Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila

Nazioarteko adopzioa

Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen kreditazioa eta funtzionamendua arautzen duen abenduaren 27ko 277/2011 Dekretuaren helburua da adingabeen nazioarteko adopziorako bitartekotzan diaharduten Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen akreditzaio-baldintzak, funtzionamendua, ekonomia- eta finantza-araubidea, eta kontrola eta ikuskapena finkatzea.

Horretaz gain, dekretuaren Xedapen Indargabetzaileak honako hau ezartzen du: indargabetu egiten da urriaren 28ko 263/2003 Dekretua, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen kreditazioa eta funtzionamendua arautzen duena; nolanahi ere, indarrean jarraitzen du dekretu horren lehenengo xedapen gehigarriak, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen EAEko Erregistroa sortzen duenak.

Erregistro hori Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko martxoaren 5eko Aginduaren bitartez arautzen da. NAELen Erregistroak honako bi atal hauek ditu:

Lehen atalean erakunde horien identifikazio-datu guztiak bilduko dira, baita haien gobernu- eta ordezkaritza-organoei buruzko beste zenbait datu ere. Atal honetako inskripzioek izaera eratzailea dute.

Bigarren atalean kexak eta erreklamazioak erregistratuko dira, NAELen erabiltzaileek detektatzen dituzten akatsak administrazioari jakinarazteko tresna gisa, eta administrazioak kexa eta erreklamazio horiei tratamendu sistematiko bat eman ahal izateko. Erregulazio horretan aurreikusten da Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizate Zuzendaritzaren bitartekaritza, NAELen eta pertsona erabiltzaileen arteko gatazkak konpontzeko balizko bide gisa.

Era berean, haurren eta nerabeen babesaren eremuan adopzioaren administrazio-alderdiak arautzen dituen haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea betez, adingabeen adopzioan Foru Aldundiek jarraitu beharko duten jarduteko prozedura arautzen duen ekainaren 17ko 114/2008 Dekretua argitaratzen da , eta, horrek, aldi berean, aldatu egiten du nazioarteko adopziorako bigarren espediente bat irekitzea salbuespen gisa baimentzeko prozedura onartzen duen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2004ko maiatzaren 3ko AGINDUA. Abenduaren 27ko 277/2011 Dekretuaren Lehenengo Azken Xedapenak  ere aldatu egiten du ekainaren 17ko 114/2008 Dekretua.

* NAZIOARTEKO ADOPZIOAREN ARLOKO LEGEDIA 

  • 3/2005 Legea, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko dena. Lege hau abenduaren 23ko 3/2009 Legeak aldatzen du

  • 277/2011 DEKRETUA, abenduaren 27koa, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen akreditazioa eta funtzionamendua arautzen duena.

  • AGINDUA, 2004ko maiatzaren 3koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, nazioarteko adopziorako bigarren espediente bat irekitzea salbuespen gisa baimentzeko prozedura onartzen duena.

  • AGINDUA, 2008ko martxoaren 5ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duena.

  • 114/2008 DEKRETUA, ekainaren 17koa, adingabeen adopzioan Foru Aldundiek jarraitu beharko duten jarduteko prozedura arautzen duena.

Azken aldaketako data: 2012/01/25