Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Ondasun-banantze



Ondasun-banantze erregimena

Ondasun Banantze Erregimenean bikoteko kide bakoitzarena da bikotea eratu aurretik dituen ondasunen jabetza, baita hura iraungi arte eskuratzen dituenak ere, hau da, bikoteko kide baten eta bestearen ondare pribatiboa bananduta daude.

Ondasun horiek erabili eta gozatzeko aukera ere dagokio; libreki administratu eta baliatu ahal izango ditu, eta horrek zera esan nahi du, ez duela behar bere bikotearen baimena haiek saltzeko, alokatzeko, oparitzeko, eta abar.

Bikoteko kideek bikote-harremanean sortzen diren gastu komunetarako laguntza eskainiko dute bikotearen kargei eusteko, eta euren baliabide ekonomikoen proportzioan egingo dute, bestelakorik ituntzen denean izan ezik.

Ondoko kasuetan zuzenduko ditu banantze-sistemak harreman ekonomikoak:

  • Bikoteko kideek propio itundu dutenean.
  • Lurraldeko zuzenbideak edo foru-zuzenbideak hala xedatzen duenean

Ondasun-banantze erregimenaren ondorioak

Ondokoak izango dira ondasun-banantze erregimenaren ondorio nagusiak:

  • Bikoteko bi kideek bikotearen kargak eusteni laguntzen dute, eta bestelakorik adosten ez badute, euren baliabide ekonomikoen proportzioan lagunduko dute.
  • Etxerako eginiko lana etxebizitzaren kargetarako ekarpentzat hartuko da, eta etxean lan egiten duen bikoteko kidearen alde konpentsazio ekonomiko bat onartzeko eskubidea ematen du; ondasunen banantze-erregimena iraungitzen denean finkatuko da arlo judizialean konpentsazio ekonomiko hori.
  • Bikoteko kide batek bestearen ondasunak kudeatzen baditu, mandatari-lanak betetzen dituela hartuko da kontuan, eta erantzukizunak eskatu ahal izango zaizkio jardun hori dela-eta. Administrazioari ez zaio ondasun horietatik lorturiko fruitu edo errenten konturik eman behar, betiere familiaren mantenurako badira.
  • Zorrengatiko ondare-erantzukizuna: Ondare desberdin eta independenteak daudenez, bikoteko kide bakoitzak hartzen dituen obligazioak haren kargurako dira soilik, eta haren ondareak soilik erantzungo die haiei, etxeko ahalmen arrunten (familiaren mantenua, elikadura, jantziak, laguntza medikoa, altzariak erostea, eta abar) jardunean harturiko obligazioak salbu.
  • Ondasun edo eskubide jakin bat norena den ezin bada zehaztu, biena erdibana dela hartuko da kontuan.
  • Bikoteko kide bat porrot-egoeran edo hartzekodunen konkurtsoan deklaratzen badute, aurkakoa frogatu daitekeenean izan ezik, aurreko urtean (edo porrot edo konkurtsoko deklarazioak atzeraeragiteak hartzen duen denboran) bikoteko beste kideak eskuraturiko ondasunen erdia porrotean deklaraturiko bikoteko kideari eman zaizkiola hartuko da kontuan.

Baina ondokoak behar dira banantze-erregimena bidezkoa izateko:

  • Bikoteko kideen hasierako ondareen arteko oreka-egoera, edo bien jarduera ekonomiko/profesionalak, betiere orekatuak badira eta euren diru-sarrera propioak izatea ahalbidetzen badiete.
  • Oinordekotza-sistema egituratzea, elkartzean alargun geratzen den kideak bere lagunak jaraunspenaren funtsezko kuota oinordetzan hartzeko duen eskubidea behar bezala babesteko, hura hondamen eta zorigaitzetik zaintzeko moduan.
Azken eguneratzea: 2010/06/14