Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak larrialdi kimiko baten aurreko erantzuna probatu du Lantaronen egindako simulakro batean

Argitalpen-data: 

2026_10_06_Simulacro_Lantaron__1_.jpeg
  • Ariketak ihes toxiko bat simulatu du, ondoren leherketa eta sute bat izan direla eta hainbat biktima egon direla planteatuta, Kanpoko Larrialdi Plana modu simulatuan aktibatuta.
  • Ertzaintzak, Arabako Foru Aldundiko eta Miranda de Ebroko suteak itzaltzeko zerbitzuek, Osakidetzak eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako teknikariek parte hartu dute.
  • Gainera, simulakroan zehar larrialdi kimikoagatik herritarrei abisua emateko sirenak aktibatu dira.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak larrialdi-simulakro integral bat egin du gaur goizean Lantarongo General Química enpresaren instalazioetan, Araban. Ariketak aukera eman du enpresako taldeen eta larrialdi-zerbitzu publikoen erantzun bateratua probatzeko, plantaren kanpoaldean eragina izan dezakeen istripu kimiko baten aurrean.

Praktikak lur gaineko esku-hartzea, SOS Deiaken koordinazio-prozedurak eta herritarrei abisatzeko sistemak aktibatzea uztartu ditu. Helburua izan da larritasuna handituz doan eta kanpoko baliabideak nahiz ingurunerako babes-neurriak txertatzea eskatzen duen larrialdi baten aurrean erantzuna egiaztatzea.

IHES TOXIKOA ABIAPUNTU GISA

Simulakroa 10:30ak aldera hasi da, autoklabeen eremuan hidrogeno sulfuroaren ustezko ihes batekin eta langile bat konorterik gabe aurkitu dutela planteatuta. Agertoki horrek enpresaren Autobabes Plana aktibatzea, barne-brigadaren esku-hartzea eta 112ra abisua ematea ekarri du, kanpoko laguntza eskatzeko.

Ondoren, gidoiak leherketa bat planteatu du, ihes berriak, sute bat eta hainbat biktima simulatu eraginez. Ustezko istripua larriagotzeak eta instalazioetatik kanpo eragina izan zezakeela aurreikusteak Kanpoko Larrialdi Plana eskatzea eta modu simulatuan aktibatzea ekarri du.

LARRIALDI-ZERBITZUEN KOORDINAZIOA

Abisu-deia jaso ondoren, SOS Deiakek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema osatzen duten zerbitzuen mobilizazioa aktibatu du, enpresarekin informazio-trukea mantenduz eta Lantarongo Udalari jakinarazpena eginez, modu simulatuan.

Aldi berean, instalazioetan Aginte Postu Aurreratua eratu da, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako Esku-hartze Zerbitzuko teknikarien gidaritzapean. Puntu horretatik koordinatu da mobilizatutako baliabideen lur gaineko esku-hartzea, larrialdiari —simulatuari— aurre egiteko: Ertzaintza, Arabako Foru Aldundiko eta Miranda de Ebroko suteak itzaltzeko zerbitzuak, eta Osakidetza, enpresako bertako taldeekin batera.

Maniobren artean egon dira biktima simulatuen erreskatea eta arreta, ihesaren kontrola eta suteari emandako erantzuna, bai eta ustezko istripua plantako beste eremu batzuetara hedatzea saihesteko jarduketak ere.

SIRENEN AKTIBAZIOA ETA HERRITARRENTZAKO ABISUAK

Ariketaren barruan, Lantarongo larrialdi kimikoko sirenak ere aktibatu dira, eta abisu geolokalizatuak bidali dira 112 SOS Deiak aplikazioaren “112 Inverso” sistemaren bidez. Helburua izan da bi abisu-sistemen funtzionamendua egiaztatzea eta herritarrak benetako larrialdi kimiko baten aurrean erabiliko liratekeen seinaleekin ohitzea.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)