Argitalpen-data: 2014/09/05
Asteazkenean, irailak 10, urteko marea bizirik altuena izango dugu EAEn
Hala ere, ez da denboralerik izateko aukerarik aurreikusten
Asteazkenean, irailak 10, urteko marea bizirik altuena izango dugu EAEn. Fenomeno hau, ordea, ez da, neguan gertatu bezala, itsas-denboraleekin batera etorriko. Itsasgorarik altuena Bilboko portuan 18:28 ordu lokalean izango da, 5,01 metrora iritsiko delarik. Bestalde, Pasaiako portuan itsasgorarik altuena 4,89 metrokoa izatera iritsiko da 18:23 ordu lokalean.
Iraganean marea bizienen eraginez arazoak pairatu izan dituzten lekuetan (Bilboko Zorrozaurre penintsula, Erandio, Bermeoko Portu Zaharra…) erabiltzaileek, administrazio lokalek eta foru-administrazioek kontuan izan beharko dute informazio hau babes-neurriak hartzeko helburuarekin.
Marea hori, urteko altuena izateaz gain, 2011 urteko martxoaren 22az geroztik izango dugun altuena izango da (data horretan, 3 zentimetro altuagoa izan zen). Hala ere, 2015ean, hiru egunetan gaindituko da hurrengo asteazkenean izango dugun itsasgora; otsailaren 22an 5,01 metrokoa izango da, martxoaren 20an 5,04 metrokoa eta irailaren 30ean 5,02 metrokoa.
Datorren asteko marea biziekin ez dira soilik itsasgorak ikusgarriak izango. Itsasbeherak ere oso baxuak izango dira; baxuena, asteartekoa izango da, ia-ia gauerdian, 23:54 ordu lokalean, eta Bilboko portuan 0,47 metroko altuera besterik ez du izango.
Datu guzti horiek marea astronomikoei dagozkienak dira eta AZTI-Tecnalia Fundazioko adituek eskainitakoak. Hala ere, ez da kontuan hartu beharreko datu bakarra, izan ere, aldagai meteorologikoek (atmosferako presioa eta haizea) eta itsasoaren egoerak asko baldintzatu dezakete marea horiek azkenean izango duten altuera. Kasu honetan, zorionez, ez egoera meteorologikoak ezta itsasoaren egoerak ere ez dute marea astronomikoan ia eraginik izango eta, beraz, sor daitezkeen arazoak txikiak izango dira.
Marea bizi horiek alde positiboa ere badute, izan ere paisaia ikusgarriaz gozatzeko aukera izango dugu. Euskalmetetik, egun horietan ateratako argazki eder eta bitxiak partekatzeko gonbitea luzatzen dizuegu @Euskalmet Twitter kontuaren bitartez.