Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak lehenengo aldiz parte hartuko du babes zibileko Europako ariketa batean Portugalen, larrialdi kimikoetarako talde batekin

Argitalpen-data: 

Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiak koordinatuta eta Galiziako eta Andaluziako bi talderekin elkarlanean

Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia larrialdi kimikoetarako taldearekin elkartu zen joan den ostiralean Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Taldea Ertzaintzako bost kidek eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako esku-hartzeko teknikari batek osatzen dute, eta lehenbiziko aldiz parte hartuko du Portugalen babes zibileko Europako ariketa batean, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiko teknikariek gainbegiratuta eta Galiziako eta Andaluziako beste bi talde edo modulurekin elkarlanean.

Euskadiko modulua osatzen dute bitarteko eta koordinazio lanak egingo dituen Arrisku eta Larrialdietako teknikari batek eta Ertzaintzako NRBQ Unitateko (Defentsa Nuklearra, Erradiologikoa, Biologikoa eta Kimikoa) bost kidek, eta horietako bat koordinatzaile arduraduna izango da.

Aurreikusitako ariketan gai kimiko baten ihesa edo gai kimiko batekin izandako gorabehera bat konpondu beharko da, eta Euskadiko ordezkaritzak, beraz, horrelako egoeretarako jantzi eta maskara egokiak eramateaz gainera, kutsadura kimikoaren detektagailuak eta dutxa deskontaminatzaileak ere eramango ditu.

Cascade 19 izeneko ariketa maiatzaren 27tik ekainaren 1era bitartean egingo da Portugalgo Larrialdietako eta Babes Zibileko Agintaritza Nazionalak (ANPC), bertako Itsas Agintaritzaren Zuzendaritza Nagusiaren laguntzaz, antolatuta, eta Europako Batzordeak finantzatuko du Europar Batasuneko Babes Zibileko Sistemako Mekanismoaren baitan.

Ekimen honetan Espainiatik, Frantziatik, Belgikatik, Alemaniatik eta Kroaziatik iritsiko diren 600 profesionaletik gora izango dira, eta helburua izango da Babes Zibileko Sistema horrek erantzun bateratua eta integratua emateko duen ahalmena testatzea, hainbat larrialdi-egoera konplexu bata bestearen atzetik gertatzen diren egoera batean, esate baterako, lurrikara batek, uholdeek, istripu kimikoek, urtegi bat hausteak edo itsasoaren kutsadurak eraginda.

LIVEX bat izango da (zuzenean egindako ariketa), eta babes eta laguntza baliabideak mobilizatuko dira eta Lisboan, Aveiron, Evoran eta Setubalen egokituko diren hainbat agertokitan zehar hedatuko dira. Ariketan garrantzi handiko osagai bat probatuko da: egoera erreal batean, eta nazioarteko laguntza-eskaera baten esparruan, esku hartu beharra izan dezaketen nazioarteko taldeetako baliabideen harrera, integrazioa eta koordinazioa.