Gaur goizeko hamar eta erdiak aldera, bi emakume harrapatu ditu auto batek GI-3401 errepidean, Hernanin. Zaurituak Donostia Ospitalera eraman dituzte, eta emakumeetako bat, 93 urtekoa, zoritxarrez bertan hil da. Ertzaintzak dagokion argiketa jarri du abian ezbeharraren arrazoiak argitzeko.
Bederatzi zauritu hiru zirkulazio-istriputan
Gaur goizeko zortziak laurden gutxiak aldera, hamahiru ibilgailuren arteko istripua gertatu da AP-8an, Orion. Istripuaren ondorioz, sei pertsonak behar izan dute osasun-zerbitzuen laguntza. Bestalde, zirkulazioaren bi errei itxita geratu dira Bilborako noranzkoan, eta zazpi kilometrora arteko ilarak sortu dira, beraz. Goizeko hamaika eta erdiak baino lehentxeago geratu da bidea zabalik.
Goizeko hamarrak hogei gutxiak aldera, bi autok istripua izan dute N-634 errepidean, Iurretan. Istripuaren ondorioz bi pertsona zauritu dira, eta horietako bat Osakidetzaren helikopteroan eraman dute Gurutzetako ospitalera. Bidea bi noranzkoetan geratu da itxita eta ilara luzeak sortu dira, eta, azkenean, goizeko hamaika eta erdiak aldera ireki dute bidea erabat.
Goizeko hamarrak baino lehentxeago, auto batek eta kamioi batek elkar jo dute N-637 errepidean, Zamudion, eta Donostiarako noranzkoko bi errei itxita geratu dira eta lau kilometrora arteko ilarak sortu dira. Arratsaldeko ordu biak aldera, bidea erabat irekita geratu da. Auto baten gidaria zaurituta eraman dute Gurutzetako ospitalera.