Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak larrialdien eta babes zibilaren arloko dominak emateko bosgarren edizioaren prozedura hasi du

Argitalpen-data: 

  • Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren mende dauden erakunde eta organismoek hilabeteko epea izango dute, gaurtik, hautagaiak aurkezteko.

  • Eusko Jaurlaritzak larrialdien eta babes zibilaren arloko dominak edo plaka-diplomak emateko bosgarren edizioaren prozedura hasi du gaur, EHAAn argitaratu den Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren urriaren 14ko aginduaren bidez.

    Horrela, Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren zerbitzuen mende dauden erakunde, enpresa, entitate eta profesionalen edo boluntarioen organizazio guztiek sari horiek merezi dituzten 2021eko hautagaiak eta proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, aipatutako agindua argitaratzen denetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean.

    Eusko Jaurlaritzak 2017an sortu zituen larrialdien eta babes zibilaren arloko ohorezko sari horiek, publikoki aitortzeko asmoz esku hartzeko zerbitzuetako pertsonalaren jarduketa aipagarriak eta herritarren inplikazioa eta laguntza, arrisku kolektibo larriko, hondamendiko eta lazeria publikoko egoera larrietan pertsonak eta haien ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko lanetan.

    Sariak hiru kategoriatan banatzen dira:

    • Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren domina.
    • Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren plaka-diploma.
    • Euskadiko Babes Zibileko Boluntarioen lana aintzat hartzeko diploma.

    Eusko Jaurlaritzak Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sisteman sartuta dauden erakunde guztiei dei egiten die aurreikusitako epean aurkez ditzaten egoki jotzen dituzten hautagaiak.

    2021eko edizioan saritutako pertsonen eta erakundeen identitatea 2022ko otsailean emango da argitara, 112ren Europako Eguna ospatzeko ekitaldian.