Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

TEKgunea 3.0 gogoratuz. Jardunaldiaren edukiak eta bideoak.

Argitalpen-data: 

TEKgunea. Working days-egunak. Release 3.0 In Progress

Joan den apirilaren 26an ospatu zen Bilbon «TEKgunea» jardunaldien hirugarren edizioa, edo zuzenago esanda, «TEKgunea, Working Days-Egunak. Release 3.0».

Baina... Zer da TEKgunea?

Eusko Jaurlaritzak bere garaian sustatu zuen Software Libreko Bulegoaren («SALE», Software Askea/Libre Euskadi izenaz ezaguna zenaren) berezko bilakaera modura sortu zen TEKgunea. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako administrazio publiko guztien arteko lankidetza bultzatzea du helburu, proiektu teknologikoak garatzeko, batez ere teknologia sortu berrietakoak; eta, horretarako, helburu bikoitza duen urteko topagune bat eskaintzen du:
Aipatu administrazio publikoen artean berrerabilera asmoa duten proiektu teknologikoak ikusaraztea.

Administrazio publikoen artean, arlo publikoaren eta pribatuaren artean, lankidetzan proiektu berriak garatzeko elkartzea sustatzea, hauek partekatuz: ezagutza, pertsonen talentua eta herritarrentzako eta gure enpresentzako zerbitzu digital gehiago eta hobeak izateko behar diren baliabide teknologikoak.

Aurten Bilboko Guggenheim Museoan egin den TEKgunea 3.0 jardunaldiak EAEko eta Nafarroako teknologia-proiek-tu publikoekin zerikusia duten 200 pertsona baino gehiago bildu zituen. Eredu izan nahian, Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, eta Polentzi Urkijo, Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordeak, elkarrekin jardun ziren oholtzan, ekitaldia abiatzeko.
Beste batzuetan bezala, Xabier Arrieta, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendaria arduratu zen jardunaldi osoa gidatu eta dinamizatzeaz.

JARDUNALDIA

Aurreko edizioetan finkatu da jardunaldiaren formatua: aurreko urtean aurkeztutako proiektuen errepasoa eginez hasten da, bilakaera ikusteko, lortutako edo hitzartutako helburuak, eta berrerabilerak eta lankidetzak agendan jarraitzen ote duen.

Ikusi jardunaldiko bideo osoak: Bideoa 1 - Bideoa 2

1. blokea. Aurreko edizioko proiektuen bilakaera

Honako hauek izan ziren «kontuak eman» zituzten proiektuak; eta pozik utzi gintuzten, ikusiko duzuenez, «aurrerapen egokia» dutelako guztiek.

Nasertikeko (Nafarroa) Gonzalo R. Ordoñez aritu zen aurrena, sekuentziazio genomikoko eta superkonputazioko medikuntza pertsonalizatuaren proiektuaz hitz eginez. Oso epe luzerako ibilbide-orria duen proiektua da, eta Osakidetza eta BioCruces elkarlanean ari dira horretan dagoeneko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Igor Goirizelaia Ziardegik eta EJIEko Óscar Guadillak azaldu ziguten nola bilakatzen ari den «NIK Patrika Digitala», plastikozko txartel tradizionalak poltsikotik desagerrarazteko aukera emango digun zorro elektroniko hori. Proiektua Estatuan aitzindaria da, eta Europako jarraibideei jarraituz lankidetzan sortu eta aurrera egiten du.

Izenpeko Ainhoa Anituak azaldu zigunez, BakQ etxetik eskatzeko aukera garatzen ari da eta aurten kalean jarriko da herritar guztientzat. Identifikazio biometrikoari esker, ez da beharrezkoa izango izapidea aurrez aurre egitea. Gaur egun, hilean 15.000 emisio egiten dira, eta horietatik % 25 inguru urruneko sistema bidez egiten dira.

