Segurtasun Saila

Euskadiko espeleologia-erakundeek erreskate-simulakro bat egingo dute asteburu honetan Araban, Arkamu mendilerroan

Argitalpen-data: 

  • Simulakroa larunbatean, urriaren 14an, 09:00etan hasiko da, eta igande goizaldean amaituko da
  • Ariketan 60 bat pertsonak parte hartuko dute, horien artean Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko espezialistek

  • Euskal Espeleo Laguntza taldeak erreskate-simulakro bat antolatu du Araban, Arkamuko mendilerroan (Gaubea) dagoen Koronas mendian. Ariketan espeleologian adituak diren 60 bat pertsonak parte hartuko dute, horien artean Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko agenteek.  Maniobra datorren larunbatean, urriaren 14an, 09:00etan hasi eta igande goizaldera bitartean egingo da.

    Ariketan Arabako Foru Aldundiko suteak itzaltzeko zerbitzuetako eta Gaubeako Babes Zibileko baliabideek ere parte hartuko dute, eta Kontrol Gunea Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileen Espejoko parkean kokatuko da eta logistika bertako frontoian.

    Coronas leizeak hiru “solairu” eta hainbat putzu, horietako batzuk urez beteta, errekak eta lakuak ditu, bai eta galeria handiak ere.

    Ariketa kobazuloetan eta leizeetan mugitzeko trebatuta dauden espezialistentzat da, eta zaurituta legokeen pertsona bat erreskatatu eta aterako dute. Horretarako, parte-hartzaileek zailtasun tekniko batzuk gainditu beharko dituzte 190 bat metroko sakoneran eta 1.132 metroko ibilbidean.

    Simulakroan espeleosorosleek komunikazio-sistemaren eraginkortasuna egiaztatuko dute, ezinbestekoa baita era honetako jardueretan.

    Euskal Espeleo Laguntza Euskal Espeleologoen Elkargoa – Unión de Espeleólogos Vascos elkarteari atxikitako taldea da, eta hau Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako boluntario taldeetako bat da.