Osasun Saila

COVID-19aren aurkako txertaketaren inguruko galderak eta erantzunak

COVID-19aren aurkako txertaketaren inguruko galderak eta erantzunak

Osasun Sailak eta Osakidetzak herritarren zalantzei erantzuten diete. Dokumentu hau etengabe ari da eguneratzen, egoeren eta txertoen aurrerapenen arabera.

TXERTAKETA-KANPAINA

Noiz hasi zen txertaketa-kanpaina Euskadin?

Zergatik da garrantzitsua txertoa jartzea?

  • Txertaketaren helburu nagusia COVID-19a prebenitzea eta haren larriagotasuna eta heriotza-tasa murriztea da, eta, horretarako, bereziki pertsona talde kalteberenak babestea.
  • Txertaketa garrantzitsua da, batetik, txertoa jarrita duen pertsona bakoitza babesten duelako eta, bestetik, zeharka gainerako biztanleak ere babesten dituelako. Zenbat eta jende gehiago immunizatu, orduan eta aukera gutxiago egongo da gainerakoak (zehazki gaixotasun larria izateko kalteberenak) birusaren eraginpean egoteko, edo, behintzat, birus-karga handien eraginpean egoteko.
  • “Txertatu zaitez - Babestu nazazu” da Eusko Jaurlaritzak sustatutako sentsibilizazio-kanpainaren lema.

 Noiz lortuko da talde-immunitatea?

  • Nazioarteko adituen adostasunaren arabera, artaldearen immunitatea lortzen da biztanleriaren % 70 gutxienez immunizatuta dagoenean.
  • Euskadira txertoak Europar Batasunak egin duen dosien erosketa zentralizatuari esker iristen dira. Euskadi komunitate zientifikoak ezarritako kolektiboen lehentasun-irizpideen arabera eta dauden dosietan oinarrituta ari da txertoak jartzen.
  • Euskadin emandako dosiei buruzko argibide gehiago, honako esteka honetan: https://www.euskadi.eus/estrategia-y-datos/web01-a3txerto/es/

Bizitza normala eraman dezaket txertoa jarri ondoren?

  • Txertoek denbora bat behar dute eman ondoren organismoak birusaren aurrean babesa gara dezan.
  • Bestalde, harik eta biztanleria-kopuru handi batek txertoa jarrita izan arte, oso garrantzitsua da pertsona guztiek, txertoa jarrita izan ala ez izan, prebentzio-neurriak betetzen jarraitzea.
    • Maskarak erabiltzea
    • Eskuen ohiko higienea.
    • Pertsonen arteko distantzia.
    • Burbuila: harremanetarako pertsona-kopurua mugatzea.
    • Espazio itxiak aireztatzea.
    • Eta COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak agertzen bazaizkigu, isolatu egin behar dugu eta osasun-zentroarekin harremanetan jarri.

TXERTOEN EZAUGARRIAK

Zer jakin behar dut Pfizer/BioNTech-en Comirnaty txertoaz?

  • Euskadira iritsi zen lehena da; Europako Batzordeak baimendu eta Sendagaien Europako Agentziak txerto guztiei egiten dien azterketa zorrotza egin ondoren iritsi zen Euskadira.
  • Txertoa baimendu da COVID-19aren prebentzioan dakartzan onurak ekar ditzakeen arriskuak baino handiagoak direla frogatu denean.
  • ARNm motako txertoa da, eta oso tenperatura baxuetan gorde behar da. Immunitatea handiena emateko, bi dosi hartu behar dira, gutxienez 21 eguneko aldearekin.

Zer jakin behar dut Moderna txertoaz?

  • COVID-19aren aurkako Modernaren txertoa Euskadira iritsi zen bigarrena da; Europako Batzordeak baimendu zuen 2021eko urtarrilaren 6an, eta Sendagaien Europako Agentziak txerto guztiei egiten dien azterketa zorrotza egin ondoren iritsi zen Euskadira.
  • Txertoa baimendu da COVID-19aren prebentzioan dakartzan onurak ekar ditzakeen arriskuak baino handiagoak direla frogatu denean.
  • ARNm motako txertoa da, eta oso tenperatura baxuetan gorde eta garraiatu behar da (-20º). Immunitate altua emateko, bi dosi hartu behar dira, gutxienez 28 eguneko aldearekin.