Eta Andoni Martín buru duen Arabako Foru Aldundiko Erabiltzaile Esperientziaren Bulegoak (UX) itxi zuen bloke hori. Lantaldeak eta proiektu-bolumenak gora egin dute, eta Gustavo Echevarríak etsenplu praktikoa jarri zigun: nola bihurtu XX. mendeko ikuspegia duen Cobol aplikazio bat zerbitzu erabilgarri batean.

2. blokea. Mikrohitzaldiak

Lehenengo blokea flashback moduan amaitu ondoren, aurten martxan jarri diren proiektu berrietara itzuli ginen.

Bloke honen sarreratxo modura, EJIEko Óscar Guadillak parte hartu zuen, Berrikuntza eta Zaintza Teknologikoak etorkizuneko inbertsio gisa izango duen garrantziaz hitz eginez. Gauzak ez dira kasualitatez gertatzen eta kontzeptu-proben adibideak aztertu zituen, lautik hirutan ekoizpen-fasera iristen ez direnak. Óscarrek zioenez, pertsonak ez dira berritzaileak izaten, baizik pertsonek egin ohi dituzten ideia-prospekzioek irekitzen dituzte berrikuntzaren ateak.

Bigarren txostenean, EAEren eta Nafarroaren arteko lankidetzaren adibide bikaina ezagutu genuen. EAEn justizia digital berritzailearen ikuspegia bultzatzen duen Avantius proiektuaz hitz egin ziguten Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Ana Lópezek eta ITracasako Javier Amezquetak. Konpromisoei eta epeei men eginez jada ezarrita dagoen proiektua da.

Eta etorkizunari begira, oraindik -1 fasean dagoena, EJIEko Alex Larak azaldu zigun aztertzen ari diren proiektu berri bat, «NIRE Card» izena duena; harekin, aktibo digital bat eduki ahal izango dugu, diru birtuala berehala eta izapiderik gabe eskuratzeko aukera emango diguna, EAEko Administrazio Publikoaren edozein laguntza ekonomikotatik.

Ondoren, gogorarazi zen 2021ean Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza-lerro batzuk abiarazi zituela Administrazio Publikoan Adimen Artifizialaren (AA) eta «Machine Learning»-aren erabilerarekin zerikusia duten ekimenen garapena sustatzeko. Haien irabazleetako batek, Legitimo Solutions, Juan Bustillo ordezkari zela, AAren bidez administrazioaren dokumentu-fluxua hobetzeko aplikatutako kasu praktikoaz hitz egin zigun. 2021eko deialdiaren arrakasta ikusita, 2023. urtean dirulaguntza honen edizio berri bat jarriko da abian.

IVAPeko Iosu Uribek eta Nekane Garitanok, bestalde, beste berrikuntza-proiektu batzuekin batera, euskaraz eta gaztelaniaz kategorizatu eta ordeztu ahal izateko datuen erabileraren arazoan murgildu gintuzten. Administrazio askoren arazo bati buruzko ezagutza partekatzeko ikuspegia da, Itzulpen Memorietako datuak anonimizatzeko AA erabili dutenak.

Eta amaitzeko, Europako «Data Spaces» eskualde-garapeneko proiektua ezagutu genuen, zerbitzuen dinamizazioaren inguruan jarduera ekonomikoa sortzeko aktibo gisa datu-eredu bat eskainiko duena. BaiData ekimena penintsula osorako lankidetza-eredu publiko-pribatua da, eta Bilbon du egoitza. Nerea Martiartuk, Lantikeko zuzendari nagusiak, eta Versiako Eunate Ramirezek aurkeztu zuten proiektua, BaiDatako lehendakariorde diren heinean.

3. blokea. Zibersegurtasuna eta erakundeen arteko lankidetza erresilientzia hobetzeko

Zibersegurtasuna zen jardunaldiaren gai «izarra», ikuspegi desberdinetatik aztertutako proiektuen ildoarekin eta amaierako mahai-inguruarekin.

