Segurtasun Saila

Euskalmetek TECO-2026an parte hartu du, Munduko Meteorologia Erakundearen behaketa-sistemei buruzko konferentzia teknikoan

Argitalpen-data: 

TECO2026.jpg
  • Euskal Meteorologia Agentziak hildako landare-erregai txikiaren hezetasuna eta tenperatura monitorizatzeari buruzko hainbat lan zientifiko aurkeztu ditu Amsterdamen, baso-sute arriskuaren analisiarekin lotuta, bai eta Euskadin bereizmen handiko behaketa-sare bat garatzeari buruzkoak ere.

Euskal Meteorologia Agentziak, Euskalmetek, TECO-2026an parte hartu du aste honetan, Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) antolatutako Behaketa Tresna eta Metodoen Konferentzia Teknikoan. Topaketa Amsterdamen egin da, urriaren 5etik 8ra bitartean.

Hitzordu horrek hainbat herrialdetako meteorologia- eta hidrologia-zerbitzuetako, ikerketa-zentroetako, unibertsitateetako, enpresetako eta erakunde publiko zein pribatuetako adituak bildu ditu, behaketa-sistemen eta neurketa-teknologien azken aurrerapenei buruzko ezagutza partekatzeko. Aurtengo edizioa “Developments in Earth System Measurements and Technologies” lelopean egin da, eta arreta berezia jarri du, besteak beste, behaketa-teknologia berrietan, datu-iturri desberdinen integrazioan, neurketen kalitatean eta adimen artifiziala bezalako tresnen txertaketan.

Ildo horretan, Euskalmetek hildako landare-erregai txikiaren hezetasunaren monitorizazioan zentratutako hiru lan zientifiko aurkeztu ditu topaketan; aldagai hori interesgarria da baso-sute arriskuarekin lotutako baldintzen bilakaera ezagutzeko. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta USE4FOREST Europako proiektuaren bidez kofinantzatutako azterlanek, batetik, Euskadin bereizmen handiko sare bat hedatzea aztertzen dute, landare-erregaiaren egoerari buruzko informazio zehatzagoa izateko; eta, bestetik, sentsoreen portaera eta erabilgarritasuna aztertzen dituzte, hainbat urtez funtzionatzen egon ondoren, bai eta aldagai horrek baldintza atmosferikoen aurrean ematen duen erantzuna ere. Azterlan horiek Euskalmeten ikerketa- eta berrikuntza-jardueraren parte dira, behaketa-sistemak hobetzeko eta arriskuen prebentziorako eta kudeaketarako informazio baliagarria sortzeko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) batera, laugarren lan bat ere aurkeztu da, behaketa meteorologikoa indartzeko behaketa-kameren sare berri baten diseinuan zentratua.

Horrela, Euskalmetek Amsterdamen izan duen presentziak euskal meteorologiaren nazioarteko proiekzioa indartzen laguntzen du, beste meteorologia-zerbitzu batzuekin ezagutza trukatzea erraztuz eta Euskadin eskaintzen diren behaketa, iragarpen eta meteorologia-zerbitzuak hobetzeko baliagarriak izan daitezkeen aurrerapen zientifiko eta teknologikoak txertatzeko aukera emanez.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)