Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du ostegunerako nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik

Argitalpen-data: 

  • Aldi berean, hainbat abisu hori ere aktibatuko dira ur-kolpe eta -zipriztinengatik, eta haizeagatik, haizegunetan eta haizeguneak ez diren tokietan.

Eusko Jaurlaritzak ostegun honetan, otsailaren 12an, 00:00etatik 18:00etara bitartean, nabigaziorako (kostaldetik lehen bi miliatan) itsasertzeko arriskuagatik alerta laranja aktibatuko du, itsasoaren egoeraren okertze nabarmena aurreikusten baita Atlantikoko borraska sakon berri baten etorreraren ondorioz.

Iragarpena

Euskalmeten arabera, asteazkena, hilak 11, eta osteguna, hilak 12, bitartean, “Nils” izeneko borraska sakon bat Britainia Handiko uharteen hegoaldetik igaroko da, bere zentroa Bretainia ingurutik pasatuz. Egoera horrek mendebaldeko osagaiko haize biziak eragingo ditu, eta itsas baldintzen okertze nabarmena ekarriko du.

Testuinguru horretan, itsasoaren egoerak okerrera egingo du asteazkenean zehar eta, bereziki, ostegunean. Olatu esanguratsuaren altuerak 5-6 metroak gainditu ditzake, eta goizean 6-7 metro ingurura iristea ere ez da baztertzen. Arratsalde-gau aldetik aurrera beheranzko joera hartuko du, eta eguna 3,5 metro inguruko olatuarekin amaitzea aurreikusten da.

Mendebaldeko haizea indartsua izango da egunaren lehen erdian, eta litekeena da haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditzea gune agerietan; bereziki kostaldean, boladek 110-120 km/h-ra irits daitezke. Gune ez-agerietan, berriz, haize-boladek 80 km/h-tik gora jo dezakete, batez ere kostaldetik hurbileko eremu ez-agerietan eta Arabako hegoaldean.

Iragarpen meteorologikoen eguneratzeak Euskalmeten webgunearen eta X sare sozialeko profil ofizialaren bidez jarraitzea gomendatzen da, baita Euskalmetek eskaintzen duen abisuak nahieran zerbitzuaren bidez.

Gomendioak

Itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja aktibatu dela eta, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak herritarrei gogorarazten die oso garrantzitsua dela kostaldeko eremuetan kontu handiz ibiltzea eta segurtasun-gomendioak betetzea.

Bainatzea eta uretako edo urpeko edozein jarduera saihestea gomendatzen da, baita ontziak erabiltzea ere, eta, nolanahi ere, horien amarrak berrikustea. Era berean, gomendatzen da arriskutsuak izan daitezkeen lekuetara ez sartzea, urautsietatik, kai-muturretatik, kaietatik, itsas-pasealekuetatik eta itsaslabarretatik urruntzea, eta kostaldeko lerrotik gertu dauden errepideetatik zirkulatzea saihestea.

Itsasora eroriz gero edo olatuek eramanez gero, garrantzitsua da lasai egotea, urautsietatik urruntzea eta korrontearen kontra ez igeri egitea, laguntza eskatuz eta erreskate-zerbitzuak iritsi arte zain egonez.

Herritarrei eskatzen zaie edozein larrialdi-egoeratan berehala 112ra deitzea. 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)