Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

TEKgunea 4.0. Gure kronika.

Argitalpen-data: 

 TEKgunea taldearen kronika

TEKgunea ezinbesteko hitzordua da teknologian eta horrek administrazio publikoan duen eraginean interesa duten pertsonentzat. Abenduaren 4an laugarren edizioa egin zen. Hona hemen han azaldutakoaren kronika.

TEKgunea 4.0 jardunaldiaren leloak galdera eta erantzun bana biltzen zituen, aurreko edizioaren amaierarekin loturik: “Eta orain zer? Nola erabili teknologia emergenteak izapideak arindu eta errazteko”.

Hitzordua Gasteizen (Araba) izan zen, Ondare Center gune berezian. Arkitektura eta ezagutza, EUNEIZ unibertsitatearen egoitza ere baden eraikinean.

Izapideak arinduz eta sinplifikatuz eta, jakina, gizartean inpaktua sortuz herritarrengana hurbiltzeko teknologia disruptiboei etekina ateratzeko dugun modua aztertzeko eta ezagutza partekatzeko deiari 250 pertsonak baino gehiagok erantzun zioten.

Iñaki Leturia EiTBko Teknopolis saioaren aurkezleak gidatu zuen ekitaldi osoa. 

JARDUNALDIA 

Jardunaldiari Maria Ubarretxena Cid Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren sailburuak eman zion hasiera, anfitrioi gisa. Nabarmentzekoa da Administrazioa desburokratizatzeko, arintzeko eta sinplifikatzeko lankidetzaren aldeko apustua egin duela legegintzaldi honetan. Agenda komun baten alde egin du, eraldaketa digitalaren, elkarreragingarritasunaren eta leihatila bakarraren ereduaren ikuspegi bakarrarekin lan egiteko. Gainera, pertsonek eta enpresek gehien eskatzen dituzten zerbitzuen eta izapideen berri eman zigun. Horietan jarriko da sinplifikazioaren fokua 2025etik aurrera Eusko Jaurlaritzan, eta honako hauek dira:

1. Emantzipa

2. Gaztelagun (etxebizitzak alokatzeko Alokabideren laguntzak)

3. Familia- eta lan-bizitza bateragarri egiteko laguntzak

4. Telelaguntza Zerbitzu Publikoa (BetiOn)

5. Izena ematea Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan

6. Diru-sarrerak bermatzeko errenta

7. Hondakin metalikoak kudeatzen dituzten enpresentzako komunikazio-zerbitzua

8. Seme-alabengatiko laguntzak

Aurreko edizioaren kontuak ematea

TEKgunearen aurreko edizioan aurkeztutako proiektuei buruzko kontuak emateko txanda hasi zuen Bilboko Udaleko Ane Miren Ibáñezek. Seuldik etorri zen nazioarteko sari batekin, iaz ezagutu genuen “Zibersegurtasuna herritarrentzat” proiektuagatik. Ekimen hori Bizkaiko hiriburuan hedatzen ari den Bilboko Eraldaketa Digitalerako Agenda 2030 estrategian sartzen da.

Era berean, Kudeaketa Prozesaleko Avantius Sistema Eusko Jaurlaritzan garaiz hedatzen ari dela jakin ahal izan genuen, eta horretan elkarrekin lanean ari direla EAE, Nafarroa, Kantabria, Aragoi eta Andorra. Ana Lópezek oraindik abian den proiektuaren aurrerapenak eta gainditu dituzten zailtasun eta oztopo guztiak azaldu zituen. Dagoeneko 8 milioi jakinarazpen judizial telematiko baino gehiago biltzen ditu.

Lehen bloke hori ixteko, Oier Pérezek TEKgunearen formatu txikiaren berri eman zigun. Formatu hori iritzi- eta balorazio-inkestetan egindako iradokizunen bidez sortu zen. 2023an parte hartzeko bi jardunaldi tematiko egin ziren, “NIK Patrika Digitala” eta “geoEuskadi” proiektuak ardatz hartuta. EAE osoko hainbat udalerritan geoUdala lantaldeen eredu bat garatzea ahalbidetu duen jardunaldiaren esperientzia positiboa azaldu zigun Juan Carlos Barrosok. Izandako arrakasta eta hainbat entitatek adierazitako interesa kontuan hartuta, eredu txikian lanean jarraituko dugu 2025ean, iradokizunen arabera.

