Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2015/05/20

Euskalmetek estazio meteorologiko berria ireki du Kanpezun (Araba)

IIarduiako estazio meteorologikoa martxan jarri zenetik hiru hilabete igaro direnean, Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentziak estazio meteorologiko berria abiarazi du Arabako Kanpezu udalerrian.

Estación de CampezoEuskalmeten webgunean (www.euskalment.euskadi.eus), jada denbora errealean kontsultatu daitezke estazio berriko datuak. Oraingoz, haizea, tenperatura, hezetasun erlatiboa eta prezipitazioak neurtuko ditu batez ere; dena dela, denbora-tarte motz batean estazioaren prestazioak gehiagotuko dira, eguzkiaren irradiazioa eta presio atmosferikoa neurtzeko sentsore bana ezarriko baita.

Euskalmeteko adituen arabera, oso interesgarria eta beharrezkoa da estazioa; izan ere, meteorologiaren jokabideari erreparatuz gero, oso ezaugarri desberdinak agertzen dituzte, batetik, Arabako Mendialdeko eskualdean kokatua dagoen Egako haranak, eta, bestetik, Arabako Lautadak. Hala, Arabako Mendialdeko klimak antz handiagoa du Arabako Errioxako klimarekin, Lautadakoarekin edo Gorbeia inguruko mendietakoarekin baino.

Euskalmetek espero du erabat bestelakoa izatea estazio berriaren jokabide meteorologikoa eta Arabako beste hainbat estazioena. Izan ere, Iparraldeko haizea dagoenean, Mendialdean eskasagoak dira prezipitazioak, Lautadaren aldean; aldiz, ekialdetik eta hego-ekialdetik datozen fronteen kasuan, prezipitazio ugari eror daiteke. Euskadiko gainerakoan kontrara gertatzen da: parametro horiekin, ez da apenas euririk erregistratzen. Gauza bera gertatzen da Ebro ibaia zeharkatuz mediterraneotik datozen elur-egoerekin.

Kanpezuko estazio berriarekin, eremu horri buruz ditugun datu meteorologiko eskasak gehituko dira. Kanpezuko udalak instalazioan lagundu eta parte hartu du.

109 estazio

Kanpezun ekipamendua instalatu ondoren, guztira 109 dira EAEn banatutako estazio hidro-meteorologikoak. Guztiak denbora errealean konektatuta daude, eta datuak Euskalmeteko teknikariek, gainerako erakundeetakoek eta publiko orokorrak kontsulta ditzakete.