Hezkuntza Saila

Kaplan Efron, Marcos

Argentinar soziologoa (Buenos Aires, 1927). Latinoamerikako sistema politikoen analista ospetsua da. Buenos Airesko Unibertsitate Nazionalean lortu zuen zuzenbide eta gizarte zientzietako doktoregoa, eta hainbat unibertsitatetako irakaslea izan da. 1967az geroztik Mexikon bizi da. Gaur egun, Humanitateen Koordinazioan lan egiten du, eta Mexikoko Unibertsitate Autonomoan, Gizarte eta Politika Zientzien Fakultateko Ikerketa Juridiko sailean, ikertzailea da. Ehunka artikulu eta liburu ugari idatzi du. Lan aipagarrienen artean ditu: El narcotráfico latinoamericano y los derechos humanos (1993, Latinoamerikar narkotrafikoa eta giza eskubideak), El sistema mundial en la era de la incertidumbre (1994, Munduko sistema ziurgabetasunaren garaian), Crisis y futuro de la empresa pública (1994, Enpresa publikoaren krisia eta etorkizuna) eta Universidad nacional, sociedad y desarrollo (1996 Unibertsitate nazionala, gizartea eta garapena).