Hantabirusa
- Zer da hantabirusa?
- Nola transmititzen da?
- Sintomak, Diagnostikoa eta Tratamendua
- Prebentzioa eta kontrola
- Arriskuak
- Informazio gehiago
Zer da hantabirusa?
Hantabirusa karraskariek transmititzen duten birus multzo bati egiten dio erreferentzia, noizean behin gizakietara transmititu daitekeena. Gizakiak kutsatu daitezke infektatutako karraskarien gernu, gorotz edo listuarekin kutsatutako partikulak arnastean, bereziki espazio itxietan edo aireztapen gutxiko lekuetan.
Hantavirus generoaren barnean gutxienez 14 espezie edo serotipo ezagutzen dira, banaketa geografiko desberdinekin.
Bi hantabirus talde nagusi bereiz daitezke:
- “Mundu Zaharreko” hantabirusak (Hantaan, Seoul, Puumala...) giltzurruneko-sindromearekin lotutako sukar hemorragikoa (GSSH) eragin dezakete. Kasu gehienak Asian gertatzen dira, baina baita Erdialdeko eta Ekialdeko Europan ere.
- “Mundu Berriko” hantabirusak (Andes, Oran, Bermejo, Estatu Batuak, Txile, Argentina, Mexiko, Brasil, Bolivia, Paraguai edo Uruguai) Ameriketan zabalduta daude. Hantabirusaren sindrome kardiopulmonarra (HSK) eragin dezakete, arnas gaixotasun larria, eta hilkortasun-tasa %50era irits daiteke. Hego Amerikan dagoen Andes birusa (ANDV) pertsonen arteko transmisio mugatua dokumentatu den hantabirus ezagunetako bat da.
Orain arte ez da Espainian bertakoa den kasurik detektatu.
Nola transmititzen da?
Eremu endemikoetan, gizakietarako transmisioa karraskari infektatuen edo haien jariakinekin kontaktuaren bidez gertatzen da:
- Gernua, gorotzak edo listua
- Partikula kutsatuen arnasketa (espazio itxi edo gaizki aireztatuetan)
- Karraskarien hozkadak (gutxitan)
Arrisku handiagoa duten jarduerak honakoak dira:
- Espazio itxiak garbitzea
- Nekazaritza- edo basogintza-lanak
- Karraskariak dauden tokietan egotea
Pertsonen arteko transmizioa oso arraroa da eta orain arte, Ameriketan soilik Andes birusarekin deskribatu izan da. Gertatzen denean, pertsonen arteko transmisioa harreman estu eta luzeetan eman da, batez ere etxe bereko kideen edo bikote intimoen artean, eta badirudi gaixotasunaren hasierako fasean gertatzeko probabilitate handiagoa dagoela, birusa kutsakorragoa denean.
Sintomak
Gaixotasuna ia sintomarik gabeko moduan ager daiteke, edo, forma larriak garatu heriotza eraginez.. Aldakortasun hori birus-anduiaren eta pertsonaren ezaugarrien arabera ematen da.
Sintomak normalean esposizioa gertatu ondoren aste batetik zortzi astera bitartean azaldu ohi dira, birus motaren arabera (Hondius gurutzaontziko agerraldia eragindako ANDV kasuan 42 egun gehienez). Oro har, gripearen antzeko sintoma orokorrak agertzen dira (sukarra, buruko mina, giharretako mina, goragalea, oka, etab.). Zenbait kasutan, sintomak larriagotu eta bilakaera izan dezakete: Europako anduietan, giltzurrun-sindromearekin lotutako sukar hemorragikoa gara daiteke; Ameriketakoetan, berriz, sindrome kardiopulmonarra.
Diagnostikoa
Hasierako faseetan diagnostikoa zaila izan daiteke, sintomak beste infekzio batzuen antzekoak direlako.
Diagnostikoa zeran oinarritzen da:
- Historia klinikoan (karraskarien esposizioa, bidaiak, kontaktuak)
- Laborategiko probetan: serologian eta teknika molekularretan RT-PCR-an
Tratamendua
Tratamendua sintomatikoa da, ez baitago tratamendu antibiral espezifikorik ezta baimendutako txertorik ere.
Horregatik, tratamendua honakoetan oinarritzen da:
- Sostengu prozesuetako zainketan
- Jarraipen kliniko estuan
- Arnasketa, bihotz eta giltzurruneko konplikazioen kudeaketan
Zainketa intentsiboetarako sarbide goiztiarrak pronostikoa hobetzen du kasu larrietan.