Mikroponentziak

Jardunaldiaren bloke nagusia hitzaldi laburretan aurkeztu ziren 6 proiektu berriak izan ziren, berrerabiltzeko eta taldean lan egiteko helburua zutenak.

CCASAtik, Rubén Gilek barne-proiektu batean lortutako ezagutza guztia partekatu zuen. Proiektu hori Teamseko txatbot baten inguruan garatu dute AA sortzailearekin, eta barne-dokumentuei buruzko galderei erantzuteko aukera ematen du.

EJIEko Mónica Lamasek xehe azaldu zigun Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuan herritarrei arreta emateko abian jarri duten sistema adimendun eta aurreratu berriaren garapena. Herritarrei zuzendutako proiektua da, kanal anitzeko arreta pertsonalizatu ulerterraza eman ahal izateko (Zuzenean Copilot).

IZFEko Eduardo Carrascok AAn oinarritutako laguntzaile bat garatzeko esperientzia azaldu zuen. Laguntzaileak balorazio arin, zehatz, homogeneo eta funtsatua egin dezake, mendekotasun-kasuetarako itxaronaldiak murriztuta. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena izaki, legeak betez eta modu guztiz etikoan.

Lantikeko Ainara Etxeandiak, bestalde, Bizkaiko Foru Aldundian izapideak arintzeko eta sinplifikatzeko estrategia nola planteatzen ari diren azaldu zigun, hainbat proiektutan AA eta automatizazioa baliaturik. Hainbat sailetan garatzen ari diren AA klasikoaren, AA sortzailearen eta RPAren kasuak.

Donostiako Udaleko Manu Narvaez udal webgunea AAren bidezko irakurketa errazerako eraldatzeko prozesuan ari da lanean. Edukien eta erabiltzaile-esperientziaren azterketa xehatu batetik abiatutako proiektua da, eta informazio-iturriak lantzeko aukera ematen du, bai gaztelaniaz, bai euskaraz, ulerterrazagoak izan daitezen.

Azken hitzaldi laburrean azaldu ziguten Eusko Jaurlaritza sinplifikazio administratiboko eredu bat lantzen ari dela, bai eta zein diren pertsonak erdigunean jartzen dituen ereduaren hurrengo urratsak. Aurkezpen horrek agerian utzi zuen erronka handia dela, eta zailtasunen berri eman ziguten EJIEko Maritxu Rodriguezek eta Eusko Jaurlaritzako Noemí Aldamak.

Mahai-inguru

Jardunaldiaren amaieran mahai-inguru bat egin zen, Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Artatzeko eta Administrazioa Berritzeko zuzendari Sabino San Vicentek moderatuta.

Mahai-inguruak izenburu hau zuen: “Herritarren arreta teknologia disruptiboen aroan. Arreta-eredu aurreratuak”. Hiru foru-aldundietan herritarrei arreta emateko eskumena duten pertsonek parte hartu zuten, eta haien egungo ikuspegia partekatu ziguten, etorkizunari begira. Ikusi ahal izan genuenez, administratuekiko harreman-ereduek aldaketak izango dituzte datozen urteetan, eta azken 10 urteetan ikusi ditugunak baino askoz ere eraldatzaileagoak izango dira.

Hauek izan ziren mahai-inguruko parte-hartzaileak: Iker Miranda, Arabako Foru Aldundiko Zerbitzu Orokorren zuzendaria; Xabier Iridoy, Gipuzkoako Foru Aldundiko Administrazioaren Berrikuntzako zuzendari nagusia; eta Javier Bikandi, Bizkaiko Foru Aldundiko Koordinaziorako eta Estrategia Digitalerako zuzendari nagusia.

Itxiera

Eusko Jaurlaritzako Administrazio Digitalaren eta Zerbitzu Orokorren sailburuorde Agustín Zubillaga Regok eman zion itxiera jardunaldiari. Hainbat gogoeta egin zituen eta jardunaldian ikusitakoa 3 ideiaren inguruan laburbildu zuen: teknologia, konpromisoa eta pertsonak. Inork ez du teknologiarik gabeko Administrazioa ulertzen, eta bere ahalmen eraldatzailea aprobetxatu behar dugu. Teknologiaren eta prozesuaren arteko binomioa negoziotik hurbil egoteko diziplina anitzeko elkarrizketa holistikoetan, eta, hala, pertsonengandik eta haien premietatik hurbil. Gogoetarako galdera bat uzten digu: 10 urte barru, zer?

Hitzaldien eta hizlarien zerrenda 

· “Zibersegurtasuna eta ongizate digitala” Ane Miren Ibáñez (Bilboko Udala) Ciberseguridad-y-Bienestar-Digital_TEKgunea-2024.pdf (PDF, 7 MB) 

· “Avantius prozeduren espediente judizialean (Justizia)”. Ana López (Eusko Jaurlaritza) TEKGune-2024-v2.pdf (PDF, 1 MB) 

· “TEKgunea Txiki. Esperientzia: geoEuskadi”. Juan Carlos Barroso (Eusko Jaurlaritza) eta Oier Pérez (Eusko JaurlaritzaTxiki-geoUdala.pdf (PDF, 5 MB) 

· “Txatbot Teamsen AA sortzailearekin”. Rubén Gil (CCASA) Presentacion-PoC-IA-Tekgunea.pdf (PDF, 345 KB) 

· “Herritarrentzako arreta adimenduna/aurreratua”. Sara Egiluz (Eusko Jaurlaritza) y Mónica Lamas (EJIE) ZuzeneanCopilot.pdf (PDF, 652 KB) 

· “Mendekotasuna baloratzeko AA laguntzailea”. Eduardo Carrasco (IZFE) BVD-Bot-TEK-Gunea-4.12.2024-v4.pdf (PDF, 1 MB) 

· “AAn oinarritutako eraldaketa digitala”. Ainara Etxeandia (Lantik) TEKGUNEA_Lantik_4_nov_2024.pdf (PDF, 1 MB) 

· “Irakurketa erraza AAren eskutik”. Manu Narváez (Donostiako Udala) AIren-erabilpenak-_Donostia.pdf (PDF, 619 KB) 

· “Sinplifikazio administratiboa: hurrengo urratsak”. Noemí Aldama (Eusko Jaurlaritza) eta Maritxu Rodríguez (EJIE) Modelos-Atencio-n-Avanzados.pdf (PDF, 513 KB)  

· Mahai-ingurua: “Herritarren arreta teknologia disruptiboen aroan. Arreta-eredu aurreratuak” Sabino San Vicente (Herritarrak Artatzeko eta Administrazioa Berritzeko Zuzendaritza. Eusko Jaurlaritza) Iker Miranda (Zerbitzu Orokorren zuzendaria. Arabako Foru Aldundia) Xabier Iridoy (Administrazioaren Berrikuntzako zuzendari nagusia. Gipuzkoako Foru Aldundia) Javier Bikandi (Koordinaziorako eta Estrategia Digitalerako zuzendari nagusia. Bizkaiko Foru Aldundia)

Jardunalidaren bideoak

Aurreko edizioak 

· TEKgunea 1.0: 2021eko martxoaren 24an eta 25ean Gasteizen (Araba) egina, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan.

· TEKgunea 2.0: 2022ko maiatzaren 25ean Oñatin (Gipuzkoa) egina, Arantzazuko Santutegiaren inguruan.

· TEKgunea 3.0: 2023ko apirilaren 26an Bilbon (Bizkaia) egina, Guggenheim museoan.

· TEKgunea 3.7: Administrazio Publikoko adimen artifizialari buruzko edizio berezia, Bilboko (Bizkaia) Euskalduna Jauregian egina, 2024ko urtarrilaren 17an.

Gure kronika Aurrera aldizkarian