Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak bihar, igandea, haizeagatik haizeguneetan eta nabigaziorako itsasertzeko arriskuagatik alerta laranja aktibatuko du

Argitalpen-data: 

Txurdinaga__12_.JPG
  • Haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gainditu dezakete Bizkaiko eta Gipuzkoako gune agerietan, bereziki kostaldean.
  • Era berean, abisu horiak aktibatuko dira haizeagatik gune ez-agerietan (Arabako zenbait tokitan 100 km/h-tik gorako boladekin), barnealdeko elurragatik, kostaldeko inpaktuagatik eta ur-proiekzioengatik eta zipriztinengatik.

Eusko Jaurlaritzak bihar, urtarrilaren 25ean, alerta laranja aktibatuko du Bizkaiko eta Gipuzkoako gune agerietan haizeagatik, bai eta nabigaziorako itsasertzeko arriskuagatik ere, datozen orduetarako aurreikusitako egoera meteorologikoaren okertze nabarmenaren ondorioz.

Egoera hori Atlantikoko borraska sakon baten (Ingrid) presentziak eragin du, mendebaldeko haizeen pasabide bizi bat eta itsas denborale gogorra sortuko baititu Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean.

HAIZEA

Euskalmeten aurreikuspenen arabera, igandeko erdialdetik aurrera haizeak mendebaldera egingo du eta nabarmen indartuko da, eta haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gainditu dezakete Bizkaiko eta Gipuzkoako gune agerienetan, bereziki kostaldean. Arabako gune agerietan, berriz, 100 km/h-tik gorako boladak izan daitezke, eta Euskal Autonomia Erkidegoko gune ez-agerietan, 80 km/h-tik gorakoak.

Horren ondorioz, honako neurri hauek aktibatuko dira:

  • Haizeagatik alerta laranja, Bizkaiko eta Gipuzkoako gune agerietan, igandeko 12:00etatik 00:00etara.
  • Haizeagatik abisu horia, Arabako gune agerietan, igandeko 12:00etatik 00:00etara.
  • Haizeagatik abisu horia, lurralde osoko gune ez-agerietan, igandeko 12:00etatik 00:00etara.

ITSASOA

Itsasoaren egoerari dagokionez, itsas denboralea pixkanaka gogortuko da igandean zehar, eta olatu esanguratsuen altuerak 5 metroak gainditu ditzake arratsaldean, eta egunaren amaieran 6 metrora iritsi. Baldintza kaltegarri horiek astelehen goizaldean ere mantenduko dira.

Horregatik, nabigaziorako itsasertzeko arriskuagatik indarrean dagoen abisu horia alerta laranja bihurtuko da bihar, igandea, 15:00etatik asteleheneko 06:00etara. Era berean, itsasgoretan abisu horiak aktibatuko dira balizko gainezkatzeengatik, eta ur-proiekzioengatik eta zipriztinengatik beste abisu hori bat ere ezarriko da, olatu handien eta mendebaldeko haize bortitzaren ondorioz; horrek gorabeherak eragin ditzake itsas pasealekuetan eta kostaldeko guneetan.

Edonola ere, gomendatzen da Euskalmeten webgunearen eta X sare sozialean duen profil ofizialaren bidez eguneratutako iragarpen meteorologikoen jarraipena egitea, eta, halaber, Euskalmetek eskaintzen duen neurrira egindako abisuen zerbitzuan izena ematea.

GOMENDIOAK

Haizeagatik eta itsasertzeko arriskuagatik alerta laranja hauek aktibatu direnez, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak herritarrei gogorarazten die ezinbestekoa dela arreta berezia jartzea eta segurtasun-gomendioak zorrotz betetzea.

Ildo horretan, haize bortitzei dagokienez, gomendatzen da ateak, leihoak eta toldoak ixtea eta ondo bermatzea, kalera eror daitezkeen loreontziak edo bestelako objektuak kentzea, eta aldamioak, garabiak eta obra-elementuak behar bezala finkatzea. Kanpoan, komeni da erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik eta publizitate-hesietatik urruntzea, eta eraikuntza-lanetan dauden edo egoera txarrean dauden eraikinen inguruan arreta berezia jartzea.

Bestalde, gomendatzen da bainua eta edozein jarduera urtarren edo urpeko saihestea, bai eta ontzien erabilera ere, eta, hala badagokio, amarrak berrikustea. Era berean, aholkatzen da arriskutsuak izan daitezkeen guneetara ez sartzea, uhinen apurketa-guneetatik, dikeetatik, kaietatik, itsas pasealekuetatik eta labarretatik urruntzea, eta kostaldetik hurbil dauden errepideetan zirkulazioa saihestea.

Itsasora erortzen bada edo olatuek eramaten badute, garrantzitsua da lasaitasuna mantentzea, uhinen apurketa-guneetatik aldentzea, kontrakorrontzearen aurka ez igeri egitea, eta laguntza eskatzea erreskate-zerbitzuak iritsi arte.

Larrialdi-egoeraren bat gertatuz gero, herritarrei eskatzen zaie berehala 112 zenbakira deitzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)