- Euskadik bi irail antagoniko izan ditu: lehenengo hamabostaldia hotza eta euritsua eta bigarrena aldakorragoa, egun eguzkitsu eta bero batzuekin.
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, iraila oso hezea izan da eta batez besteko tenperatura hotzak izan ditu, Arabako Lautadan eta Añanan izan ezik, normala izan baita. Orokorrean esan daiteke, Euskadik bi irail oso desberdin izan dituela: lehenengo hamabostaldia hotza eta euritsua eta bigarrena aldakorragoa, egun eguzkitsu eta bero batzuekin.
Euskalmeten arabera, aurtengo irailak azken urteetako joera hautsi du; izan ere, 2011tik anomalia negatiboa izan duten beste bi bakarrik izan baitira: 2015a eta 2017a. Gainera, gogoan izan behar da, iaz, berriz, oso irail beroa izan genuela, 3 ºC-ko anomalia positiboarekin. Irail hotz honen erakusgarri da Iturrietako eta Pagoetako estazioek, Arabako Mendialdean, serie historikoetako izotzik goiztiarrena neurtu dutela.
Iraileko batez besteko tenperaturak hotzak izan dira. Kostaldean 17 ºC inguruan ibili dira eta Arabako Lautadan 14 ºC-ak gainditu dira, 0.9 ºC 1991-2020 periodo normalaren batez bestekoaren azpitik. Mendeari dagokionez, buruan 2001 eta 2015 dituzten serietako irailik hotzena izan da.
Horrela, tenperatura minimoak pixkanaka behera egiten joan ziren, eta hilaren 14an izan ziren tenperaturarik hotzenak, 5 ºC-tik behera jaitsi baitziren Mediterraneoko isurialde osoan, mendiko zenbait puntutan izan ezik (Iturrieta -0.3 ºC, Pagoeta -0.2 ºC, Salvatierra 1.4 ºC, Espejo 1.8 ºC, Otxandiano 2.6 ºC, Arkauti 3 ºC), eta Iturrieta eta Pagoeta dira serie historikoetako izotzik goiztiarrena neurtu zuten estazioak.
Tenperatura maximoei dagokienez, hilaren 25ean hego-haize indartsua eta Foehn efektua izan genituen (Oleta 29.6 ºC, Galindo 28.7, Arteaga 28.6, Sodupe-Cadagua 28.6, Elorrio 28.5 eta Mungia 28.5). Kantauri barnealdean hilaren 19an neurtu ziren baliorik altuenak ((Sodupe-Cadagua 28.6 ºC, Oiartzun 28.3, Belauntza 28, Gardea 27.7 eta Zizurkil 27.5). Era berean, Mediterraneo isurialdean tenperatura maximoak hilaren 1ean eta 2an neurtu ziren (Zambrana 28.4 ºC, Etura 27,3, Kanpezu 28.1, eta Moreda 28).
Tenperatura horiekin batera, espero zitekeena baino intsolazio txikiagoa egon zen, % 10-20 eguzki-ordu gutxiago. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 135 eguzki-ordu izan zituen, Donostiak 164 eta Gasteizek 148.
Joan den hilabetea meden honetako bigarren irailik euritsuena izan zen Euskadi osoan, 2009koaren ondoren. Izan ere, erreferentziako estazio klimatologikoetan, hala nola, Donostialdekoan, oso hezea izan zen, eta, esate baterako, 1949. urtera egin behar da atzera beste irail hezeago bat aurkitzeko.
Prezipitazio gehien Gipuzkoa ipar-ekialdean metatu zen (Eskas 310 l/m², Oiartzun 276.3, Miramon 258.2 eta Behobia 254.4). Bigarren mailako prezipitazio maximo esanguratsuak erregistratu ziren Gernika-Bermeotik Enkarterriraino (Derio 230.4 l/m², Jarralta 224.8, Cueto 220, Arteaga 198.4, eta Almike 192.2). Maila baxuagoan daude Arabako Lautadaren inguruan metatutako prezipitazioak, Arabako hiriburua, Trebiñu eta Añana barne (Trebiño 24.1 l/m², Nanclares 29.2, Zambrana 30.1, Arkauti 32.7 eta Salvatierra 35.8). Arabako Mendialdean, berriz, kopuru nahiko esanguratsuak erregistratu ziren (Navarrete 95.9 l/m² eta Kanpezu 78.5).
Irailean erregistratutako prezipitazio-egunen kopurua batez besteko klimatologikoaren gainetik ibili da, batez ere kostaldean, ohikoa baino bi aldiz handiagoa izan baita. Hiriburuz hiriburu, 15 bat egun izan dira Bilbon eta Donostian eta 9 Gasteizen.
Udazkeneko ekinokzioaren aurreko ilargi betearekin batera (hilaren 18a), ohiko marea biziak gertatu ziren, eta oraingoan hiru aldiz gainditu zituzten 5 metroak, guztiak arratsaldean; hilaren 18an 5.02 m-ko marea izan zen guztira (4,98 m astronomikoa + 0,04 m meteorologikoa), hilaren 19an 5,12 m-koa (5.04 m astronomikoa + 0,08 m meteorologikoa), eta hilaren 20an 5.03 m-koa guztira (4,95 m astronomikoa + 0,08 m meteorologikoa). Itsasgora horietan itsasgorak bakarrik eragindako gainditze txikiak izan ziren kostaldeko zenbait lekutan, nahiz eta olatuen altura ez zen batere deigarria izan.
Muturreko meteorologiari dagokionez, irailean Eusko Jaurlaritzak 12 abisu hori aktibatu zituen, 5 prezipitazioengatik, 2 haizeagatik haizeguneetan, 1 haizeagatik haizeguneak ez diren lekuetan, 3 kostaldeko inpaktuagatik eta 1 lehenengo bi milietako nabigazioagatik.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)