Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du bihar ostiralean eta etzi larunbatean muturreko tenperatura altuengatik

Argitalpen-data: 

  • Bi egunetan abisu horia ere aktibatuta egongo da Euskadi osoan basoko suteen arriskuagatik

Eusko Jaurlaritzak bihar, ostirala, abuztuak 15, 12:00etatik 20:00etara alerta laranja aktibatuko du muturreko tenperatura altuengatik EAEko kantauriar isurialdeko barnealdean, trantsizioko eremuan eta Ebroren ardatzean. Etzi larunbata, abuztuak 16, 13:00etatik 20:00etara ere aktibatuko du alerta laranja muturreko tenperatura altuengatik trantsizioko eremuan eta Ebroren ardatzean. Aldi berean, bi egunetan, abisu horia ere aktibatuta egongo da Euskadi osoan basoko suteen arriskuagatik.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, tenperaturaren balioa urte-sasoi honetako batez bestekoaren gainetik ibiliko dira 8-12 ºC. Horren ondorioz, datozen egunetan tenperatura altu iraunkorren eta muturreko tenperatura altuen atalaseak gaindituko dira EAE osoan. Bihar ostirala, abuztuak 15, bero-boladako egunik beroena izan liteke, eta, horren ondorioz, alerta laranja aktibatuko da muturreko tenperatura altuengatik EAE osoan, kostaldean izan ezik, tenperaturak abisu horiaren mailan geratuko baitira.  

Horrela, bihar ostiraleko goizaldean, hegoaldeko eta hego-ekialdeko haizea indartuko da eta, horren ondorioz, tenperatura minimoak ez dira 20 ºC-tik jaitsiko ostiraleko gau partean eta goizaldean kantauriar isurialdeko leku askotan. Gainera, egunean zehar, haize leuna kostaldeko lerrora arte bakarrik sartuko da, eta tenperatura maximoak 35-40 ºC-koak izango dira barnealdean. Bizkaiko edo Gipuzkoako barnealdeko zenbait lekutan 40 ºC-tik gorakoak ere izan litezke.

Etzi larunbata, hego-haizea indarra galtzen joan daiteke. Hori dela eta, alerta laranja desagertu egingo da kantauriar isurialdeko barnealdetik. Isurialde mediterranioan bero handia egiten jarraituko du, eta trantsizioko eremuko eta Ebroren ardatzeko tenperatura maximoak ostiraleko balioen inguruan ibiliko dira.

Igandean bero egiten jarrai lezake. Hego-haizea berriz ere indartzen joan liteke goizaldean, eta tenperatura minimoak altuak izan daitezke kantauriar isurialdean. Tenperatura maximoak larunbatekoen antzekoak izan daitezke, beraz. Kostaldeko lerroan haize leunak 30 ºC-tik behera mantenduko ditu tenperatura maximoak.

Litekeena da astelehenetik aurrera bero gutxiago egitea, eta aire-masa beroa Iberiar penintsularen hegoaldera eta ekialdera mugitzea.

Gomendioak

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak Osasun Sailaren autobabeserako gomendio hauek jarraitzea gomendatzen du.

(https://www.euskadi.eus/informacion/plan-para-prevenir-los-efectos-del-calor-2017-recomendaciones/web01-a3visol/es/):

  1. BEROTIK BABESTU

Aire zabalean

  • Saihestu eguzki-esposizioa eguneko orduetan. Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
  • Eguzkitik babesteko, erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babesa.
  • Arropa arina, zabala eta izerditzen uzten duena erabili.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea bero handiko boladetan, batez ere berorik handieneko orduetan.
  • Zeharkaldiak edo mendi-ibilaldiak eginez gero, eguraldiaren iragarpena kontsultatu eta ziurtatu ur-hornidura nahikoa dela.
  • Tenperatura altuekin zerikusia duten eta ordubete baino gehiago luzatzen diren sintomen aurrean (ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabialdia…), kontsultatu osasun-langileei.

Etxean eta barrualdean

  • Leihoak eta pertsianak itxita eduki tenperatura altuak direnean.
  • Gaueko airea aprobetxatu gelak aireztatzeko eta freskatzeko.
  • Eguneko ordurik beroenetan, ez erabili beroa sortzen duen etxetresna elektrikorik eta aparaturik.
  • Haizagailu elektrikoak erabiltzeak arindu egin dezake, baina tenperatura 35 ºC-tik gorakoa denean ez dira erabilgarriak beroarekin lotutako gaixotasunak prebenitzeko, ez baitute gorputzaren tenperatura murrizten.
  • Bero handia nabaritzen bada, hartu dutxak edo ur hotzeko bainuak. Beste aukera bat gorputza freskatzea da, batez ere aurpegia eta eskuak, ur freskoarekin eta oihal edo belaki bustiekin pasatu.
  • Ezin bada etxea freskatu, eguneko 2 ordutik 3 ordura leku freskoan pasatu (aire girotua duen eraikin publiko batean, esaterako).
  1. DESHIDRATAZIOA SAIHESTU
  • Maiz edan ura eta likidoak, egarria izan arte itxaron gabe.
  • Ez hartu kafeina, alkohola edo azukre asko duen edaririk. Ez dute egarria baretzen eta deshidratazioa errazten dute.
  • Entsalada, barazki eta fruituen kontsumoa handitu, izerdiagatik galtzen diren gatz mineralak berreskuratzeko.
  • Janari koipetsuak eta ugariegiak saihestu, berora egokitzea zailtzen baitute.
  1. PERTSONA ZAURGARRIENAK ZAINDU
  • Edozein pertsonak beroagatik arazoak izan ditzakeen arren, arreta berezia jarri behar zaie haurtxoei eta adingabeei, haurdun dauden emakumeei eta bularreko haurrei, bai eta adinekoei eta gaixotasunak dituztenei ere.
  • INOIZ EZ da inor utzi behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailuan, nahiz eta itzalean egon.
  • Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo inoren laguntza behar dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko; beraz, komeni da egunean behin gutxienez bisitatzea.

Bestalde, iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta X (@Euskalmet eta @112_SOSDeiak) bidez.

Larrialdiren bat izanez gero, deitu 112ra.

BetiONek erabiltzaileen jarraipena areagotu du

BetiON Euskadiko telelaguntza-zerbitzu publikoa da, eta erabiltzaileei (77.300 inguru) egiten zaizkien jarraipen-deiak areagotzen ari da jada, tenperatura altuen ondorioak prebenitzeko, bereziki bakarrik biri direnen kasuan.

Aldi berean, BetiON jarraipen berezia egiten ari zaie edadetuenei eta desgaitasuna edo mendekotasuna dutenei, eta jakinarazten ari zaie oso garrantzitsua dela beroaldian gorputza behar bezala hidratatuta izatea, deshidratazioa baita 65 urtetik gorako pertsonak ospitaleratzeko arrazoi ohikoenetako bat. Horregatik, adineko pertsonei gogorarazten zaie likidoak kontsumitu behar dituztela, batez ere ura, etengabe eta erregulartasunez, nahiz eta egarririk ez izan.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)