Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du muturreko tenperatura altuengatik, datozen ostegun eta ostiralerako

Argitalpen-data: 

Beroaldiak aparteko eragina izango du Araban

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du, muturreko tenperatura altuengatik, Arabako lurraldean eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, datorren ostegunerako, ekainaren 27rako, 12:00etatik 21:00etara bitartean, eta muturreko tenperatura altuengatik eta iraunkorrengatik datorren ostiralerako, ekainaren 28rako, Araba erdialdean eta hegoaldean.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Afrika iparraldetik iritsiko den aire-masa oso bero eta iraunkorrak eragingo du egoera hori. Urteko egunik luzeenak izateak ere eragina du beroaldian, intsolazioa handia baita.

Egoera horri eransten bazaio hego-haizea ibiliko dela eta ez dela hodeirik izango, tenperaturak 35 ºC-tik gorakoak izango dira EAEko barnealdean, batez ere asteazkenean eta ostegunean. Horrela, tenperatura maximoak 36-38 °C ingurukoak izango dira Araban eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, eta tenperatura minimoak, berriz, 17-19 ºC ingurukoak.

Itsasertzari dagokionez, egunik beroenak asteazkena eta osteguna izango dira, eta balioak ez badira ere hain altuak izango, maximoak 31-33 °C-ra iritsiko dira eta minimoak 18-19ºC ingurukoak izango dira. Bi egunotan haizea aldakor ibiliko da, eta egunaren bigarren zatian galerna sor daiteke.

Ostiraletik, hilaren 28tik, aurrera, batez ere Araban, eta, bereziki, Arabako Errioxan, izango dituzte muturreko tenperaturak eta tenperatura altu iraunkorrak. Kantauri isurialdean tenperatura maximoak ez dira hainbestekoak izango, eta itsasertzean, esate baterako, 25 ºC ingurukoak izango dira segur aski.

Asteburuari dagokionez, barnealdean mantendu egingo dira tenperatura altuak, baina ez dira hain muturrekoak izango.

Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea.

Herritarrentzako gomendioak

Prebentzioko neurriak:

  • Likido asko edan, bereziki ura, deshidrataziorik gerta ez dakizun. Ez itxaron egarri izan arte edaten hasteko. Saiatu ez hartzen alkohol, kafeina edo azukre gehiegi daukaten edaririk.
  • Arin jan (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta eta abar).
  • Itxi leihoak, eta jaitsi eguzkiak jotako leihoetako pertsianak; bero gutxieneko orduak baliatu etxea haizatu eta freskatzeko.
  • Erabili arropa egokia: zabala, arina eta kolore argikoa eta izerditzen uzten duena, baita oinetako erosoak eta freskoak ere.
  • Ahal baduzu, ez irten kalera bero gehien dagoen orduetan.
  • Atera behar baduzu, estali burua eta betaurreko beltzak erabili; saiatu gerizpean ibiltzen.
  • Ariketa fisikoak kanpoan egin behar badituzu, egizu bero gutxien egiten duen orduetan.
  • Ibilgailua aparkatuta eta itxita dagoela, ez geratu inoiz barruan eta ez utzi ez pertsonarik ez animaliarik, ibilgailua itzaletan badago ere.
  • Arreta handia eduki behar da jaioberriekin eta ume txikiekin, adinakoekin eta beroaren eta deshidratazioaren ondorioz areagotu daitezkeen gaixotasunak dauzkaten pertsonekin, esaterako bihotzeko gaixotasunak.
  • Adinakoek, bereziki etxean bakarrik bizi direnek edo menpekoak direnek, babes neurriak hartzeko zailtasunak eduki ditzakete, hori dela eta, senide batek, lagun batek edo auzokide batek egunero bisita egin behar die, eta beharrezkoa bada, gizarte zerbitzuei laguntza eskatu behar diete.
  • Medikuari kontsulta egin ordubete baino gehiago luzatzen diren sintomak, tenperatura altuekin lotura daukatenak, edukiz gero (ahultasuna, nekaldia, zorabioak, goragaleak, konortea galtzea,...)
  • Sendagaiak leku freskoan jarri, beroak bere konposizioa eta efektua alda baitezake.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Norbaitek intsolazioa izan badu (azal gorrixka, beroa eta lehorra; pultsu azkarra, buruko min handia) eraman leku fresko batera, estali burua eta besapeak bustitako konpresa hotzekin, bikarbonatoa duen ur gatzatua eman edateko.
  • Konorterik gabe dagoela gonbitoak botatzen baditu, jar iezaiozu burua alde batera eta mantendu arnas bideak libre.

Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.