desagertutako pertsonak bilatzea edo suizidio-saiakerak saihestu zituzten jarduketak.
Domina jasoko duten pertsonak eremu profesional eta herritar desberdinetakoak dira: Ertzaintzako eta udaltzaingoetako agenteak, Donostiako Udaltzaingoko kideak, Gurutze Gorriko boluntarioak, osasun-langileak, zerbitzuz kanpo zeuden suhiltzaileak eta larrialdi-egoeretan modu solidarioan eta erabakigarrian esku hartu zuten herritarrak.
- 2024ko azaroaren 26an, Jorge Mejuto Pazosek eta Juan Ignacio Ballesteros Vicentek Ortuellan trafiko-istripu deigarri bat jasan zuen emakume bat atera zuten ibilgailutik. Biek azkar esku hartu zuten, autoak su hartzeko arriskua baitzuen.
- 2025eko urtarrilaren 23an, Diego Hermoso de Mendoza Pi medikuak eta Martín Urieta Alonsok, zerbitzutik kanpora zegoen suhiltzaileak, Bilboko Santutxu auzo inguruan istripu larria izan ondoren hanketako baten anputazioa jasan zuen motozale bati bizia salbatzen lagundu zuten.
- 2025eko irailaren 6an, Ertzaintzako Brigada Mugikorreko José Angel R.C. agenteak, zerbitzutik kanpo zegoenak, emakume bati bizia salbatu zion, Kantabriako Santillana del Mar herriko Ubiarco hondartzan uretatik erreskatatu zuenean.
- 2025eko ekainaren 21ean, Aritz M.F Eibarko udaltzainak, bizia salbatu zion Murieli, bi urteko haurrari, Untzaga plazan jolasean ari zenean asfixia-zantzu nabarmenekin zerraldo erori zenean.
- 2025eko martxoaren 16an, Manuel Sanz Barrachinak eta Imad El Hannaoui Asskik, biak Gurutze Gorriko boluntarioak, kayaka irauli zitzaionean zailtasun handiak zituen gizon bat erreskatatu zuten uretatik Getarian.
- 2025eko urtarrilaren 9an, Sestaoko Ertzain-etxera atxikita zeuden eta zerbitzuz kanpo zeuden Raúl F.B. eta Gontzal G.G. ertzainek Basauriko kirol-esparru batean bihotz-biriketako geldialdia izan zuen gizon bati bizia salbatu zioten BBB bat egin ondoren.
- 2025eko maiatzaren 9an, Ertzaintzako Amalia P.C. agenteak bizia salbatu zion Barakaldon, kale erdian, beste pertsona batekin eztabaida izan ondoren erori eta buruarekin lurra jo zuen gizon bati. Agenteak bihotz-masajea egin zion biktimari, geldialdia izan baitzuen.
- 2024ko irailaren 24an, Guillermo Gómez Jimeno, Guillermo Gómez-Goikoetxea Ortega, Asís Kaifer Areitio, Pablo Cabezuelo Castillo eta Jon Ruiz de Loizaga Peñak Sopelako La Salvaje hondartzan itotzeko zorian zegoen adingabe bat erreskatatu zuten, itsasoaren egoera zela-eta euren biziak arriskuan jarriz.
- 2025eko abuztuaren 12an, Ertzaintzako Carlos M.H. agentea, larrialdietako beste zerbitzu batzuekin batera, Balmasedako Las Laceras egoitzatik desagertutako emakume bat bilatzeko lanetan inplikatu zen. Agenteak aktiboki parte hartu zuen operatiboan, bai zerbitzuan zegoenean bai gero, bere lanaldia amaitu zuenean.
- 2024ko otsailaren 1ean, Ertzaintzako patruila bateko Juan Antonio C.S., Ander G.E., Jesús G.P. eta Asier U.R. agenteek Arrontegiko zubian gizon batek bere buruaz beste ez egitea lortu zuten, harekin elkarrizketa luzea izan ondoren.
- 2025eko irailaren 24an, Erandioko Udaltzaingoko Javier D. L. R. G. D. A. agenteak labana batekin bere burua lesionatu zuen gizon bati bizia salbatzea lortu zuen tornikete bat eginda.
- 2025eko urtarrilaren 4an, Ertzaintzako Ion Ander I.M. agenteak bizia salbatu zion Ibarran trafiko-istripua izan zuen eta ondoeza jasan zuen gizon bati, BBB bat eginda.
- 2025eko urtarrilaren 9an, Jon A.F. Basauriko udaltzaina zuzenean joan zen herriko gimnasio batera, adin ertaineko gizon batek bihotz-geldialdia izan zuela ohartaraziz komisarian dei bat jaso ondoren. Kirol-esparrura iritsi zenean, Jonek BBB maniobrak egin zizkion biktimari, eta, horri esker, bizia salbatzea lortu zuen.
- 2024ko ekainaren 25ean, Ekain Arrizabalaga Etxebarriak lau pertsona artatu zituen, Zestoako udal-barrutian autokarabana batekin talka egin zuen auto batean harrapatuta geratu zirenean.
- 2023ko irailaren 9an, zerbitzuz kanpo zegoen Joan José I.D. Polizia Nazionaleko inspektoreak AP1 autobidean, Legutio parean (Araba), Isuskitza tunelaren barruan gertatu zen trafiko-istripu batean inplikatutako hainbat pertsonari lagundu zien.
- 2025eko abuztuaren 5ean, Hicham Badraouik Donostiako Kontxako hondartzan ahuspez ur gainean zegoen gazte bat erreskatatu zuen Klub Nautikotik 30 bat metrora. Hichamek, bere jaioterrian, Marokon, sorosle gisa aritutakoak, uretatik atera eta hainbat bizkortze-maniobra egin zizkion, bizia salbatzen lagundu ziotenak.
- 2025eko abuztuaren 11n, Julen López Arrastiak bizia salbatu zion Hernaniko Fagollagako presako uretan itotze-zantzu argiak zituen gazte bati.
- 2024ko azaroaren 9an, Donostiako Esther G.S. eta Asier A.A. udaltzainek erabakigarritasunez lagundu zuten erretiratuen zentro batean kontrako eztarritik zerbait joan zitzaion adineko pertsona bati bizia salbatzen.
- 2025eko otsailaren 20an, Daniel O. R., Jaime B. A. eta Mikel G. O. udaltzainek BBB bat egin zioten kale erdian bihotz-geldialdia izan zuen pertsona bati.
- 2025eko uztailaren 16an, Eneritz G. J., Leire L. G. eta Aroa B. F. agenteek bere etxeko balkoian erori zen eta konorterik gabe zegoen emakume bati lagundu zioten. Agenteak eraikineko teilatutik sartu ziren etxean, eta larrialdietako zerbitzuei atea irekitzea lortu zuten.
- 2025eko uztailaren 26an, Iosune L. L., Mikel M. G., Asier A. A., Alberto G. G., Jaime B. A. eta Aritz M. E. agenteek bere etxean bihotz-geldialdia izan zuen gizon bati lagundu zioten. Agenteek egoeraren berri eman zuten anbulantzia bat eskatzeko, eta, aldi berean, bihotz-biriketako bizkortze-maniobretan txandatu ziren.
41 DIPLOMA BABES ZIBILEKO BOLUNTARIOEI
Ekitaldian babes zibileko udal-boluntarioen ibilbidea eta konpromisoa ere aitortuko dituzte. Guztira banatuko dituzte:
- 28 diploma zerbitzuan 10 urte betetzeagatik.
- 13 diploma zerbitzuan 25 urte betetzeagatik.
112aren Europako Eguna dela-eta, Eusko Jaurlaritzak Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren lana balioetsi nahi du, bai eta herritarren bizia eta segurtasuna babesteko egunero esku hartzen dutenen konpromisoa eta profesionaltasuna ere.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)