Osasun Saila

Osakidetzak garapen profesionaleko beste deialdi bat proposatzen du 2019ko aurrekontuen kontura

2018.eko azaroak 05

Mahai sektorialean, gaur, Giza Baliabideen Zuzendaritzak sindikatuei adierazi die profesionalentzako osagarrien ordainketari berriro ekiteko duen borondatea

Larrialdietako zerbitzuko langileen lan-baldintzak hobetzeko proposamena eta 2016-2017 lan-eskaintza publikoaren gaur egungo egoeran ere aztertu dira bileran

 

Gaur egindako sektore-mahaiaren bileran, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak datorren urtetik aurrera garapen profesionaleko deialdi berri bat irekitzeko duen borondatea adierazi die sindikatuei. Jarduketa horretarako 15 milioi euroko partida bat aurreikusi da 2019ko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren proiektuan.  Horrela adierazi die sindikatuei gaur goizean egindako bileran —legealdi honetako zazpigarrena—, Gasteizko Osakidetzaren egoitza nagusiko lokaletan.

Giza Baliabideen Zuzendaritzak bide horretatik jarraitzeko asmo irmoa erakutsi du eta, zentzu horretan, lanbide-karrera berriro zabaltzea proposatu da. Horregatik, planteatutako proposamena ondo baloratzea eta Euskal Osasun Zerbitzuan ordezkaritza duten zentral sindikalen artean ahalik eta babes handiena biltzea espero du.

Gaurko mahai sektorialean Larrialdietako langileen lan-baldintzak hobetzeko proposamena ere aztertu da, eta Larrialdietako Zerbitzuko Koordinazio Zentroa bateratzeko proiektu posiblearen inguruan Osakidetzak oraindik erabakirik ez duela hartu adierazi da berriro. Zentzu horretan, sindikatuei berriro adierazi zaie Osakidetzako erakunde guztiek etengabe irekita dituzten eraginkortasuna bilatzeko eta planifikatzeko lan arruntean kokatutako aukeren azterketa bat dela.

Halaber, gaurko bileran garrantzi handiko beste proposamen batzuk ere aipatu dira, hala nola, Lehiaketa Ireki eta Iraunkorreko proposamena eta Lizentzien eta Baimenen proposamena. Era horretan, plantatutako aldarrikapenei erantzun behar zaizkie eta horrek, azken batean, profesionalen lan-baldintzak hobetzen laguntzen du.

Amaitzeko, Osakidetzak sindikatuei 2016-2017 LEP gaur egun zein egoeran dagoen jakinarazi die. Azaldu duenez, deialdian jasotako 86 kategorietatik 83ren prozesua normaltasunez burutzen jarraitzen du, eta aurki 83 kategoria horietan azterketak gainditu dituzten pertsonen behin betiko zerrendak argitaratuko dira.

Gainera, beste hainbat gairen artean, urriko nominan Osakidetzako profesionalek, oro har, izan duten ordainsariaren igoeraren berri eman da (% 1,5ekoa, gehi beste % 0,25ekoa uztailetik aurrera), baita Itzarrirako ekarpenetan izandako % 0,5eko igoera ere. Dekretu arautzailea onartu ondoren, profesionalei, aurki, gaixotasun komunagatik aldi baterako ezintasunaren % 100 ordainduko zaiela ere adierazi dute.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak gai horiek bi aldeen arteko hurrengo bileretan aztertzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, ”beti profesionalen lan-baldintzak hobetzeko akordioak lortzeko asmoz, eta elkarrizketatik eta akordiotik abiatuta”

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 5a