Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du bihar ostiralerako nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik

Argitalpen-data: 

alerta_laranja_nabigazioa_eu.jpg
  • Aldi berean, hainbat abisu hori ere aktibatuko dira ur-kolpe eta -zipriztinengatik, haizeagatik haizeguneetan eta elurragatik.

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du nabigaziorako (lehenengo bi milietan) itsasaldeko arriskuagatik bihar, ostirala, urtarrilak 9, 09:00etatik 24:00etara, olatuen altuera adierazgarria 5 eta 6 metro artekoa izatea aurreikusten baita. Aldi berean hainbat abisu hori aktibatu dira ur-kolpe eta -zipriztinengatik; haizeagatik hiru lurraldeetako haizeguneetan, boladak 100 km/h-tik gorakoak izan baitaitezke; eta elurragatik barnealdean, elur-maila 700-800 metrora jaits baitaiteke.

Iragarpena

Euskalmeten arabera, gaur, osteguna, Goretti izeneko depresio bat sortzen ari da Atlantikoan, eta horrek aldaketa nabarmena eragingo du datozen orduetan: mendebal/ipar-mendebaldeko haize bizia, prezipitazioak eta elur-kota jaistea, itsasoaren egoerak okerrera egiteaz gain.

Nabigazioari begira, itsasoaren egoera zailtzen hasiko da ostiral goizaldean (hilaren 9an). Olatuak ugaritu egingo dira, eta 5 metrotik gorako altuera izan dezakete goizean, eta 5-6 metrokoa egunaren gainerako orduetan. Horrekin batera mendebal/ipar-mendebaldeko haizea 6-7ko indarrarekin ibiliko da, eta 8ko tarteak izango ditu.

Bestalde, ostiralean (hilaren 9an) eta larunbatean (hilaren 10ean) zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, prezipitazioak ahulak eta moderatuak izango dira, eta ugariagoak, iraunkorragoak eta orokorragoak izango dira isurialde atlantikoan, batez ere ostiral arratsaldean eta larunbateko lehen partean. Ostiralean ekaitzak sor litezke eta txingorra ere bota dezake. Elur-maila 700-800 metro inguruan kokatuko da, eta larunbatean berriz ere gora egingo du. Mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da, eta itsasertzean bolada zakarrak izango dira. Tenperatura maximoek behera egingo dute, eta izotza egin lezake mendialdeetan.

Iragarpen meteorologikoen eguneratzeak Euskalmeten webgunearen eta X sare sozialeko profil ofizialaren bidez jarraitzea gomendatzen da, baita Euskalmetek eskaintzen duen abisuak nahieran zerbitzuaren bidez.

Gomendioak

Itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja aktibatu dela eta, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak herritarrei gogorarazten die oso garrantzitsua dela kostaldeko eremuetan kontu handiz ibiltzea eta segurtasun-gomendioak betetzea.

Bainatzea eta uretako edo urpeko edozein jarduera saihestea gomendatzen da, baita ontziak erabiltzea ere, eta, nolanahi ere, horien amarrak berrikustea. Era berean, gomendatzen da arriskutsuak izan daitezkeen lekuetara ez sartzea, urautsietatik, kai-muturretatik, kaietatik, itsas-pasealekuetatik eta itsaslabarretatik urruntzea, eta kostaldeko lerrotik gertu dauden errepideetatik zirkulatzea saihestea.

Itsasora eroriz gero edo olatuek eramanez gero, garrantzitsua da lasai egotea, urautsietatik urruntzea eta korrontearen kontra ez igeri egitea, laguntza eskatuz eta erreskate-zerbitzuak iritsi arte zain egonez.

Herritarrei eskatzen zaie edozein larrialdi-egoeratan berehala 112ra deitzea. 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)