Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak eguraldi aldakorra iragarri du Aste Santurako, Britaniar Uharteen inguruan dagoen depresio handi bati lotutako fronte-sistemak iritsiko direnez. Hala ere, fronteak ahulduta iritsiko dira, datorren ostiralerako aurreikusitakoa izan ezik, aktiboagoa izan baitaiteke. Gainera, kontuan izanda haize nagusia hegoaldekoa izango dela, euri gutxi eta tarteka egingo du.
Euskalmeten arabera, gaur, asteartea, egunaren bigarren partean, zaparradak tarteka eta han-hemenka botako ditu, nahiz eta altuerako haize hotzaren eraginez, ez da baztertzen trumoitsuak izatea eta txingorra egitea. Giroa hotza izango da, eta, orokorrean, tenperatura maximoak 8 eta 13 ºC artean ibiliko dira. Asteazkenetik aurrera, hego-mendebaldeko haizea nagusituko da, une batzuetan zakarra, batez ere asteazkeneko eta osteguneko arratsalde-gauean, eta, bereziki, mendebaldean, haize-bolada oso indartsuekin.
Haizearen eraginez, ostegunera arte hodeitza aldakorra izango da eta euri gutxi eta tarteka egingo du. Hala ere, ostiralean fronte aktiboago bat hurbil daiteke, eta prezipitazioak orokorrak eta ugariak izan daitezke, beraz. Goizaldeko tenperaturak hotzak izango dira barnealdean, baina maximoak pixkanaka igotzen joango dira eta nahiko leunak izango dira, urte-sasoirako ohikoak.
Larunbatean, igandean eta astelehenean eguraldi ezegonkorra izango dugu eta behe-presioei lotutako fronte-sistemekin jarraituko dugu, eta euria egiteko probabilitatea mantendu egingo da, beraz, batez ere igandean. Gainera, hego-haizea indartu egin daiteke eta itsasoaren egoerak okerrera egingo du bihartik, asteazkenetik, aurrera, eta, bereziki, ostegunean eta ostiral goizaldean, eta egun horretan olatuen altuera adierazgarria 3,5 m-tik gorakoa izan liteke. Horren ondorioz, eta mareak nahiko biziak izango direnez, toki batzuetan gainditzeak gerta litezke asteazkeneko eta osteguneko itsasgoretan eta larunbateko lehenengo itsasgoran.
Asteazkena 2024/03/27
Hego-mendebaldeko haizea indartzen joango da, eta horixe izango da eguneko aipagarriena. Haize-bolada oso indartsuak izango dira, batez ere mendebaldean. Tenperatura maximoak igotzen hasiko dira, baina goizaldea hotza izango da, eta litekeena da une horietan eta egunaren amaieran elur-maila 1.000 metro inguruan kokatzea. Gainerako orduetan 1.500 metrotik gora koka liteke elur-maila. Zeruan hodei ugari izango da, eta egunean zehar euri tanta batzuk bota ditzake han-hemenka. Arratsalde-gauean, haizeak mendebalderantz eta ipar-mendebalderantz egin lezake isurialde kantauriarrean, eta euria egiteko probabilitatea handiagoa izango da. Tenperatura minimoa: 2-5 ºC. Tenperatura maximoa: 13-17 ºC
Osteguna 2024/03/28
Hodeitza aldakorra eta zaparrada sakabanatuak botatzeko probabilitatea. Hego-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da, bolada oso zakarrekin, batez ere mendebaldean. Tenperaturek ez dute aldaketa handirik izango. Goizaldean, elur-maila 1.000 metro inguruan ibiliko da, eta eguneko gainerako orduetan 1.500 metrotik gora. Tenperatura minimoa 3 eta 7 ºC artean eta maximoa 13 eta 18 ºC artean.
Ostirala 2024/03/29
Fronte-sistema baten eraginpean egon gaitezke, eta euria ugariagoa eta iraunkorragoa izan liteke, beraz. Haizeak indarra galduko du, eta tenperatura maximoek behera egin dezakete. Tenperatura minimoa 3 eta 7 ºC artean eta maximoa 13 eta 17 ºC artean.
Hurrengo egunetarako joera
Hurrengo egunetan, litekeena da egoera antzekoa izatea, eta eguraldia ezegonkorra izango da, beraz. Ez da baztertzen EAEra fronte-sistemak iristen jarraitzea, eta euria egiteko probabilitatea mantendu egingo da, beraz, eta tenperaturek ez dute aldaketa aipagarririk izango.
Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmeten webgunearen bidez (www.euskalmet.euskadi.eus;), X kontuaren (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)