Osasun Saila

Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoa 2023-2027

OMEren definizioaren arabera, zainketa aringarriak gaixotasun aurreratuari eta sendaezinari heltzeko modu bat dira, eta helburua da pazienteen bizi-kalitatea hobetzea, haien bizitza mehatxatzen duen gaixotasun bat bizi baitute, bai eta haien familiena ere. Horretarako, prebentzioa eta sufrimendua arintzea dira xede, diagnostiko goiztiar baten, ebaluazio egoki baten eta minaren eta beste arazo fisiko eta psikosozial eta espiritual batzuen tratamendu egokiaren bitartez.

Era berean, zainketa aringarriak honela defini daitezke: gaixotasun larri baten ondorioz osasunarekin zerikusia duen sufrimendu larria duten adin guztietako pertsonen eta, bereziki, bizitzaren amaieratik hurbil daudenen asistentzia aktiboa, holistikoa. Helburua da pazienteen, haien familien eta zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea.

2023-2027 aldirako Euskadiko Zainketa Aringarrien Planaren irudia

2023-2027 aldirako Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoa

2023-2027 aldirako Euskadiko Zainketa Aringarrien Planak aurreko planaren helburuei eusten die eta sendotu egiten ditu, eta beste batzuk eta handiagoak ere jasotzen ditu. Baina, batik bat, Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun-asistentziaren zuzentasunarekin, kalitatearekin eta unibertsaltasunarekin duten konpromisoa suspertzen du, eta Osakidetzako profesionalek arreta pertsonalizatuarekin eta pertsona ororen duintasunarekin eta are gehiago kalteberenekin errespetuzkoa den arretarekin duen konpromisoa; pertsona kaltebera horien artean daude, zalantzarik gabe, haien bizitzen amaierako etapan dauden pertsonak.

Gakoa da bizitzaren amaierako fasean ematen den arretan osasun-sistemako eta soziosanitarioko zerbitzuak eurak antolatzea pazientearen premia berezien eta aldakorren inguruan, eta ez izatea zainketa aringarrietarako premia duen pertsona zerbitzu horien barne-antolamendura egokitu behar dena.


Gotzone Sagarduy Osasuneko Sailburuaren hitzen arabera, bizitza baten amaierako fasean, edozein adinetan, osasun- eta gizarte-eragileen esku-hartzeak aktiboa eta koordinatua izan behar du sufrimendu pertsonalean –fisikoa, psikologikoa, emozionala, soziala, familiarra, espirituala…– eta garrantzitsuak eta askotarikoak diren beste premia batzuen arretan. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta 2023-2027 aldirako Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategiko honen helburua da borondateak batzea eta plan egituratu bat proposatzea, zeinak Euskadin bizi diren pertsona eta familiei haien bizitzen amaierako prozesuan laguntzeko eredu asistentziala eta soziosanitarioa bermatzen baitu eta, horretarako, arreta aringarri onena izateko aukera bermatzeko behar diren baliabideak ezartzen baititu, hura behar denean, behar den moduan eta lekuan eman behar dela kontuan hartuta.

Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoa 2023-2027 - Aurkezpena

Hura prestatzeko, 2013-2020 aldirako Euskadiko Osasun Plana hartu zen oinarri; plan horren helburuetako bat zainketa aringarrietan arreta integrala eta kalitatekoa ematea zen. Erra berean, Euskadiko Osasun Sisteman Pertsonek dituzten Eskubide eta Betebeharrei buruzko 147/2015 Dekretua ere hartu da oinarri; Dekretuaren 11. artikuluan bizitzaren amaierako osasun-asistentzia berezirako eskubidea jasotzen da.

Innopal proiektuak –zainketa aringarrietako berrikuntza– Osakidetzako osasun-erakunde guztiak inplikarazten ditu, eta sareko ikaskuntza-programa gisa diseinatu zen, bost ildotan oinarritzen diren tresna eta gailuak transferitzeko eta ezartzeko:

  • Zainketa aringarrien premiaren identifikazio goiztiarra
  • Informazioa eta komunikazioa bizitzaren amaierako faseko arreta-prozesuetako funtsezko elementu gisa.
  • 24x7 asistentzia-jarraipena etxean. “Aringarri” zirkuitua diseinatzea
  • Lanbideen arteko koordinazioa eta komunikazioa.
  • Paziente/familia zaintzailearentzako laguntza.

Era berean, 2015aren eta 2022aren artean Euskadiko zainketa aringarrien garapenaren bilakaera erakusten duten zenbait adierazleren sorta bat ere jasotzen da.

Gaur egun, Euskadiko osasun-sisteman zenbait baliabide eta askotarikoak daude, azken hiru hamarkadetan sortzen joan direnak jendeak bizitzen amaieran izan ohi dituen premiei erantzuteko, premia horiek ere askotarikoak direla kontuan hartuta. Osasun-eredu orokorrak, bereziak edo aurreratuak, aniztasun handikoak sartzen joan dira ospitaleko, etxeko eta erkidegoko osasun-asistentzian, batzuetan laguntza soziala, psikologikoa eta espirituala barne.

Atal honetan, azken hiru hamarkada hauetako ibilbide kronologiko bat egiten da, eta bizitzaren amaierako asistentzia-prozesuen arauketako eta kudeaketako une gogoangarri nagusiak adierazten dira.

 “Ikuspegi aringarri”aren kontzeptu horretan oinarrituta, xehetasunez deskribatzen dira zainketa aringarrien ezaugarri, balio eta ereduak, honako atal hauetan:

  • Zainketa aringarriak.
  • Arreta aringarriaren printzipio eta balioak.
  • Gaixotasunaren ibilbideen eredua.
  • Pediatriako zainketa aringarriak.
  • Prestazioak zerbitzu-zorroan.
  • Asistentzia-eredua.

 “Asistentzia-ereduari” dagokionez, “sareko lanean” oinarritzen dela azaltzen da, eta asistentzia-mailak, baliabideak eta zerbitzuak zehazten dira; pazienteen konplexutasuna eta zerbitzuen espezifikotasuna, bai eta arreta koordinatua etxeko pazienteentzat, ospitaleko pazienteentzat, erakundetutako pazienteentzat eta paziente pediatrikoentzat ere.

Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoa 2023-2027 - Begirada

2023-2027 aldirako, bederatzi helburu estrategiko zehaztu dira, bai eta haiek garatzeko behar diren jardun-ildo nagusiak ere. Helburu estrategikoak honako hauek dira:

  1. Arreta aringarri integrala eta kalitatekoa bermatzea.
  2. Biztanleria-estaldura handitzea, erreferentziako biztanleria guztiaren % 1era iristeko.
  3. Sareko lanean oinarritutako kalitateko pediatriako zainketa aringarria bermatzea.
  4. Profesionalak koordinatzeko sistemak sortzea, komunikazioa, erabakiak hartzea eta arreta integratua errazteko.
  5. Gizarte-erakundeen eta zerbitzu soziosanitarioen arteko koordinazioan aurrera egitea.
  6. Profesionalek zainketa aringarrien arloko prestakuntza jaso dezaten bultzatzea eta sustatzea.
  7. Zainketa aringarrien arloko ikerketa eta berrikuntza sustatzea.
  8. Beste gizarte- eta komunitate-eragile batzuekin koordinatzea eta sarean lan egitea.
  9. Ebaluatzeko eta jarraipena egiteko sistemak sortzea.

Azken aldaketako data: