- Positibo ematea arau-hauste oso larria da, eta 500 eurotik 1.000 eurora arteko isuna eta 6 puntu ere kentzea ekar dezake
Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, gidariei zuzendutako prebentziozko alkohol- eta droga-kontrolak indartuko ditu hilabete honetan, zehazki hilaren 11tik 17ra bitartean eta 28tik 31ra bitartean.
Bide Segurtasunari buruzko Legeak eta Zirkulazio Araudi Orokorrak jasotzen dutenez, agintaritzak edo agintaritzako agenteek prebentziozko alkoholemia-kontrol bat egitea eskatzen badiote gidari bati, gidari horrek nahitaez egin beharko du kontrola. Proba egiteari uko egiten badio, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi ahal izango zaio.
Estíbaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “Kontrol horien helburua da zirkulaziotik erretiratzea gidatzean eragina duten substantziak kontsumitu dituzten pertsonak, arazoa areagotu ez dadin. Egiaztatuta dago alkoholaren eta drogen kontsumoak murriztu egiten dituela gidariaren gaitasunak, esperientzia handia duela uste badu ere edo ibilbidea laburra izanda ere. Behin berriro ere guztion erantzukizunari dei egiten diogu”.
Alkoholemia-kontrola
Alkoholemia-kontrolean airea botatzea eskatzen duten bi proba egiten dira, eta proba batetik bestera gutxienez 10 minutu utzi behar dira.
Errore-tarteak aplikatu ondoren:
- Botatako airean 0,25 miligramo alkohol baino gutxiago agertzen bada (0,15 miligramo gidari profesionalentzat eta gidabaimenarekin 2 urte baino gutxiagoko antzinatasuna dutenentzat), gidariak bere bidean jarraitu ahal izango du.
- Botatako airean 0,25 (edo 0,15) miligramo alkohol baino gehiago eta 0,60 baino gutxiago agertzen bada, gidariak arau-hauste administratiboa egingo du. 0,60 baino gehiago agertzen bada, berriz, bide-segurtasunaren aurkako delitutzat joko da.
- Agenteek alkohola edan izanaren zantzu nabariak antzematen badituzte, eta gidatzeko garaian eragina badute, gidariari bide-segurtasunaren aurkako delitua egoitziko diote, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.
Probaren emaitza positiboa bada, berriro egin ahal izango da proba –interesdunak eskatuta edo epaileak aginduta–, emaitzak alderatze aldera. Bigarren proba hori ahal dela osasun-langileek egingo dute odol-analisiaren bidez (behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik).
Probari uko egiten bazaio edo proba positiboa bada, ibilgailua ibilgetuko da, salbu eta beste pertsona batek gida badezake, betiere beste pertsona horri proba egin eta negatibo eman ondoren.
Proban emaitza positiboa emanez gero, arau-hauste administratibo oso larritzat joko da, eta 500 euroko zehapena ezarriko da eta gidabaimeneko 4 puntu kenduko dira emaitza 0,50 mg/l-koa edo txikiagoa bada, eta 1.000 euroko zehapena jarriko da eta 6 puntu kenduko dira 0,50 mg/l-koa baino handiagoa eta 0,60 mg/l-koa edo txikiagoa bada.
Droga-kontrola
Droga-kontrolaren prozedura antzekoa da, baina zenbait berezitasun ditu. Proba egiteko listu-lagin bat erabiltzen da, eta gailu baimendu batean aztertzen da lagina. Probaren emaitza positiboa bada, laborategiko geroko analisi batean berretsi beharko da positibo hori.
Positibo ematea arau-hauste oso larria da, eta 1.000 euroko isuna eta 6 puntu kentzea ekar dezake.
Medikuaren aginduz botikak hartu badira, Trafikoko Lurralde Bulegoaren salaketaren eta laborategiko emaitzaren jakinarazpena jaso, eta 20 egun naturaleko epea izango da alegazioak aurkezteko.