Hezkuntza Saila

kapitel

iz. Arkit. Zutabe eta antzekoen goi aldeko elementua, arkitrabeen eta arkuen euskarri izateko eginkizuna duena. Arkitektura estiloen bereizgarria da, garai klasikoetan batez ere. Osagarriak, behetik gora hauek dira: astragaloa, danborra, ekinoa eta abakoa. Kapitelak era askotara apaindu dira historian zehar. Egipto zaharrean, adibidez, papiro eta loto landare ostoen itxura ematen zitzaien hasieran; geroago figura antropomorfikoak ere erabiltzen ziren. Mesopotamian, bolutez osatu ohi ziren. Grekoek hiru estilo definitu zituzten: doriarra (soila), joniarra (bolutak dituena) eta korintiarra (akanto ostoen itxurakoa) (ik. doriar, joniar eta korintiar). Erromatarrek inperioaren garaian bi mota berri erabili zituzten: toskanoa (doriarraren bertsio bat) eta osatua (joniarraren kiribilak eta korintiarraren kanpai itxura dituena). Islamiarrak forma abstraktu eta arku txiki ugariren zale ziren kapitelak apaintzerakoan. Indian, Txinan eta Japonian, berriz, kanpaiaren itxurako kapitelak erabili ohi dira, loto landarearen edergarriz. Berant Erdi Aroko Europan, erromatarren joerari jarraitu zitzaion. Erromanikoaren garaiko kapiteletan, berriz, mamu itxurako animaliak eta antzekoak agertzen dira. Gotikoan, landare estilizazioa erabili zen berriz ere. Azkenik, Goiz erdi aroan, kapitela gutxiago erabiltzen hasi zen, eta beste arkitektura elementu batzuk landu ziren, gangataraino luzatzen ziren zutabe multzoak, besteak beste.