- Euskal Meteorologia Agentziak Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko VII. Nazioarteko Kongresuan parte hartu du, itsasertzeko eta kostaldeko arriskuengatiko abisuei buruzko ponentzia batekin eta modelizazioari, adimen artifizialari eta kostaldearen zaintzari buruzko hiru lanekin.
Euskal Meteorologia Agentziak, Euskalmetek, UHINAK Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko VII. Nazioarteko Kongresuan parte hartu du aste honetan. Topaketa urriaren 8an eta 9an egin da Irunen. Arku atlantikoko itsasertzean klima-aldaketak eta muturreko fenomenoek planteatzen dituzten erronketan zentratutako kongresuak administrazio publikoetako, ikerketa-zentroetako, unibertsitateetako eta beste erakunde batzuetako adituak bildu ditu, klima-aldaketak kostaldeko eremuetan duen eragina aztertzeko eta arriskura egokitzeko nahiz arriskua kudeatzeko estrategiak, tresnak eta konponbideak partekatzeko.
Kostaldeko arriskuei eta muturreko gertakariei eskainitako blokearen barruan, Santiago Gaztelumendik, Euskalmeteko Estrategia eta Koordinazioko zuzendariak, Agentziaren itsasertzeko eta kostaldeko arriskuen zaintza- eta kudeaketa-eredua aurkeztu du. Euskalmetek garatzen duen lan horren helburua da fenomeno meteorologiko mota horiei buruzko ezagutza hobetzea eta euskal kostaldean duten eragina ebaluatzea.
Ildo horretan, kongresuan zehar, Euskalmetek kostaldearen modelizazioarekin eta zaintza operatiboarekin lotutako hiru lan ere aurkeztu ditu. Zehazki, Euskadin ezartzen ari diren ereduen aplikazioan egindako aurrerapenak eman dira ezagutzera, euskal kostaldeko itsasertzeko eta kostaldeko arriskuari buruzko ezagutza hobetzeko, bai eta adimen artifizialeko eta ikaskuntza automatikoko teknikak arrisku horien eragina modelizatzeko erabiltzen ari direla ere. Lan horietako batzuk Regions4Climate Europako proiektuaren barruan kokatzen dira, eta Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko Sailburuordetzaren eta Ingurumen Sailburuordetzaren kofinantzaketa ere badute.
Horrela, Euskalmetek itsasertzeko eta kostaldeko fenomenoen zaintza, iragarpen eta inpaktuaren analisiaren tresnak hobetzen jarraitzeko apustuari eusten dio, prebentziorako, larrialdien kudeaketarako eta erabakiak hartzeko informazio baliagarria sortzeko helburuarekin. Aldi berean, esperientziak eta ezagutza partekatzen ditu itsasertzaren azterketan eta egokitzapenean espezializatutako beste erakunde eta zentro batzuekin.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)