Herritarren ikuspegitik, 4 urteko ideiagintzaren ondoren, BilbaoTIKeko Manu Roibalek munduan bakarra eta berritzailea den proiektua aurkeztu zigun, 2023an ekoizpen-bidean jarriko dutena. Bilboko herritarrentzako ongizate-eredu digitala, udalaren WiFi-sarera konektatzen dena. Sarera konektatzen diren pertsonei beren gailua infektatuta dagoela edo ez dela segurua ohartaraztea bezain erraza eta konplexua den zerbait, betiere baimen esplizituarekin. Herritartasun digital seguruagoak gure zibersegurtasun globala hobetzea ahalbidetzen du, ezagutza partekatzeko eta beste udalerri batzuetan ere berrerabiltzeko asmoa duen proiektu batean.

Udal-ikuspegitik, baita ere, Ana Burgui, Animsa entitatearen ordezkaritzan, Nafarroako udalerri txikienen arteko lankidetzarako atea ireki zigun. Esan nahi baita ekipamendurik edo azpiegiturarik ez duten baina besteek adina gorabehera edo zibereraso jasaten dituzten udalerriak direla. Lankidetzan eta lidergo on batekin, haien segurtasun digitaleko gaitasunak hobetu daitezke. Oraingo ikuspegia eta etorkizuneko lankidetzarako orientazioa Nafarroatik.

Eta ekintza-erreakziora bideratutako ikuspegi praktiko batekin, kontingentzien kudeaketaz hitz egin ziguten Osakidetzatik. Zer gertatzen da guztiak huts egiten duenean eta herritarrei zerbitzu sanitarioak ematen jarraitu behar dugunean? Egitate hori eredugarria izan daiteke hil edo biziko zerbitzu publiko bat geldiarazi ezin duten beste arazo edo sektore batzuetan ere aplikatzeko. Maite Cuadradok bere ereduaren xehetasun guztiak eman zizkigun, aurrera egiten jarraitzeko eta ezagutza partekatzeko asmoz.

Eta jardunaldiaren azkenburu gisa, BCSC Basque CyberSecurity Centerreko zuzendari Javier Dieguezek esperientziak, estrategiak eta iritziak hainbat ikuspegitatik partekatzeko eztabaida batera eraman gintuen EJIEko Óscar García, Lantikeko Imanol Sauto eta CCASAko Roberto Pérez de Arrilucearen partaidetzarekin. IZFEko Miguel Ángel Hernández falta izan zitzaigun, azkenean ezin izan baitzuen etorri. Zibersegurtasunaren eremuan, prebentzioa bezain garrantzitsua da intzidente baten aurrean erreakzionatzeko gaitasuna. Halakoetarako Kontingentzia Plan bat edukitzea ezinbestekoa da beti, baina gako nagusia, BCSCko zuzendariak zioenez, eta are gehiago pairatzen ari garen garai gorabeheratsu hauetan, taldean lan egitea da, lankidetzan aritzea eta ekipamenduak partekatzea; eta, jakina, ezagutza, eta are gehiago kontuan izanda zibererasoak eta horien ondorioak egunetik egunera areagotzen ari direla.

   

Aurkezpena BIDEOA (1go zatia) (MP4, 1 GB) (leiho berri batean irekitzen da)

Aurkezpena BIDEOA (2. zatia) (MP4, 1 GB) (leiho berri batean irekitzen da)

 

TEKGUNEA 4.0

Jasotako iritzi-inkesten arabera, TEKguneak9 interesa pizten jarraitzen du, eta EAEko eta Nafarroako administrazio publikoen teknologia-proiektuetan erantzukizuna duten pertsonentzako urteko topagune gisa errotzen ari da. IKTZtik bultzatzen jarraituko dugu egunetik egunera proiektu gehiago sor daitezen lankidetzan, berrerabiltzeko ikuspegiarekin. Hori ez litzateke posible izango zuen laguntzarik gabe, eta horri esker ari gara laugarren edizioa lantzen. Sailburuak esan zuen bezala, modu naturalean sortzen den eta «TEKgunea espiritua» deitzen dugun energia horri bizirik eusten jarraituko dugu.