Osasun Saila

Ia 7.300 euskal gaztek parte hartu dute "KERIK GABEKO GAZTEAK" prebentzio eta kontzientziazio programan, joan den urtean baino 1.000 ikasle gehiagok

Premios_Kerik_Gabeko_eguna_2.jpg

2018.eko maiatzak 31

KERIK GABEKO GAZTEAK sariak, 2017-2018 ikasturtea

 

IA 7.300 EUSKAL GAZTEK PARTE HARTU DUTE “KERIK GABEKO GAZTEAK” PREBENTZIO ETA KONTZIENTZIAZIO PROGRAMAN, JOAN DEN URTEAN BAINO 1.000 IKASLE GEHIAGOK

 

Ikasturte honetan berritu eta eguneratu den Osasun Sailaren programa hau 79 ikastetxetan garatu da, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleen artean. Programaren helburua da gazteen eta nerabeen artean tabakoaren kontsumoa saihestea

 

Gaur banatu dira hiru herrialdeetan “KERIK GABEKO GAZTEAK” lehiaketaren irabazle izan diren ikasgelentzako sariak. Osasun Sailak eta Osakidetzak banatzen dituzten sari hauek euskal ikastetxeetan garatzen den tabakismoaren aurkako prebentzio-programan parte hartu izana aintzatesten dute. Ikasturte honetan guztira DBHko 1. eta 2. mailako 7.282 ikaslek hartu dute parte, joan den urtean baino 1.000 ikasle gehiagok.

Araban 1.946 ikaslek, Bizkaia 2.787 ikaslek eta Gipuzkoan 2.549 ikaslek hartu dute parte, Euskal Autonomia Erkidegoko 79 ikastetxekoak (21 Araban, 31 Bizkaian eta 27 Gipuzkoan).

Osasun Sailarentzat nerabeek eta gazteek lehentasuna dute ohitura osasungarriak eta prebentzioa sustatzeko esku-hartzeetan, gazteen garapen egokia eta osasungarria ziurtatzea baita helburua. Ildo horretan, KERIK GABEKO GAZTEAK gisako ekimenei esker, gazteak erabaki osasungarriak eta seguruak hartzera bideratzen dira bizitzako etapa garrantzitsu horretan.

KERIK GABEKO GAZTEAK, KKG, programa berritua eta eguneratua da, “Kerik gabeko klaseak” programa ordeztu duena, eta ikasturte honetan jarri da abian lehen aldiz. Osasun Sailak eta Osakidetzak, Hezkuntza Sailarekin koordinatuta, garatutako programa hau gazteei eta nerabeei zuzendutako jardunen barruan biltzen da, tabakoaren kontsumoak osasunean eragiten dituen arriskuez ohartarazteko eta sentsibilizatzeko.

KERIK GABEKO GAZTEAK, KKG, programaren helburua da tabakoa erretzen hasteko adina atzeratzea, erretzeari utz dakion sustatzea, tabakismoa normaltzat ez jotzea eta tabakorik gabeko bizitzari buruzko sormen-jarduerak sustatzea. Horretarako, ikasturte osoan, ikasleek tabakoaren osaerari, genero ikusmoldeari, tabako-industriaren estrategiei eta ez erretzearen onurei buruzko materialak landu dituzte, eta arlo horietako ekimenak garatu dituzte.

Amaieran, lehiaketa bat egiten da, eta aurten gai honen inguruko irudi bat edo argazki bat sortu behar zen: Tabakoa eta ingurumena

 

2017-2018 ikasturtean, irabazleak izan dira:

 

Araban: Vitoria-Gasteizko Egibide - Nieves Cano ikastetxeko DBHko 2.B gela.

Bizkaian: Sodupeko Eretza Berri IPIko DBHko 2.A gela.

Gipuzkoan: Tolosako Laskorain Ikastolako DBHko 2.B gela.

 

Araban, Juan Carlos Fernández Crespo Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordeak eman du saria Vitoria-Gasteizko Artium museoan.

Bizkaian, Iñaki Betolaza Osasun Saileko Farmazia zuzendariak eman du saria Bilboko Osasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzan.

Gipuzkoan, Elena Albisua Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordeak eman du saria Tolosan bertan.

Guztiek tabakoaren inguruan ikasturte honetan egin duten gogoeta eskertu diete gazteei eta tabakorik gabe bizitzera animatu dituzte.

Era berean, Osasun Publikoko Eskualdeek eta Osakidetzako Osasun Erakundeek, Hezkuntza Sailak, Udalek eta komunitate-prebentzioko teknikariek egindako lana eskertu eta nabarmendu dute.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 31