Prebentzioa eta kontrola
Eremu endemikoetan, hantabirusak eragindako giza infekzioen prebentzioa karraskariak kontrolatzean, haien gorotzekin, listuarekin edo gernuarekin kontaktua saihestean eta birusarekin kutsatutako hautsaren esposizioa murriztean oinarritzen da (etxeak garbi mantenduz; sarrerak itxiz; elikagaiak modu seguruan gordez; kutsatutako eremuak modu egokian garbituz; gorotzak erratzez edo modu lehorrean garbitzea ekidin, garbiketa aurretik gainazalak bustiz baizik; eskuak garbi mantenduz).
Hedapena mugatzeko neurri osagarriak hauek dira: agerraldi garaian edo kasuak susmatzen direnean, kasuak azkar identifikatzea eta isolatzea, kontaktu estuak jarraitzea eta infekzioak prebenitzeko neurri estandarrak hartzea.
Eremu endemikoetara bidaiatzen duten pertsonentzako prebentzio-neurriak
Karraskariekiko, haien gorotzekiko, listuarekiko edo gernuarekiko kontaktua saihestean eta birusarekin kutsatutako hautsaren esposizioa murriztean oinarritzen dira. Birusa endemikoa den landa-eremuetara bidaiatuz gero, honako hau gomendatzen da:
- Eguzkitsuak, irekiak eta garbiak diren lekuetan kanpatzea (egurra edo simaur pilaketetatik gertu ez kanpatu, karraskariak egon baitaitezke).
- Utzita edo abandonatuta dauden etxolak ez erabiltzea.
- Zaborra ontzi itxietan botatzea.
- Ez sartzea erabilerarik gabeko guneetan; beharrezkoa bada, gutxienez ordubete lehenago aireztatzea eta maskara eta eskularruak erabiltzea.
- Oro har, karraskari basatiekin kontaktua saihestea eta ez ukitzea (bizirik zein hilda).
Arriskuak
Osasun-ingurunerako arriskua
Osasun-zentroetan transmisio-arriskua txikia da, baldin eta infekzioen prebentzio eta kontrol neurriak aplikatzen badira:
- Esku-higienea.
- Babes-ekipamenduaren erabilera egokia.
- Fluido biologikoen kudeaketa segurua.
Populazio orokorrerako arriskua, Hondius gurutzaontziko ANDV agerraldiaren ondorioz
Osasun Ministerioaren arrisku‑ebaluazioaren arabera, Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroaren (ECDC) irizpideekin bat etorriz, gure ingurunerako arriskua oso txikia dela jotzen dugu. Andes birusaren gordailua naturala ez dago Europan; beraz, ez da espero karraskarien populaziora sartzea, ezta Europan karraskarietatik gizakietara transmisiorik gertatzea ere.
Agerraldiaren jatorriari buruzko hipotesiaren arabera, bidaiari batzuek hantabirusarekiko esposizioa izango zuten, ziurrenik ingurumenekoa, Argentina barruan Andes birusa endemikoa den eremuetan egindako egonaldian. Era berean, ezin da baztertu birusa gurutzaontziko beste bidaiari batzuei transmititu izana.
Bidaiarien artean arrisku‑harremanak edo kasu sintomatikoak antzemango balira, edo gure inguruan gaixo dauden bidaiariak artatu beharko balira ere, osasun‑sistema prest dago haiek segurtasunez artatzeko eta transmisio sekundario berrien arriskua ahalik eta gehien murrizteko.
Informazio gehiago
- Osasunaren Mundu Erakundea (OME):
https://www.who.int/news-room/fact-sheets/detail/hantavirus
- Gaixotasunen Prebentzio eta Kontroleko Europako Zentroa (ECDC):
https://www.ecdc.europa.eu/en/hantavirus-infection
- Osasun Alerta eta Larrialdien Koordinazio Zentroa (CCAES):
https://www.sanidad.gob.es/areas/alertasEmergenciasSanitarias/alertasActuales/home.htm https://www.sanidad.gob.es/areas/alertasEmergenciasSanitarias/alertasActuales/fiebreHemorragica/docs/20260512_Ciudadanos_hantavirus.pdf
Azken aldaketako data: