Segurtasun Saila

2012/05/18 - Eusko Jaurlaritza, Euskal Mendizaleen Elkartearekin eta Gurutze Gorriarekin batera, mendizaleei zuzendutako prebentzio-kanpaina bat bultzatzen dabil

Liburuxka: Mendian, segurtasuna!Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bidez, datorren maiatzaren 20tik aurrera, mendian ibiltzeko prebentzio-kanpaina bat jarriko du abian. Kanpaina horretan izaera didaktiko eta prebentiboa duten 90.000 liburuxka banatuko dituzte mendizaleen artean, gehienak EAEko mendi-magal nagusietan eta kirol proba jendetsuetan ere bai.

Liburuxkek (pdf, 1MB), euskaraz eta erdaraz argitaratuta, mendiaren berezko arriskuez ohartarazten dute, eta aldi berean seguru ibiltzeko eta ingurumena errespetatzeko aholkuak eta gomendioak eskaintzen dituzte, ezbehar-tasa txikitzeko asmoz.

Informazio-orriak Gurutze Gorriko boluntarioek banatuko dituzte larunbat eta igandeetan, goizeko 07:00etatik 09:00etara, mendi magaletan, eta beti aldeko meteorologia dagoenean. Euskal Mendizaleen Federazioak, bere aldetik, banatuko ditu gainerako federazio eta elkarteen artean.

Honako lekuetarako sarbideetan banatuko dira: Gorbeia (Pagomakurreko eta Muruako aldeak) Aizkorri, Anboto (Urkiolako aldea) Txindoki (Larraizko aldea) eta Aiako harriak.

Kanpainaren sustatzaileen iritziz, horiek izaten dira, oro har, mendizaleek nahiago dituzten mendiak; eta ondorioz, horietan izan ohi dira bilatze- eta erreskate-lan gehienak.

Liburuxkak, “Pyrenaica” aldizkari espezializatuarekin batera banatuko dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko mendi-taldeei bidaltzeaz gain, Euskalerriko Eskautak izeneko elkarteari ere (Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako “scout” elkartea) bidaliko zaio, honek bere bazkideei helaraz diezaien.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimen hau mendian ibiltzeko sentsibilizazio eta prebentzio kanpaina orokor baten barruan dago, eta hemendik gutxira hori osatzeko prestatzeko eta zabaltzeko ekintza gehiago programatuko dira.

kanpainetara itzuli