 Zer jakin behar dut AstraZenecaren txertoaz?

  • COVID-19aren aurkako AstraZenecaren txertoa Euskadira iritsi zen hirugarrena da; Europako Batzordeak baimendu zuen 2021eko urtarrilaren 29an, eta Sendagaien Europako Agentziak txerto guztiei egiten dien azterketa zorrotza egin ondoren iritsi zen Euskadira.
  • Txertoa emateari utzi zitzaion, tronbosi-mota batekin duen harremana aztertzeko, baina Euskadik AstraZenecaren txertoa jartzeko programari heldu zion berriz, txertaketa eten eta egun gutxitara, martxoaren 24an hain zuzen. Europako Farmakozaintzako Arriskuen Ebaluazio Batzordeak ondorioztatu zuen txertoaren onurak arriskuak baino gehiago direla.
  • Buruko mina, ondoeza, febrikula, mialgiak eta goragaleak eta okadak ohikoak dira txertaketaren ondoren, eta parazetamolarekin trata daitezke. Sintoma horiek egun gutxi batzuk irauten dute.

Txertoak COVID-19a eragin dezake?

  • Txertoak ezin dio COVID-19a kutsatu hura jartzen duen pertsonari; izan ere, ez du birus bizirik, ezta kutsatzeko besteko material genetikorik ere. Txertoa ematean, gaixotzeko, gaixotasun larria garatzeko eta hiltzeko probabilitatea murriztuko da.
  • Hala ere, txertoa jarri duten pertsonek, oraingoz, transmisioa murrizteko prebentzio-neurriak betetzen jarraitu beharko dute (eskuak garbitzea, maskara erabiltzea eta pertsonen arteko distantzia gordetzea).

Zer albo-ondorio izan dezaket txertoa jartzen badut?

  • Medikamentu guztiek bezala, txertoak ere albo-ondorioak eragin ditzake. Ez dira beti agertzen, eta gehienak arinak eta iraupen laburrekoak izaten dira, hala nola sukarra eta mina injekzioa jarri den lekuan. Ohikoagoak dira bigarren dosiaren ondoren, bereziki min lokalizatua.
  • Sintomen arabera eta alergiarik ez baduzu, Parazetamola edo antzeko beste analgesiko bat har dezakezu.
  • AstraZenecaren txertoa jarri duten pertsonen kasuan, ohiko erreakzio lokal eta sistemiko arinak ikusi dira, txertoa hartu ondoren. Txerto honen kasuan, albo-ondorio "oso arraro”tzat jotzen da ezohiko odolbildu batzuk plaketa baxuekin.

 

  • Kontrako efektuaren garrantziaren arabera, osasun-arreta bilatu beharko duzu dagokizun osasun-zentroan edo erreferentziazko ospitalean. Batik bat, honako sintomaren bat baduzu: arnasteko zailtasuna, mina bularraldean, hantura edo mina hanka batean, abdomeneko min iraunkorra, buruko min bizia eta iraunkorra edo txertoa jarri eta 3 egun baino gehiagotara okerrera egiten duena, ikusmen lausoa edo bikoitza, hematoma txiki asko, orban gorrixkak edo morexkak azalean.

ZALANTZA OROKORRAK

PCRa edo serologia egin behar da, txertoa jarri aurretik?

  • Ez da gomendatzen proba serologikoak edo birologikoak egitea txertaketaren aurretik edo ondoren.

Txertoa doakoa da?

  • Bai, txertoak doakoak dira herritar guztientzat. 

Aukeratu dezaket zer txerto jarri?

  • Ez. COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpaina bizi dugun egoera epidemiologiko larriak baldintzatzen du. Hori dela eta, kalteberenen babesa ahalik eta lasterren sendotzeko, aplikatuko den txertoa ezin du bakoitzak hautatu; hautaketa hori biztanle-taldeetan txertoek duten eraginkortasunean eta indikazioan oinarritu behar da.

