Segurtasun Saila

Poesia ardatz daukan egitasmoa antolatuko du Euskaltzaindiak Lekeition

  • Poesia ardatz daukan egitasmoa antolatuko du Euskaltzaindiak Lekeition

  • Irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango da IRAILEKOAK, Lekeitioko (Bizkaia) hainbat lekutan. Ekimenaren helburu nagusia euskal poeten lana gizarteratzea da; nolanahi ere, beste bazter batzuetako olerkariek ere parte hartuko dute jaialdian
  • Egitarauaren zehaztasunak irailean agertuko ditu Euskaltzaindiak

Udagoienean, Lekeitioko herria poesiaz blaituko du IRAILEKOAK egitasmoak. Euskaltzaindiak, literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, poesiari eskainitako asteburu bat antolatuko du estreinakoz Bizkaiko kostaldeko herri eder horretan. Lekeitioko Udalaren babesarekin egingo du, eta herriko eragile batzuekin elkarlanean; tartean, Kitto merkatarien elkartea, Sociedad Recreativa eta Lekitto Musika Banda.

Egitaraua irailean bertan aurkeztuko du Euskararen Akademiak, baina egitasmoaren nolakotasunak ezarrita daude: Euskal Herri osoarentzat antolatuko da, poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean, eta, era berean, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatur jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdi berriak. Horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira IRAILEKOAK jaialdian.

Esan legez, aurten Bizkaiko kostaldean izango da jaialdia, hain zuzen, irailaren 30ean –egun osoz– eta urriaren 1ean –goizez–.

IRAILEKOAKen euskal poeten lana gizarteratu nahi da, bai hitzaldien bidez, bai irakurraldien eta errezitaldien bidez. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute: hasteko, katalanez idatzitako poesia garaikideko bi ahots esanguratsuak. Poesiarekin batera, beste adierazpide batzuk uztartuko dira, hala nola musika eta artelanak. Egitarauaren zehaztasunak irailean emango ditu Euskararen Akademiak.

Jarraitu irakurtzen


  • DataUztailak 28
  • Gaia Literatura