Segurtasun Saila

Euskalmetek uztaila oso beroa eta oso lehorra izan dela adierazi du

Argitalpen-data: 

Euskalme_eu.jpg
  • Gutxienez 1970etik izandako uztailik beroena izan da, 1991-2020 aldiko batezbestekoarekiko 3,6 °C-ko anomalia termikoarekin.
  • Hilabetea uztailaren 5etik 12ra bitartean izandako bero-boladak markatu du, urteko laugarrenak.

Euskal Meteorologia Agentziak, Euskalmetek, joan den uztaila oso beroa izan dela adierazi du tenperaturei dagokienez, eta oso lehorra prezipitazioari dagokionez. Batez besteko tenperaturak 1991-2020 aldiko batezbestekoa baino 3,6 °C gorago kokatu dira; horrenbestez, 2026ko uztaila gutxienez 1970etik izandako uztailik beroena izan da, 2006an erregistratutako aurreko errekorra 1,1 °C-an gaindituta.

Hilabetean egun oso beroak izan dira nagusi, eta egun askotan anomalia termikoak 4 °C-tik gorakoak izan dira. Gertakaririk nabarmenena uztailaren 5etik 12ra bitartean izandako bero-bolada izan zen, urteko laugarrena, eta lurralde osoari eragin zion modu orokorrean. Mediterraneo isurialdean, gainera, beroaldi hori hilaren 15era arte luzatu zen.

Gertakari horretan, tenperatura maximoek oso balio altuak izan zituzten. Uztailaren 6an beroa orokorra izan zen, bereziki Kantauri isurialdeko barnealdean; han, 40 °C-ak gainditu ziren hainbat tokitan, honako erregistro hauekin: Gardea 41,4 °C, Balmaseda 40,9 °C, Arrasate 40,5 °C, Saratxo 40,4 °C, Igorre 40,4 °C, Elorrio 40,2 °C eta Zalla 40,1 °C. Uztailaren 7an beroa apaldu egin zen Kantauri isurialdean, baina biziagoa izan zen Mediterraneo isurialdean, eta maximoak 40 °C-ra iritsi ziren Nanclaresen, 39,9 °C-ra Arkautin eta 39,6 °C-ra Abetxukun.

Uztailaren 12an berriro ere gorakada termiko nabarmena izan zen, eta tenperaturak 39-40 °C ingurukoak izan ziren Kantauri isurialdeko eremu zabaletan. Nabarmentzekoak dira Sodupe-Cadaguako 40,7 °C-ak, Gardeako 40 °C-ak, Elorrioko 39,4 °C-ak eta Zizurkilgo eta Muxikako 39,1 °C-ak. Maximoak hilaren 6koak bezain altuak izan ez baziren ere, gertakariaren jardunaldirik esanguratsuenetako bat izan zen, tenperatura minimo altuengatik eta lurraldearen zati handi batean izandako gau tropikalengatik.

Tenperatura minimoak ere oso nabarmenak izan ziren, bereziki hilaren lehen erdiko beroaldian. Uztailaren 9tik 15era bitartean uztaileko tenperatura minimo altuenen hainbat errekor gainditu ziren, eta estazio askotan balioak ez ziren 22-23 °C-tik behera jaitsi. Besteak beste, honako hauek nabarmendu ziren: Galdakao 23,1 °C, Sodupe-Cadagua 22,5 °C, Santa Clara 23,3 °C, Elorrio 22,9 °C, Galindo 23,3 °C eta Zorrotza 22,9 °C.

Hilaren amaieran, uztailaren 28tik 30era bitartean, beroaren beste gorakada bat izan zen, laburragoa, eta batez ere barnealdeari eragin zion. Hilaren 28an maximoak berriro 40 °C ingurukoak izan ziren Kantauri isurialdeko barnealdean: Igorre 40,1 °C, Alegia 39,9 °C, Gardea 39,9 °C eta Elorrio 39,7 °C. Hilaren 29an beroa batez ere Mediterraneo isurialdean pilatu zen, honako erregistro hauekin: Estanda 40,3 °C, Arkauti 39,6 °C, Zambrana 39,5 °C, Espejo 39,4 °C eta Subijana 39,2 °C.

Prezipitazioari dagokionez, uztailak izaera oso lehorra izan du oro har, eta baita oso-oso lehorra ere Gipuzkoako ekialdeko zenbait eremutan. Arabako Errioxan bakarrik izan da portaera normala. Mende honetan orain arte izandako datuei erreparatuta, Euskadiko bosgarren uztailik lehorrena izan da, eta Gipuzkoako lehorrena.

Pilatutako prezipitazio urria zaparrada trumoitsuek baldintzatu dute neurri handi batean; horren ondorioz, banaketa espaziala ez da ohikoa izan. Pilaketarik handienak oso lokalizatuak izan ziren, eta estazio bakar batek gainditu zituen 50 l/m²-ak: Ameraunek, 52,7 mm-rekin. Nabarmentzekoak dira, halaber, Urduliz 41,8 mm, Añarbe 40,6 mm, Eskas 34,8 mm eta Páganos 30 mm. Kontrako muturrean, baliorik txikienak Araban erregistratu ziren, euri-egun bakarra edo bat bera ere izan ez zuten estazioetan: Espejo 1,2 mm, Ilarduia 1,1 mm eta Kanpezu 0,5 mm.

Hilaren lehen bi herenak oso lehorrak izan ziren, eta uztailaren 25a izan zen pilaketa oso handiak utzi zituen egun bakarra, tokian-tokian gogorrak izan ziren zaparrada trumoitsuen ondorioz. Egun hori izan zen hileko euritsuena, lurralde osoan batez beste 6,4 mm pilatuta. Arratsaldean Arabako Errioxako zaparradak nabarmendu ziren, Paganosen 27,1 mm/h eta 14,3 mm/10 min erregistratuta; baita Gipuzkoakoak ere, Ameraunen 19,2 mm/h eta Bidanian 17,6 mm/h. Gauean, zaparrada trumoitsuen lerro batek batez ere Bizkaiko kostaldeari eragin zion, Urdulizen 24,1 mm/h eta Matxitxakon 15 mm/h erregistratuta.

Muturreko meteorologiari dagokionez, uztaila tenperatura altuek markatu dute argi eta garbi. Guztira, 34 abisu hori eman ziren: 3 prezipitazio handiengatik, 8 tenperatura altu iraunkorrengatik, 18 muturreko tenperatura altuengatik eta 5 baso-sute arriskuagatik. Gainera, 10 alerta laranja aktibatu ziren: horietatik 1 tenperatura altu iraunkorrengatik, 5 muturreko tenperatura altuengatik eta 4 baso-sute arriskuagatik.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)