Ziurtagiririk edo dokumentaziorik emango didate txertoa jarrita dudala egiaztatzeko?

  • Osakidetzak txertaketa-agiria ematen die txertaketa-puntuetan txertoa jartzea eskatzen dutenei. Halaber, Osasun Karpetan bertan dago eskuragarri.

Ba al dago Europa mailan txertaketa-kartillarik?

  • Europa mailan txertaketa-kartilla ateratzeko ari dira lanean, nazioarteko joan-etorriei bide emateko.
  • Osakidetzak txertaketa-agiria ematen die txertaketa-puntuetan txertoa jarri dutenei.
  • Halaber, Osasun Karpetan bertan dago eskuragarri.

KOLEKTIBOEN LEHENESPENA

Noiz jarriko dut txertoa?

  • Txertoak pixkanaka ari direnez heltzen, lehentasun-ordena ezarri da, biztanleria txertatzeko.

Zein dira txertaketa-irizpideak? Noiz jakingo dut noiz den nire txanda?

  • Euskal herritarrek berriz erakutsi behar dute elkartasuna eta ulertu COVID-19aren aurrean lehendabizi babestu behar diren pertsonak kalteberenak eta kutsatzeko arriskurik handiena dutenak izan behar direla. Txertaketa garatzeko, honako esteka honen irizpideei jarraitzen ari zaie, eta, betiere, dosien erabilgarritasunaren arabera.

 “Funtsezko”tzat jotzen den kolektibokoa naiz. Noiz jarriko dut txertoa?

  • Txertaketa-estrategia etengabe ari da eguneratzen. Azken aldaketetan oinarrituta, funtsezko kolektiboak (3b, 3c eta 6. taldea) txertatu ondoren, biztanleria orokorrera igarotzea lehenesten da. Izan ere, une honetan adina da lehentasun-irizpide.

TXERTOA JARTZEKO HITZORDUA

Non jarriko didate txertoa? Hitzordua emango didate ala eskatu egin behar dut?

  • Erabilgarri dauden txertoen arabera, Osakidetza izango da xede-biztanleriari jakinaraziko diona nola, noiz eta non dagokion txertoa jartzea. Itxaron Osakidetza zurekin harremanetan jarri arte, eta ez deitu osasun-zentrora zure txertaketa-txandaren inguruan galdetzeko.
  • Zure txanda heldu bada, Osakidetzak SMSa bidaliko dizu, web-orriaren eta mugikorreko aplikazioaren bidez hitzordua eskatu ahal izateko.
  • Aldi berean, telefonoz deituko zaie harremanetarako telefono gisa mugikorrik ez dutenei, edo agendan hutsuneak bete behar badira.
  • SMSa jaso baduzu eta hitzordua hartzeko zailtasunak badituzu, osasun-zentroarekin jar zaitezke harremanetan telefonoz eta txertaketaren 1. aukera markatu. Inolaz ere ez joan osasun-zentrora bertara.
  • Web bidezko hitzordua zabalik egongo da, txertoak eskuragarri dauden neurrian. Osakidetzak SMS bidez jakinaraziko dizu web bidezko hitzordua noiz ixten den, dosirik geratzen ez direlako, eta noiz irekiko den berriz eta txertaketari berriz noiz ekingo zaion.

Zertan datza SMS bidezko hitzordua?

  • Osakidetzak SMSa bidaliko dio kolektiboari, haren web-orriaren bidez edo Osakidetzaren mugikorreko aplikazioaren bidez hitzordua eskatu ahal izateko.
  • Honako datu hauek sartu behar dira:
    • OTI zk. (txartelean agertzen dena)
    • abizena (OTIan ageri den bezala)
    • Jaiotza-data (xxxx/xx/xx)
  • Datu horiek sartu ondoren, zu txertatzen ari garen xede-kolektibokoa bazara, txertoa jartzeko zenbait egun eta ordu eskainiko dizkizute. Bat aukeratu, eta Osakidetzak SMSa bidaliko dizu, hitzordua egiaztatzeko.
  • Adi: hitzordua une horretan ezarritako hurrenkeraren arabera txertoa jartzea dagokienek baino ezingo dute eskatu.
  • ITXARON Osakidetza zurekin harremanetan jarri arte, eta ez deitu osasun-zentrora edo EAGra zure txertaketa-txandaren inguruan galdetzeko. Komunikazio-lineek erabilgarri egon behar dute osasunarekin zerikusia duten beste behar batzuei arreta emateko.
  • SMSa jaso baduzu eta hitzordua hartzeko zailtasunak badituzu, osasun-zentroarekin jar zaitezke harremanetan telefonoz eta txertaketaren 1. aukera markatu. Inolaz ere ez joan osasun-zentrora bertara.

Orain txertoa hartzen ari den kolektibokoa naiz, eta Osakidetzak oraindik ez dit deitu. Dei dezaket hitzordua hartzeko?

  • Osakidetza txertatzen ari den xede-kolektibo horietakoren batekoa bazara, ITXARON Osakidetza zurekin harremanetan jarri arte, eta ez deitu osasun-zentrora edo EAGra zure txertaketa-txandaren inguruan galdetzeko. Komunikazio-lineek erabilgarri egon behar dute osasunarekin zerikusia duten beste behar batzuei arreta emateko.

Arazoa hitzorduarekin edo SMSarekin (sarbidea, aldaketak, bertan behera uztea…)

  • Txertaketarako hitzorduarekin arazorik baduzu, osasun-zentroarekin jar zaitezke harremanetan telefonoz, eta txertaketarako “bat” aukera markatu. Baina deitu soilik hitzorduagatiko arazoren baten, aldaketaren edo baliogabetzeren baten inguruan bada; izan ere, Osakidetza jarriko da zurekin harremanetan.
  • Inolaz ere ez joan osasun-zentrora bertara.

Osakidetzak esan du amaitu duela niri dagokidan kolektiboarekin eta ez didate deitu eta ez didate hitzordurik eman. Zer egin behar dut?

  • Osakidetza zurekin hitzordua eskaintzeko harremanetan jarri ez bada eta zure taldearekin amaitu badu, orduan bai, jarri dagokizun osasun-zentroarekin harremanetan.

Ez dut gizarte-segurantzarik. MUFACE, MUGEJU, ISFAS, Desplazatu edo antzeko batean egonez gero, zer egin behar dut? Nola emango didate hitzordua?

  • Hainbat motibo tarteko Osakidetzan ez daudenei (Desplazatuak, MUFACE, MUJAGE...), txertoa adinaren arabera dagokienean jarriko zaie.
  • Adinagatik txertoa jartzea egokitzen bazaizu eta Osakidetza ez bada zurekin harremanetan jartzen, dagokizun osasun-zentroarekin jarri beharko duzu harremanetan, telefonoz, eta txertaketa-aukera hautatu beharko duzu adinaren arabera dagokizunean, eta EZ lehenago.

EGOERA BEREZIEI BURUZKO ZALANTZAK

Joan naiteke txertoa jartzera bajan banago?

  • Baja COVID-19az bestelako edozein motibo bada eta txertoa jartzeko dei egiten badizute, joan ahalko zara, txertoa jartzeko kontraindikazio klinikorik ez baduzu eta zure egoera klinikoak horretarako aukera ematen badizu.

Alergikoa naiz, txertoa jar dezaket?

  • Txertoaren egungo kontraindikazio bakarra txertoak berak edo haren osagaiek eragindako alergia da.
  • Ez da kontraindikazio modura beste alergiarik, immunodepresioa edo antikoagulazioa jasotzen. Beraz, bai, txertoa jar dezakezu.

Gaixotasun kroniko bat dut. Txertoa jar dezaket?

  • Bereziki gomendatzen da txertaketa zenbait patologia kronikotan, besteak beste: diabetesa, hipertentsio arteriala, bihotzeko gutxiegitasuna edo biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa. Ez dira, inolaz ere, kontraindikazioak.
  • Jarraian deskribatutako kasuren bat baduzu, Osakidetzak txertoa jartzeko abisua emango dizu 70 eta 79 urte bitarteko biztanleriaren txertaketarekin batera, nahiz eta zu adin horretakoa ez izan:
    Guraso hematopoietikoen transplantea. Organo solidoaren transplantea eta organo solidoaren transplanterako itxaron-zerrenda.
    • Giltzurruneko ordezko tratamendua (hemodialisia eta peritoneo-dialisia).
    • Gaixotasun onkohematologikoa, kimioterapia zitotoxikoarekin, metastasikoarekin edo tumore torazikoek eragindako erradioterapiarekin tratamenduan dagoen eta pneumonitisa izateko arriskua duen organo solidoko minbizia.
    • Immunoeskasia primarioak.
    • 200 cel/ml baino gutxiagoko infekzioa GIBarekin, erretrobirusen aurkako tratamendu eraginkorra eta birus-karga detektaezina izan arren.
    • Down sindromea, 40 urte eta gehiago dituena

Txertoa jar dezaket Sintrom-a edo ahoko beste antikoagulatzailerik hartzen ari banaiz?

  • Antikoagulatzaileekin (hala nola Sintrom eta bestelakoak) tratamendu kronikoan daudenek, INR (nazioarteko indize normalizatua) adierazlea kontrolatuta eta egonkor badute, muskulu barneko txertoa arazorik gabe jar dezakete.

Noiz komeni da txertaketa atzeratzea?

  • Gaur egun, ez da gomendatzen txertaketa orokorra honako kasu hauetan:
    • COVID-19agatiko gaixoekin kontaktuan egoteagatik isolamenduan daudenak.
    • COVIDagatiko infekzioa aktibo dutenak edo azken 6 hiletan izan dutenak.
    • 18 urtetik beherakoak.
    • Haurdun dauden emakumeak
    • Beste txerto mota batekiko erreakzio anafilaktiko larriak dituztenak
    • COVID 19aren kasu egiaztatu batekin kontaktuan egoteagatik isolamenduan daudenak
    • Profesional batek aurreko kasuren batean txertoa jartzeko aholka lezake, onurak arriskuak baino gehiago balira.

Minbizia izan badut eta dagoeneko tratamenduan ez banago, txertoa jar dezaket?

  • Minbizia izan dutenei edo minbizi aktiboagatik tratamendua jasotzen ari direnei gomendatzen zaie txertoa jartzea; izan ere, SARS-CoV-2az kutsatuz gero gaixotasun larria izateko eta hiltzeko arrisku handiagoa dute. Arreta ematen dizuten profesionalek jakinaraziko dizute txertoa jartzeko edo atzeratzeko kontraindikaziorik dagoen.

Txertoa jar dezaket immunodeprimitua banaiz edo tratamendu immunoezabatzailean banago?

  • Immunodeprimituek (GIBa dutenak barne, CD4+ ≥200 zel/ml-ko kalkuluarekin) edo tratamendu immunoezabatzailean daudenek (COVID-19aren tratamenduan erabil daitezkeen kortikoideak barne) COVID-19 larria jasateko arrisku handiagoa izan dezakete, eta, nahiz eta txertoak pertsona horietan duen segurtasunari eta eraginkortasunari buruzko behin betiko daturik ez dagoen, txertoa jarri beharko lukete, kontraindikatuta egon ezean. Oraingoz, ez da gomendatzen tratamendu immunoezabatzailea etetea.

Baja hartu behar dut txertoa jarri ondoren?

Sukarra daukat, txertoa jar dezaket?

  • Txertaketa atzeratu egin beharko da, aldi baterako, sukarra duten eta gaixotasun akutu larrirako edo akuturako prozesuan dauden pertsonetan, baina sukarrik gabeko edo eragin sistemikorik gabeko gaixotasun arina ez da txertaketa atzeratzeko baliozko arrazoi.

HAURDUNALDIA ETA EDOSKITZEA

Haurdun nago. Txertoa jar dezaket?

  • Nahiz eta haurdunen txertaketan segurtasun-arazoen indikaziorik ez dagoen, ez dago ebidentzia nahikoa haurdunaldian txertoaren erabilera gomendatzeko. Oro har, haurdunen txertaketa atzeratu egin behar da, haurdunaldia amaitu arte. Haurdun dagoenak esposizioan egoteko arrisku handia badu edo konplikazioetarako arrisku handia, txertoa ematea balora daiteke, banaka.
  • Txertoa jartzeko orduan emakume batek haurdun egon daitekeela uste badu, txertaketa atzera daiteke.

 Haurdun geratzeko asmoa dut. Txertoa jar dezaket?

  • Haurdun geratzeko asmoa duten emakumeen kasuan, gaur egun dauden COVID-19aren aurkako txertoek ez dute birus bizirik; beraz, ziur aski ez dute arazorik eragingo ez fetuarengan ez haurdun dagoen emakumearengan. Nolanahi ere, haurdun geratzeko asmoa badago, arreta-neurri gisa 2 aste itxaron daiteke bigarren dosia hartu ondoren.

Bularra ematen ari naiz. Txertoa jar dezaket?

  • Ez dago txertoak edoskitzean izan ditzakeen ondorioen daturik (ez esnea sortzeari dagokionez ez bularreko haurrari dagokionez), baina gaur egun baimenduta dauden txertoen mota kontuan hartuta, ez da uste arriskutsua denik bularreko haurrarentzako; beraz, bularra ematen duten emakumeek eta esposizio-mailan egoteko arrisku handia edo konplikazioak izateko arrisku handia dutenen kasuan, txertoa jartzea balioetsi daiteke, banaka. Ez litzateke edoskitzea utzi beharko, txertoa jarri eta hurrengo egunetan zehar.

TXERTOA ETA COVID-19-A DUTENAK

COVID-19aren sintomak baditut, txertoa jar dezaket?

  • Atzeratu egin behar da COVID-19aren sintoma susmagarriak dituzten pertsonen txertaketa, harik eta erabat osatuta egon eta isolamendu-aldia amaitu arte.

COVID-19a duen pertsona baten kontaktu estua banaiz, txertoa jar dezaket?

  • Atzeratu egin behar da COVID-19aren kasu egiaztatu baten kontaktu izatearren berrogeialdian dauden pertsonen txertaketa, harik eta berrogeialdia amaitu arte. Ez da gomendatzen test diagnostiko birologikorik edo serologikorik egitea txertaketa baloratzeko.

COVIDa izan dut, txertoa jar dezaket?

  • Deskribatutako emaitzak aintzat hartuta, infekzio asintomatikoaren edo sintomatikoaren aurrekaria duten pertsonetan, larritasun-maila gorabehera, honako hau gomendatzen da:
    • 65 urtetik gorakoa bazara --> txertaketa, 2 dosirekin.
    • 65 urte edo gutxiago badituzu --> Dosi bakarreko txertoa hartzea, infekzioa jasan edo infekzioaren diagnostikoa jaso eta sei hilera.

Zer gertatzen da COVIDa diagnostikatzen badidate eta dagoeneko txertoaren 1. dosia jarri badidate?

  • Egungo ebidentzia zientifikoa aintzat hartuta, infekzio asintomatikoaren edo sintomatikoaren aurrekaria duten pertsonetan, larritasun-maila gorabehera, honako hau gomendatzen da:
    • 65 urtetik gorakoa bazara --> Bigarren dosiaren txertaketa erabat osatu zarenean eta isolamendu-aldia amaitu ondoren.
    • 65 urte edo gutxiago badituzu --> Sei hilera beste txertaketa bat, beste dosi batekin.

Txertoa jarrita dut eta kontaktu estua naiz. Konfinatuta egon behar dut?

  • COVID-19aren txertoak ez duenez gaixotasunaren aurrean % 100ean babesten eta txertoa jarrita duen pertsona batek birus kausala transmititzen jarrai dezakeenez, kontaktu estutzat jotzen denak neurri berak bete beharko ditu eta haren erkidegoan biztanleriarentzat oro har ebatzitako proba berak egin beharko ditu.

Azken aldaketako data: