Segurtasun Saila

Euskalmetek eguraldi egonkorra eta tenperatura goxoak iragarri ditu Gabon eta Eguberri egunetarako

Argitalpen-data: 

Euskalmet, Euskal Meteorologia Agentziak eguraldi egonkorra eta tenperatura goxoak iragarri ditu Gabon eta Eguberri egunetarako, eta prezipitazioak izateko aukera txikia dela adierazi du.

Euskalmeten arabera, Atlantikotik bata bestearen atzetik iritsiko diren depresioen eta horiei loturiko fronte-sistemen  eraginpean jarraituko dugu datozen egunotan, eta haize indartsua izango dugu. Hala eta guztiz ere, astelehenetik aurrera, eta, batez ere, asteartean eta asteazkenean, egoera egonkortzen joango da, EAE goi-presioen mende gera baitaiteke.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, beraz, 24an, Gabon egunean, lanbroa eta behe-lainoa izango ditugu lehenengo orduetan, eta egunak aurrera egin ahala erdi-mailako hodeiak edo goi-hodeiak gailenduko dira.

Horrez gainera, euria egiteko probabilitatea txikia da. Tenperaturei dagokienez, dirudienez tenperatura goxoak izango ditugu, eta maximoak 15-20 º  ingurukoak izan daitezke Kantauriko isurialdean, eta 12-15 ºC ingurukoak gainerako lekuetan.

Eguberri egunean, 25ean, egunari erdi-mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin emango diogu hasiera, nahiz eta orduek aurrera egin ahala hodeitza nagusitzen joango den, baina ez da prezipitaziorik espero. Eguberri egunean haizeak hegoaldetik edo hego-mendebaldetik joko du, eta arina edo moderatua izango den arren, bolada zakarren bat ere izan daiteke ageriko lekuetan. Tenperatura maximoak 24koen antzekoak izan litezke.

Laburbilduta, bi egunak, ikuspegi meteorologikotik, lasaiak izatea espero da. Une hauetan ez dirudi euririk egingo duenik, eta tenperatura maximoak, gainera, epelak izango dira.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus (leiho berri batean irekitzen da)) eta Twitter ((@Euskalmet) bidez.