Argitalpen-data: 2016/07/19
Euskalmetek Bilbon erregistratu du gaueko tenperatura minimorik handiena, Deustuko estazioari dagokion seriean.
Gaur goizaldean Deustuko estazioan erregistratutako tenperatura minimoa 29,4 ºC-koa izan da.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren Deustuko estazioak gaur goizaldean erregistratu duen tenperatura minimoak bere datu historikoak gainditu ditu, ez baita termometroa 29,4 ºC-tik jaitsi –1983ko abuztuaren 4an 29,1 ºC izan ziren–.
Atzo erregistratutako datuei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko tenperatura maximoak 35 ºC eta 40 ºC artekoak izan ziren, oro har; alabaina, 9 estaziotan gainditu ziren 40 ºC-ak. Euskal hiriburuetan tenperatura maximo hauek erregistratu ziren: 40,4 ºC Bilbon, 39,7 ºC Donostian eta 36,4 ºC Gasteizen.
Daturik adierazgarrienak hauek izan ziren: Aranguren, 42,4 ºC; Eitzaga, 41 ºC; Sodupe-Kadagua, 40,8 ºC; Galindo, 40,7 ºC; Mungia, 40,6 ºC; Iurreta, 40,4 ºC; Amorebieta, 40,3 ºC; Abusu, 40,2 ºC; eta Punta Galea, 39,6 ºC.
Gaur goizaldean erregistratutako tenperaturei dagokienez, Gipuzkoako eta Bizkaiko zonetan erregistratu dira handienak, batez ere itsasertzean; izatez, puntu batzuetan ez dira 30 ºC-tik jaitsi –Almike, 31,3 ºC; Santa Klara, 30,5 ºC; Zarautz, 29,7 ºC; Miramon, 29,6 ºC; Galea lurmuturra, 29,6 ºC; Deustu, 29,4 ºC; Higer, 29,3 ºC; Aizarnazabal, 28,9 ºC; edo Iurreta, 28,8 ºC–.
Hiriburuei dagokienez, goizaldeko te
Euskalmeten web-orrian (www.euskalmet.euskadi.eus) ikus daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan lortu diren tenperaturak. Dena dela, estazio bakoitzaren kokapenaren, altueraren, hego-haizearekiko esposizioaren eta ingurunearen araberako alde nabarmenak hauteman daitezke gaur goizeko tenperatura erregistroetan; esate baterako, oso hurbil dauden bi puntutan, San Prudentzioko estazioan eta Arrasateko estazioan 10 ºC-ko aldea dago (2:00etan Oñatiko tenperatura 19,8 ºC-koa zen, eta Arrasaten 30 ºC-koa).
nperatura minimoak hauek izan dira: 29,4 ºC Bilbon, 29,6 ºC Donostian eta 20,4 ºC Gasteizen.
Pronostikoa
Gaurko, hilaren 19rako, aurreikusten diren tenperatura maximoek oso handiak izaten jarraituko dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren zati handi batean maximoak atzokoen, hilaren 18koen, antzekoak izango dira, edo handiagoak. Bizkaian mendebaldeen dagoen inguruan soilik aurreikusten da tenperatura jaistea.
Balioak 35 eta 40 ºC artean kokatuko dira Euskal Autonomia Erkidego osoan, eta atzo bezalaxe modu puntualean 40 ºC-ak ere gainditu ahal izango dira, Gipuzkoan probabilitate handiagoarekin. Euskal hiriburuen artean balio hauek lor daitezke: 36 ºC Bilborako, 37 ºC Donostiarako eta 38 ºC Gasteizerako.
Dena dela, arratsalde-gau honetan sentsazioa oso bestelakoa izango da Gipuzkoan eta Bizkaian. Arratsaldean haizeak ipar-mendebaldera egingo du, eta tenperaturek nabarmen egingo dute behera.
Bihar, hilaren 20an, aire beroko masak atzera egingo du, eta, Euskal Autonomia Erkidego osora arratsaldean iritsiko den ipar-mendebaldeko haizearekin, maximoak nabarmen jaitsiko dira eta amaitutzat joko da bero handiko bolada hau.
Gomendioak
Tenperatura handiei dagokienez, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak honako prebentzio-neurri hauek hartzea gomendatzen die herritarrei:
- Likido ugari edatea, batez ere ura, deshidratazio-arriskua saihesteko.
- Bero handieneko orduetan kalera ez irtetea.
- Ariketa fisikoa eginez gero, bero txikieneko orduetan egitea.
- Ez geratzea edo uztea inoiz pertsona bat edo abere bat aparkatuta eta itxita geratzen den auto baten barruan, nahiz eta itzalean egon.
- Otordu arinak egitea (entsaladak, barazkiak, fruta eta abar).
- Eguzkiak jotzen duenenean, leihoak ixtea eta pertsianak jaistea, eta bero txikieneko orduak baliatzea etxea aireztatzeko eta freskatzeko.
- Arropa egokia erabiltzea, zabalak, arinak eta kolore argikoak, baita oinetako erosoak eta freskoak ere.
- Irten behar izanez gero, burua estalita eramatea eta eguzki betaurrekoak jarrita, beti itzala bilatuz.
- Arreta berezia jartzea adineko pertsonei eta haur txikiei, gomendio horiek betetzen dituztela ziurtatuz.
- Mendian suak piztearen inguruko Foru Aldundien arauei jarraitzea.
Larrialdi kasuan, deitu 112 telefonora
Gomendagarria da Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren pronostikoei jarraitzea haren web-orrian (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter-en (@Euskalmet).