Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du biharko, larunbaterako, elurragatik

Argitalpen-data: 

Elur-prezipitazioak ia lurralde osora hedatuko dira, batez ere egunaren bigarren erdian Prezipitazioak ugariagoak izango dira lurraldean hegoaldera egin ahala

Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du elurragatik biharko, urtarrilaren 9rako, 06:00etatik 24:00etara 0-200 metroan, eta aurreikuspenen arabera 0-15 cm pila daitezke 1.000 metroan, 0-15 cm 600 metroan eta 0-5 cm 200 metroan. Elurte honek ia lurralde osoan izan dezake eragina, batez ere egunaren bigarren erdian.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Iberiar Penintsulari bete-betean eragiten ari den eta fronte luze batekin batera iritsi den borraskak EAEri ere eragin diezaioke bihar, larunbata, goizaldetik aurrera, eta prezipitazioak Araba hegoaldera ere irits liteke. Prezipitazio horiek goizean zehar iritsiko lirateke Arabako Lautadara eta arratsaldean Kantauriar isurialdera, itsasertzera ere irits litezkeela baztertu gabe.

Aire-masa heze eta nahiko epel horren eta azken egunotan beheko geruzetan dugun aire hotzaren arteko elkarreraginaren ondorioz kota nahiko baxuetan egin dezake elurra, baita itsasoaren mailan ere, bereziki ekialdean.

Euskalmeten ustez, elur-prezipitazioak lurralde osora hedatu daitezkeen arren, elur-gezuraren lodiera maximoak handiagoak izango dira mendialdeetan eta Euskadi hegoaldean. Horrela, Arabako Errioxan 5-15 cm-koak izan daitezke, Gasteizen 5-10 cm pila daitezke, Donostian 0-3 cm eta Bilbon 0-1 cm. Elur-geruzaren lodiera fronteak kostalderantz egin duen bidearen baitan dago, eta, hasiera batean, espero da ez dela askorik hurbilduko.

Igandetik aurrera egoera aldatu egingo da, eta datozen egunotan izotza nagusituko da eta elur-maila nahiko baxua izango da, nahiz eta, aurreikuspenen arabera, prezipitazioak eskasak izango diren, eta, batez ere, Kantauriar isurialdean eta mendebaldean espero dira.

Iragarpenen aurrean, Segurtasun Sailak aholkatzen du goialdeetan mendira ez joateko elur ugari dagoenez metatuta.

Gomendioak

  • Aurretik eskatu errepideen egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa, Euskalmeten eta/edo Eusko Jaurlaritzako Trafikoko 011 telefono-zenbakiaren bidez.
  • Eguraldia oso txarra bada, hobe da ez bidaiatzea. Ahal izanez gero, garraio publikoa erabili.
  • Edonola ere, bidaiatzea ezinbestekoa izanez gero, ziurtatu pneumatikoak, argiak, balaztak eta izotz-kontrakoa ondo daudela; kateak beti eraman, erregai-depositua bete eta berokiak hartu. Ahal baduzu, telefonoa eraman beti, bereziki bigarren mailako errepideetan zirkulatu behar baduzu. Neguko pneumatikoak jartzea gomendatzen da.
  • Poliki ibili, izotz-plakak egon baitaitezke, batez ere leku laiotzetan.
  • Aurreko autoarekin ohikoa baino segurtasun-tarte handiagoa utzi.
  • Ez aldatu noranzkoa bat-batean. Bolanteari gozotasunez eragin.
  • Izotza dagoen zonaldean sartzean, ez zapaldu galga, utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.
  • Jarri kateak izotza edo elur gogorra topatuz gero, baita zirkulazioko agenteek agintzen dizutenean ere.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

Elurretan ibilgailuan harrapatuta geratzen bazara:

  • Ez atera autotik denboraleak barruan harrapatu bazaitu.
  • Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki, eta tarteka airea berritu
  • Ez lo hartu. Tapakiren bat eskuratu, eta ondo jantzita egon.

Etxean:

  • Kontuz ibili berogailu-sistema osagarriekin, estufa edo sutontziekin, istripurik gerta ez dadin.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus (leiho berri batean irekitzen da)) eta Twitter (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.