Osasun Saila

Internet eta teknologia berrien erabilera arazotsua

Interneta eta sare sozial birtualak azken urteotan iritsi zaizkigu, indar bizian iritsi ere, eta oso eragin handia izan dute, batez ere gazteen artean. Aurrerapen horiek asko-asko dute onetik, baina badira pertsona batzuk itsutu egiten direnak, ez dira gai noiz-nola erabili kontrolatzeko, eta, azkenean, lana eta harremanak ere arriskuan jartzen dituzte.

Informazio eta Komunikazioen Teknologien artetik (IKT), internet da denen artean gehien gailendu dena, batez ere oso eskura dugulako, bai gailu informatikoetatik bai telefono-gailu mugikorretatik.

Internet erabiltzearen atzetik bi motatako premiak daude. Batetik, informazioa bilatu nahia; eta, bestetik, beste batzuekin elkarreragin nahia. Bada, adikziorik handiena sortzen dutena pertsonen arteko harremanak (txatak, foroak, posta elektronikoa) eta online jolasak dira (rol-jokoak, estrategiak, kasino birtualak).

Internetaren adikzioak, kontzeptuak berak, esan nahi du teknologia hori kontrolik gabe erabiltzen dugula, kalte egiteko moduan. Sintomak identifikatzeko, beste adikzio batzuk diagnostikatzeko erabiltzen diren irizpide berberak baliatzen dira, berdin dio tartean substantziarik egon edo ez.

Internetarekiko menpekotasuna ez da bat-batean hasten. Hasieran, badira arrasto batzuk kontuz ibiltzeko esango digutenak, hala nola, txatetan edo posta elektronikoan zer edo zer ba ote dagoen begiratu behar etengabeko eta itsua, telefono-fakturak neurri gabe handitzea, edo on line zerbitzuetan denbora eta dirua aitzakiarik gabe inbertitzea. Menpekotasunean aurrera egin ahala, ingurutik isolatzeko joera izaten dugu, geroz eta arreta gutxiago jarriko dugu laneko obligazioetan, ikasketetan eta besteekiko harremanetan. Aldaketa psikologiko batzuk ere gertatzen dira: umorea aldatzea, antsietatea eta pazientzia galtzea.

Prebentzio-estrategiak aplikatzeko orduan, jokabidearen arrisku-faktoreak, adina eta sexua izaten dira kontuan. Tratamenduaren helburua ez da abstinentzia, beste adikzioetan bezala, baizik eta erabilera kontrolatzea.

Drogak eta Eskola X (2022) (leiho berri batean irekitzen da) arabera, mugikorra (berehalako mezularitza, deiak eta Internet) eta sare sozialak dira ikasleek dibertsiorako eta aisialdirako erabiltzen duten teknologia nagusia.

Teknologia berrien erabilerari dagokionez, ikasleen erdiak baino gehiagok gehiegi edo modu intentsiboan erabiltzen dituzte mugikorra era sare sozialak.

Azken aldaketako data: