Maite Lopez Las Herasi Hitzen Uberan eginiko elkarrizketa
- Fecha20 de Julio
- Temática Literatura
Ekainaz geroztik, Saforen poesia osoa euskaraz irakurtzeko aukera dugu. Maite Lopez Las Herasek egin ditu itzultzaile lanak, eta Balea Zuriak argitaratu du bilduma. Elkarrizketa honetan, Saforen bizitzan eta poesian arakatu dugu, itzultzailearen laguntzarekin.
Noiz eta nola ezagutu zenuen Safo? Zergatik erakarri zintuen?
Filologia Klasikoa ikasten ari nintzela sortu zitzaidan emakume idazleei buruzko jakin-mina. Bost urte latinetik zein grekotik itzultzen pasa ostean, testu guztiak gizonezkoek idatzitakoak izateak neure kabuz ikertzera bultzatu ninduen. Hala, literatura unibertsalean oihartzun handia izan duen poeta eme bat ezagutu nuen beste batzuen artean, Safo, hain zuzen. K. a. VII-VI. mendeetan Lesbos izeneko uharte batean ondorengo idazle eta poeta askorengan eragina izan zuen poeta-musikagile garrantzitsu bat aurkitu nuen, inolako hertsitasunik gabe bere sentimenduak modu erabat askean adierazten ausartu zena. Poesia epikoa gailentzen zen garai bete-betean poesia intimoaz libreki aritzeak sekulako ausardia erakusten du. Horrexegatik poesia lirikoaren aitzindaritzat hartu izan da.
Horretaz gain, emakume izate hutsagatik pentsamolde mugatu eta mugatzailea izan duen historiako hainbat garaitan Saforen poesia arrakastarik gabe isilarazten edo desagerrarazten saiatu izanak askoz gehiago areagotu izan du haren testuak sakonago aztertu eta itzultzeko nuen grina.
Safok eta haren olerkiek deserosotasun handia sortu izan du ondorengo batzuengan, ez lehendabiziko emakume idazlea izateagatik bakarrik, beste batzuei jasanezina egin zaielako baizik haren poesia zeinen ona izan zen onartzea. Beste arrazoi batzuek tarteko, horregatik saiatu izan dira historian zehar prostituta, ninfomana, itsusia edo lesbiana zela esanez izena galarazten.
Haren heriotzaren asmakuntza ere oso adierazgarria da, izan ere, Ovidiok XV. Heroidan, Faon izeneko gizonezko baten errefusa zela eta, Safok Leukadeko labarretatik bere buruaz beste egin zuela asmatu zuen haren irudia itxuragabetu nahian. Horren irakurketa erabat hezigarria da: idazten duten emakumeak hain arriskutsu edo zorigaiztokoak dira, ezen euren buruaz beste egiten baitute. Ondorioz, patriarka-sistemak emakumea eta idazlea izateak ezin zuen normaltzat onartu.
Nola sortu zen liburu hau argitaratzeko proiektua?
Dakigunez, Alexandriako gramatikariek Saforen obra oda, epitalamio edo eztei-eresi, deitore eta ereserkiz osaturiko 9 liburuetan banatu zuten. Guztira 10.000-12.000 bertso inguru idatzi zituelarik. Guregana, ordea, 200 bertso besterik ez dira iritsi eta horietatik herena ia itzulezina da. Osorik poema bakarra iritsi zaigu: Afroditaren ereserkia. Testuak oso euskarri hauskorra den papiro zatietan iritsi dira. Hezetasunak, denborak, karraskariek eta garaian garaiko pentsamolde desberdinek oso testu zatikatuak eman dizkigu, kortxetez beterik, isilunez beteta. Hala ere, zorionez, horrek guztiak ez du poemak gaur egun ulertzeko moduan itzultzea galarazi.
Bestetik, Azkoitian jaiotako Bizenta Mogel betidanik izan da inspirazio iturri niretzat, izan ere, bera izan zen Esoporen fabulak latinetik euskarara itzultzean euskara hutsean argitaratu zuen lehen emakume idazlea. Hein batean, bederen, hari testigua hartzea izan da nire nahia.
Poema guztiak itzulita nituenean, hainbat argitaletxerekin harremanetan jarri nintzen, artean ziurgabetasun handia nuelarik, ez bainekien euskal argitaletxeei hain aspaldiko poesia interesatuko ote zitzaien. Nire harridurarako, ordea, ia inoiz gertatzen ez den zerbait gertatu zen: Balea Zuriarekin jo nuen eta erantzuna berehala jasotzeaz gain, zeharo baikorra izan zen. Ez daukat zalantzarik horren atzean Safo zegoela. Argitaletxeak proposatu zidan 2004 eta 2014. urteetan agertutako papiro zati berriak ere txertatzea eta horrela egin nuen. Beraz, «Poema berriak» izenpean hamar poema gehitu nituen, horietako bi berri-berriak eta gainerakoak aurretik ezagutzen genituen beste batzuk osatzeko balio izan dutenak. Liburua ixten duen epilogoa, gainera, Aurora Luque poeta almeriarrak proposamena onartu eta eskuzabaltasun osoz egindakoa da. Luquek 2019an Loewe fundazioaren nazioarteko poesia saria irabazteaz gain, 2020an Letren Asturiasko Printzesa saria irabazi duen Anne Carsonen Saforen itzulpena gaztelerara itzuli du. Beraz, izugarrizko ohorea da niretzat hark idatzitako epilogoa nire liburuan izatea.


