Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak Baso Suteen Arriskuagatiko Larrialdietako Plan Bereziaren 1. egoera ezarri du, Zaldibiako sutearen bilakaera dela eta

Argitalpen-data: 

SOS_Deiak.png
  • Aktibazioa Zaldibiako Aiestaran Erreka auzoko baso-eremu batean bart gauean piztutako sutearen bilakaeraren ondorio da.
  • Sutearen alboetako baten bilakaera txarrak inguruko ondasun batzuk arriskuan jar ditzake, baina, oraingoz, ez da inor ebakuatu behar izan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Euskadiko Baso Suteen Arriskuagatiko Larrialdietako Plan Bereziaren Larrialdi Faseko 1. egoera ezarri du gaur goizean, Gipuzkoako Zaldibia udalerrian bart gauean piztutako baso-sutearen bilakaera dela eta. Erabakia Gipuzkoako Foru Aldundiak bere Foru Jarduketa Plana 2. egoera operatibora igo ondoren hartu da.

Sutea 02:50ak aldera piztu da Aiestaran Erreka auzoko baso-eremu batean. Ordutik, suteak itzaltzeko zerbitzuetako hainbat dotazio, Ertzaintzako agenteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuko langileak ari dira sua itzaltzeko lanetan.

Eskura dagoen informazioaren arabera, une honetan sutearen alboetako bat kontroletik kanpo geratu dela dirudi, eta horrek inguruan dauden ondasun batzuk arriskuan jar ditzake. Oraingoz, ez da inor ebakuatu behar izan, eta sutea itzaltzeko baliabideak berrantolatzen ari dira, kaltetutako eremuan egiten ari diren lanak indartzeko.

LARRIALDIETAKO PLAN BEREZIA

  1. egoera ezartzeak aukera ematen du larrialdiaren jarraipena eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako baliabideen koordinazioa indartzeko, sutea itzaltzeko lanetan parte hartzen duten erakunde eta zerbitzuekin elkarlanean.

Larrialdiaren zuzendaritza operatiboa Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean dago oraindik, bere Foru Jarduketa Planaren bidez. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak Aginte Postu Aurreratuan parte hartzen du, Euskadiko Larrialdietako Plan Bereziarekiko koordinazioa bermatzeko.

Egoera horren aurrean, Segurtasun Sailak herritarrei gomendatzen die kaltetutako eremura ez hurbiltzeko, sarbideak libre uzteko larrialdi-zerbitzuen lana errazte aldera, eta Ertzaintzaren eta suteak itzaltzeko taldeen jarraibideak une oro betetzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)