Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2015/12/22

Segurtasun Sailak eskatu du globo txinatarrik eta faroltxo hegalaririk ez erabiltzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bidez, eskatu du globo txinatarrik eta faroltxo hegalaririk ez erabiltzeko (argi-globo edo kandela hegalari gisa ere ezagutzen dira), zeren horiek erabiltzea arriskutsua izan daiteke basoetan suteak sor daitezkeelako.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gogorarazi du asiar jatorrikoak diren eta azken urteetako festetan nahiz ospakizunetan oso ezagun bihurtu diren tramankulu horiek arriskutsuak izan daitezkeela, zeren paperezkoak dira eta barnean sugar txiki bat izan ohi dute.

Globoak eta faroltxoak hiriguneetan jaurtitzen badira ere, haien egituraren barnean sortzen den aire beroari esker, gorantz egiten dute eta distantzia oso handiak egiten dituzte inolako kontrolik gabe. Ondorioz, suteak sor ditzakete.

Arriskua handiagoa da aurtengo Gabonetan, Euskalmet-Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, EAEk azken asteetako joera antiziklonikoarekin jarraituko duelako, hau da, hego-haizearekin, hezetasun gutxirekin eta garai honetarako tenperatura altuekin.

Horregatik, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak eskatu du ez daitezela erabili horrelako tramankulu hegalariak. Bestalde, gogorarazi du Foru Aldundiek uztondoei su ematea debekatu dutela; izan ere, horrelako suak pizteko baimena erakunde horiek ematen dute.

Material piroteknikoa

Bestetik, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak zuhurtziaz jokatzeko deia egin du jai hauetan ohikoa den material piroteknikoa erabiltzen denean.

Horrela, bada, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gomendatu du material hori establezimendu baimenduetan erosteko, segurtasun-baldintza guztiak bete ditzan, eta arretaz irakurtzeko erabiltzeko jarraibideak, nahiz eta materiala erabiltzea oso erraza dela iruditu.

Era berean, adingabeek erabiltzea saihestu behar da, eta ez da inoiz piztu behar etxebizitzen barnean, landaretza dagoen guneetan eta beste pertsona batzuei kalte egiteko edo suteak sortzeko arriskua dagoen guneetan.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, halaber, petardoak poltsikoetan ez sartzeko aholkatu du eta gogorarazi du arriskutsua dela beirazko ontzien edo adreiluen barnean petardoak piztea, eztanda eginez gero, metraila-efektua sor baitezakete.

Edonola ere, eta, oro har, metxa bere muturretik piztea gomendatzen da, baztertzeko behar adina denbora izango dugula ziurtatzearren.

Azkenik, suziri edo txupinazo bat piztu nahi badugu, jaurtitze-taulak erabili behar dira. Su artifizialen kasuan, dagokien segurtasun-tartea utzi behar da.